2025-12-09 Albisteak
Jakinek, Badalabek, Kontseiluak eta TEKSek antolatuta, Marina Garcés filosofoaren Denbora bizigarri baterako. Ilustrazio erradikal berria eta promesaren denbora liburuaren aurkezpena egin dute Olatz Mitxelena Larreta itzultzaileak eta Garcések, Lorea Agirre Jakineko zuzendariarekin batera. Denbora bizigarri baterako da Jakin irakurgaiak bilduman argitaratutako azken liburua, eta bertan biltzen dira Garcésen bi liburu independente: Ilustrazio erradikal berria eta promesaren denbora. Agirreren arabera, gaur egungo gizartearen analisi «interesgarria» planteatzen du Garcések, zenbait galdera abiapuntu hartuta: «Zer egin multikrisia oinarri duen gizarte honetan? Nola jardun? Nola aktibatu? Nola militatu? Nola pentsatu?».
Mitxelenak azaldu duenez, «jakintzaren eta emantzipazioaren arteko harremanaz pentsatzera eramaten gaitu» pentsalariak, eta Garcések liburuan aipatzen dituen ilustrazio erradikal berriak «beharrezko» ikusten ditu «gaur egungo dogmen aurka egiteko». Hala, itzultzaileak «aterabidea edo argia» erakustea eskertzen dio filosofo katalanari: «nik eskertzen diot bere begirada eta posizio etiko eta politiko hori munduaz pentsatzen ari denean».
Era berean, Garcés «eskertuta» dago bere pentsamenduak euskarara ekarri ditugulako, eta aukera editorial bat baino gehiago, «aukera intelektual, filosofiko, kultural, politiko eta linguistiko gisa» hartzen du bere lanak euskarara itzultzea, nolabait, erakusten duelako hizkuntza ez estandarizatuen arteko harreman eta gertutasuna. Horrekin batera, pentsalariak nabarmendu du «filosofia beti dela pentsarazteko gonbidapena».
Liburuaren euskarazko itzulpena aurkezteaz gain, Haritz Azurmendi Jakineko kidea eta Leire Lison Badalabeko kidea aritu ziren Marina Garcesékin solasean. Azurmendi eta Lison, biak izan dira Euskararen gazte militantziak saioetako kide, eta horietan egindakoa azaldu dute: euskararen gazte militantziak gaur egun nola egin daitezkeen hausnartu. Saioetan, gainera, Denbora bizigarri baterako liburua izan dute hizpide, eta bertan lantzen diren ideietan oinarrituta, gazteek beraien promesak egin dituzte euskaltzaletasunari begira, Garcésen liburuan aipatutako gogoetekin lotuz.
Marina Garcésekin solasaldiak jarraituko du abenduaren 10ean, Tabakaleran, 19:00etan, Istripuaren aldian, denbora bizigarri baterako ekologia bat hitzaldiarekin.
