2025-05-14 Albisteak

Mikel Urdangarin 2024an izendatu dute doktore, Joxe Azurmendiren pentsamendua egile feministen ideiekin lotuz osatutako tesiarekin. Horren lanketa xehatua dakar, Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan liburuan (Ur-jauzia bilduma). Hain zuzen, Joxe Azurmendik sinesten zuen pentsamendua bidean lotzen zitzaizkion ideiekin aberasten den korrontea dela, aberastu ahala indar biziagoz bidea egin eta lur gehiago zipriztintzera hel litekeela. Horren adibide ederra da beasaindarrak idatzi berri duen testua.
1964an garaiko korronte ideologiko indartsuenetakoa zen komunismuarekin alkar izketan hasi beharra aldarrikatu zuen Azurmendik berak, eta Urdangarinek orain feminismuekin alkar izketan jarri nahi izan du. Izan ere, egungo zehar lerro emankorrenetako bat izanik, feminismoak eta Azurmendiren obrak elkar entzun behar dute, eta elkar elikatu. Egileak auzi eta subjektu oro zeharkatzen dituen teoria-multzo kritiko, konplexu, aberats eta plural gisa ikusten du feminismoa, eta «Joxeren garai bateko izpiritu kritiko hori jarraitu eta ikusi, ikasi eta berritzea» bilatu du lan honetan.
Autore feminista zehatzetara jo du gizaberetxo kontzeptua lokailu hartuta, elkarrizketa bost lerrotan garatzeko: batetik, gorpuztasuna landu du, gizagai jaio eta kulturan egiten den abel gorputzari tiraka; -txo atzizkiari helduz, zaurgarritasun eta komunitatearen beharra landu du, interdependentea den gizakiaren irudia; aberearen naturarekiko lotura ekodependentziaren gogoetarekin harilkatu du; hizkuntzaren auzia Judith Butlerren hizkuntza eratzaileari eta interpretagarriari lotu dio; eta, azkenik, askatasunari heldu dio, estatugintza eta komunitategintza gatazkarik gabeko eremutik urrundu eta lokatzetara ekarriz. Bidean, Azurmendiren lana Donna Haraway, Judith Butler, Simone de Beauvoir, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Jule Goikoetxea eta Alaitz Aizpuru bezalako egile feministen gogoetekin jarri du elkarrizketan.
Gizaki eredua eta gizatasuna auzitan
Azurmendiren ustez, nazioak gizatasun oso bat eta komunitatea ulertzeko modua barne biltzen du, eta gizaberetxo kontzeptuan laburbilduta ikusten ditu Urdangarinek gako horietako zenbait. Bestelako egituretan ere gertatzen dela ohartu da egilea, egungo eredu ekonomikoaren bueltan, lege sorta bat ez ezik, «antropologia oso bat aurresuposatzen» delako, hau da, gizakia ulertzeko modu oso bat. Beasaindarraren ustez, «krisi garai honetan neoliberalismo patriarkala bera sekulako ahalegina egiten ari da gizaki mota hori birdefinitze aldera».
Horri begira, gizakia, askatasuna eta komunitatea ulertzeko gako interesgarri eta bateragarriak ikusten ditu Azurmendiren eta egile feministen lanetan, «eta, gainera, elkar elikatze horretan gizakia eta mundua ulertzeko eta bestela pentsatzeko, era bizigarriago batean pentsatzeko, gako oso interesgarriak eskaintzen dituzte».
Krisiak auzitan jarri duen eta kolokan dagoen gizaki eredua, gizatasun eredua birpentsatzeko sekulako potentziala duten pentsamendu ildoak bildu ditu Urdangarinek, beraz, elkarrizketa kritikoan elkar aberastuz. Ur-jauziaren hurrengo solairuan «utopia lokaztuak, burujabetza ulertzeko modu lurtarrak, poliedrikoak, bakea gatazken elkarbizitza gisa eta desberdintasunak aintzakotzat hartzen dituztenak» kabitu ditu, etor litezkeen korronte berriak elikatzeko.