HamaikaTB

Marina Garcések Durangon aurkeztuko du ‘Denbora bizigarri baterako’ liburua

Jakinek, Badalabek, Kontseiluak eta TEKSek antolatuta, abenduaren 8an izango da aurkezpena, 16:30ean, Talaia aretoan.

2025-11-20 Albisteak

Marina Garcés filosofoaren Denbora bizigarri baterako. Ilustrazio erradikal berria eta promesaren denbora da Jakin Irakurgaiak bilduman argitaratutako azken liburua. Jakinek, Badalabek, Kontseiluak eta TEKSek lankidetzan kaleratu dugu, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dugu.

Olatz Mitxelena Larretak itzuli du pentsalariaren obra, eta biak izango dira Durangoko Azokan, Lorea Agirre Jakineko zuzendariarekin eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarekin batera, biek idatzi baitute liburuko hitzaurrea.

Jakin Irakurgaiak pentsamenduaren dibulgazioa eragin nahi duen bilduma da, oinarrizko testu eta irakurgaiak sortuz. Giza zientzietako, filosofiako eta pentsamenduaren historiako autore eta auzien aurkezpena eskaintzea da sailaren helburua. Garcések bilduman argitaratzen duen bigarren liburua da —lehenengoa Filosofia amaitu gabea da, hori ere Mitxelenak itzulia—, eta norberaren «desobedientzia epistemikoa armatzeko gramatika erradikal baten hainbat zantzu pentsagarri eta gauzagarri» dakartza bertan.

«Hitza hartzeko tenorea» dela dio Garcések: «engaiatzekoa, konfiantza izatekoa eta ematekoa; giza jakintza konpartitu eta askotarikoei lekua egitekoa». Eta horixe bera da abenduaren 8an, 16:30etatik aurrera Talaia aretoan egingo dutena: jakintza konpartitu. Izan ere, liburuaren euskarazko itzulpena aurkezteaz gain, hainbat esparrutako gazte militanteekin jardungo dira elkarrizketan.

 

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan