2026-04-21 Albisteak
Ramón Grosfoguel (San Juan, Puerto Rico, 1956) Berkeley Unibertsitateko irakasle emeritua eta pentsamendu dekolonialaren sustatzaile nagusietako bat Euskal Herrian izan da. Bere egonaldia baliatuta, Cira Crespo historialari eta doktoreak elkarrizketa egin dio, eta «lokatzetan sartzeko batere ahalkerik» gabe aritu da Grosfoguel, ahobizarrik gabe.
Hainbat gai mahaigaineratu ditu pentsalariak, besteak beste, zibilizazio krisia, ezker inperialista eta deskolonizazioa. Esate baterako, Grosfoguelek Espainiako ezkerrari egin dio kritika: «Espainiako ezkerra inperioaren aurpegi atsegina da. Jende hori inperioa da; Espainiaren batasunaren alde daude. Antiinperialista yankiak dira, baina inperialista espainiarrak».
Euskal Herriko testuinguruari eta gizarteari buruz ere aritu da. Hala, adierazi du euskal gizartea «sozialdemokratizatu» egin dela: «Hau da, ezkerreko eta subiranotasunaren aldeko eskaerak alde batera uzten badituzu, kolonia administratzen duen elite bat besterik ez zara izango. Hori gertatu da Katalunian. Eta hemen, Euskal Herrian. Oso erosoa da kolonia administratzea. Dirua dago, soldata onak daude…».
Etorkizunera begira ere jarri da soziologo puertorricarra, eta deskolonizaziorako bidean, aliantza estrategikoa egitearen garrantzia nabarmendu du: «Nire ustez, Europa deskolonizatzeko eta Katalunia eta Euskadi deskolonizatzeko bidea aliantza estrategikoa egitea da. Zeinen artean? Bada, alde batetik, zapalkuntza nazional kolonialeko
historia batetik datozen herrien eta, bestetik, historia kolonialetik datozen herrien artean».
Irakurri elkarrizketa osorik, hemen: Ramón Grosfoguel: «Katalunia eta Euskadi deskolonizatzeko bidea aliantza estrategikoa egitea da»
