‘Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi?’ hitzaldian izango gara, Getarian

Hitzaldia martxoaren 4an izango da, 18:30ean, Zarautz jauregian.

2026-02-27 Albisteak

Artzape Euskaltzaleon Plazak antolatutako Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi hitzaldian izango gara martxoaren 4an, 18:30etik aurrera, Getariako Zarautz jauregian. Joxe Azurmendiren pentsamendua eta ekarria abiapuntu hartuta, gaur egungo garaia hobeto irakurtzeko gakoei buruz hausnartuko dute Haritz Azurmendi Arruek eta Mikel Urdangarin Irastorzak.

Bi pentsalariek dute lotura zuzena Azurmendirekin; batetik, Haritz Azurmendi Filosofian Lizentziatua eta Gizarte Zientzietan doktorea da 2019tik, Euskal Herriko Unibertsitatean. Tesian Joxe Azurmendiren nazio ideia aztertu zuen, hura nazionalismo ikerketetako teoriekin elkarrizketan jarriz. Gerora euskal pentsamenduan sakontzen jarraitu du eta euskararen historia soziala ere ikertu du. UEUko Filosofia sailburua eta Irakaskuntza masterreko irakaslea izan da. 2022tik Jakin-eko erredakzioko kidea eta proiektu arduraduna da. Kontseilu editorialeko kidea ere bada.

Bestetik, Mikel Urdangarin Filosofian graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta doktorea EHUko Joxe Azurmendi Katedraren baitan egindako tesiarekin. Bere ikerketa lerro nagusia subjektu ereduak izan dira, buruaskitasuna, zaurgarritasuna eta interdependentzia landuz, besteak beste. Zehazki, Joxe Azurmendiren gizabere kooperatiboa eta feminismoetatik mahaigaineratutako subjektu eredu zaurgarri eta interdependentea konparatu ditu, indibiduo buruaskiari kritika egin eta komunean den subjektua marrazteko. Horiek horrela, Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan liburua argitaratu zuen 2024an, Ur-jauzia bildumaren barruan. 2021ean, gainera, Simone de Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza liburua argitaratu zuen 2021ean, Jakin Irakurgaiak bilduman. Jakineko kontseilu editorialeko kidea ere bada.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan