2025-01-31 Albisteak

Aurten 1.000 urte beteko ditu egungo Gipuzkoari lehen erreferentzia idatzia jasotzen duen dokumentuak. Iruñeko Antso III.a erregearen garaiko dohaintza agiri batek jasotzen du Ipuskoa hitza, Altzoko beste zenbait baserri aipatzearekin batera. Abiapuntu horrek, duela mila urteko Altzo eta Gipuzkoa ulertzeko testigantza bat dakar, eta altzotarren etorkizuna pentsatzeko baliatu nahi lukete. Horretarako, otsailaren 15etik martxoaren 29ra bitartean jardunaldiak prestatu ditu herri batzordeak. Bost ildo jorratuko dira jardunaldi ireki hauen bidez, eta horietako bitan hartuko dute parte Lorea Agirre eta Haritz Azurmendi Jakinkideek.
Gogoetarako bost lerroak:
1) Iruñeako erresumatik Euskal Herriaren gaurko egituraketara, eta etorkizuna (otsailak 15).
2) Altzoren egituratzea eta bilakaera: Altzo atzo, gaur eta bihar (otsailak 22)
3) Emakumearen eraikuntza historian, eta etorkizunari begirada (martxoak 15).
4) Sagarra eta sagardogintzaren garrantzia gure baserrietan, eta etorkizuna (martxoak 22).
5) Euskarak erakundeetan izan duen tokia, duena eta beharko lukeena (martxoak 29).
Otsailaren 15eko saioan Haritz Azurmendik gidatuko du Etorkizunean, estatus berria? galderaren bueltako mahai ingurua, Josu Narbarte Hernandez, Gaizka Aranguren Urrotz eta Maddi Alberdi San Martinekin.
Martxoaren 15eko saioan Lorea Agirrek bideratuko du Emakumearen irudia zimenduetatik eraberritzea mahai ingurua, Cira Crespo Cabillo eta Agurtzane Paz Crespo adituekin.
Antolatzaileek ondo esan bezala, «esaera zaharrak dio aurreak erakusten duela atzea nola dantzatu; zatoz eta begira diezaiogun joandako milakoari, eta hausnar dezagun datozen milak eraikitzen jarraitzeko». Jardunaldiak irekiak izango dira, interesa izan dezakeen edonorentzat.