2026-03-18 Albisteak
Abenduaren 16tik 18ra egingo dugu Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua, EHUko Joxe Azurmendi Katedrarekin elkarlanean. Kongresuaren bigarren edizioa izango da; lehenengoa 2019an egin zen, eta Azurmendiren pentsamendua lantzeaz gain, komunitate bezala biltzeko ere balio izan zuen.
Kongresuko hitzaldiak oinarri hartuta argitaratu genuen 2020an Jakin 237-238 zenbaki monografikoa: Azurmendiren ekarpenaz eta euskal pentsamenduaz eman ziren hitzaldien aukeraketa bat biltzen du zenbakiak. Guztira hamasei artikuluz dago osatuta, gaikako sei ataletan banatuta: Nazioa, Etika eta politika, Gizaberea, Kooperatibismoa, Hizkuntza eta Zegama eta Arantzazu.
Horrez ga
in, 2021ean, Pentsamendu bat gure munduari. Joxe Azurmendi kongresua liburua argitaratu genuen, Ur-jauzia bildumaren barruan. Bertan, zenbaki monografikoan agertzen diren hamasei artikuluez gain, kongresuko beste 36 hitzaldi ekarri ziren idatzira, Azurmendi oinarri, abiapuntu edo inspirazio hartzen dituztenak.
Lehenengo kongresu horrekin osagarritasunean, Joxe Azurmendiren obra osoa Jakinen atari digitalean jarri genuen eskuragarri, eta, horrez gain, kongresuko hitzaldi guztien bideoak ikusgai jarri genituen Jakinen webgunean. Guztira 47 bideo daude ikusgai, eta aipagarria da kongresuko irekiera ekitaldia; bertan, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Nekane Balluerka orduko EHUko errektoreak, Jon Insausti orduko Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Joan Mari Torrealdai orduko Jakin Fundazioko lehendakariak, Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko filosofia irakasle eta Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak hartu zuten hitza, besteak beste.
Torrealdaik, esaterako, bi ideia nabarmendu zituen irekiera hitzaldian: batetik, Jakin taldeak Azurmendirentzat zuen garrantzia, eta, bestetik, euskararen hautuaren zergatia. Hala, azaldu zuen 60. hamarkadatik ordura arte, Azurmendi Jakinkide izan zela, «Euskal Herrian ala Alemanian, beti taldeko partaide aktiboa, hangoarekin hemengoa intelektualki aberastuz». Horrez gain, Azurmendirentzat Jakin zer zen adierazteko pentsalari zegamarraren hitzak erabili zituen: «Nire etxea jakin da dio berak. Intelektualki Jakin izan da nire etxea eta familia».
Aurten, zazpi urte beranduago, kongresuaren bigarren edizioa egingo dugu, aurrerapauso bat emateko asmoz: pentsalari zegamarra oroitzeaz eta haren lana aitortzeaz gain, euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez, egiturez eta azpiegiturez hausnartzeko tartea sortzea dugu helburu. Dagoeneko abian da kongresurako parte-hartze deialdia, eta proposamenak joxeazurmendikatedra@ehu.eus helbidera bidali beharko dira 2026ko uztailaren 15a baino lehen.
