Joan Mari Torrealdai bekaz, Jakingunean

Entzungai osorik Jakingunean.

2026-09-23 Albisteak

Amaitu da Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren edizioa, eta martxan da dagoeneko hirugarrena, euskara adierazkorra lantzeko bide berriak gaiarekin. Hirugarren edizioa izango du aurten Joan Mari Torrealdai bekak. Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio zen, Jakinek eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatuta, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan, etorkizunari so. Bigarren deialdiak eman duenari buruz aritu dira Aitor Servier eta Matilda Legardinier EHZko kideak, eta Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kideak eman ditu aurtengo edizioaren xehetasunak Euskadi Irratiko Jakingunean.

EHZko kideek, festibalaren 30. urteurrenak bekaren aurkezpen urtearekin bat egiten zuela ahalbidetuz aurkeztu zuten proiektua Joan Mari Torrealdai bekara. Proiektua hiru euskarritan garatu dute: dagoeneko aurkeztu dituzten podcasta eta liburua, eta urte amaieran kaleratuko duten dokumentala.

Aitor Servier EHZko kidearen arabera, proiektu bakoitzak du bere publiko, hizkuntza eta helburu propioa. Uhinen ildoan podcastarekin, EHZren «itzaleko alde hori» ekarri dute argitara –entzungai dago EHZren webgunean–. Dokumentalean, orainean zentratuko dira eta gaur egun EHZ antolatzen duen belaunaldiaren kezken inguruan arituko dira. Liburuaren kasuan, Matilda Legardinierrek azaldu du «garrantzitsua» zela haientzat aztarna fisikoa uztea eta «ukitu ahal zen zerbait sortzea».

Hirugarren edizioa, martxan

Hirugarren edizioari begira jarri da Haritz Azurmendi Jakineko kidea. Aurtengo Jakin Jardunaldian landutako gai bera izango du oinarri bekak: Euskara adierazkorra lantzeko bide berriak. Beti egiten da beka Torrealdaik jorratu zituen esparru nagusietan oinarrituta, eta hala da aurten ere, euskara bizi eta esanindartsua aldarrikatu eta elikatu baitzuen Torrealdaik. Horregatik, bekaren hirugarren edizioarekin euskararen eta, bereziki, euskaldunen esanindartzeko bideak, baliabideak eta estrategiak sustatu nahi dira: «Ze gako, ze tekla ukitu beharko genituzkeen gure adierazkortasun hori entrenatzen jarraitzeko eta, ahal bada, jauzi bat emateko hortan». Bereziki sustatu nahi da aurkeztutako proiektuek adierazkortasunari buruzko egiturazko gogoetak izatea abiapuntu, eta proposatutako emaitzek gizartean eta hiztunengan modu eraginkorrean hedatzeko forma izatea.

Deialdira banaka edo taldean aurkez litezke proposamenak, eta irabazleak 14.000 euro eskuratuko ditu 18 hilabeteko epean proiektua garatzeko. Proposamenak jmtbeka@jakin.eus helbidera bidali beharko dira urriaren 26a baino lehen.

Entzun erreportajea osorik, hemen: Aitor Servier, Matilda Legardinier eta Haritz Azurmendi, Joan Mari Torrealdai bekaz.

Irakurri bekaren deialdia osorik

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan