2026-05-14 Albisteak
2025eko Jakin Jardunaldian kooperatibismo eraldatzaileari buruz abiatutako gogoeta garatu dute Jakin-en azken zenbakian bildu diren adituek. Kooperatibismoak gaur egungo Euskal Herrian egiten duen ekarpena, eredu horren pentsamendu-oinarriak eta Euskal Herriko zenbait praktikak eskaintzen dituzten irakaspenak harilkatu dituzte, printzipio eta gogoeta teorikoenak eguneroko praktika eta ekimenekin lotutako azalpenekin konbinatuz.
Zenbaki honetan, Irantzu Pastorren azaleko argazkiak dakar gaiari buruzko lehen begirada. Jenofa Berhokoirigoinek Anna Gabriel kooperatibista kataluniarrari egindako elkarrizketa mamitsuaren ondoren, Enekoitz Etxezarreta, Arianne Kareaga, Ion Muñoa, Aitor Bengoetxea, Iker Eizagirre eta Beñat Irasuegiren ekarpenak datoz. Gogoeta horiekin batera, Euskal Herri osoko 14 proiektu kooperatiboren esperientzia sorta grafikoa jaso du monografikoak.
Zenbakiaren atarian, Jabier Muguruza musikari eta idazlea elkarrizketatu du Itziar Ugartek Jakin filosofatzen sailean, eta, zenbakia ixteko, Egunen gurpilean sailean, Yasmine Khris Maansri kazetari eta itzultzailearen estreinako lankidetza dator Jokin Bergararenarekin batera. Gure eskerrik beroenak Shu Oterori, azken bi urte hauetan oparitu dizkigun artikuluengatik.
Anna Gabriel: «Sistematik kanpo, burujabetzan aitzina egiteko espazioak irabazi behar ditugu»
Jenofa Berhokoirigoin Hirigarai
Anna Gabriel Katalunia Zentraleko ateneo kooperatiboko teknikariari egindako elkarrizketa honetan, Kataluniako esperientzia kooperatiboa aztertzen da: ekonomia sozial eraldatzailearen eta sektore publikoaren arteko elkarlana, publiko-komunitario-kooperatibo hirukia, antolaketa eredu horren indargune, zailtasun eta erronkak…
Kooperatibismo eraldatzailearen pentsamenduaren oinarriak
Enekoitz Etxezarreta Etxarri
Egungo kooperatibismo eraldatzailearen hurbilketa teorikoa proposatzen da kooperatibismoaren eta ekonomia solidarioaren erreferentzia ezberdinen perspektibatik, nagusiki erreparatuz horiek esparru komunitarioarekin ezarritako loturei.
Lankidetza publiko-kooperatiboa: eredu eta tresna praktikoa
Arianne Kareaga Irazabalbeitia
Lankidetza publiko-kooperatiboaren eredua aztertzen da, administrazioen eta kooperatiben arteko elkarlan egituratu gisa, interes orokorreko beharrak modu demokratikoan eta komunitarioan asetzeko. Ereduaren oinarriak, ezaugarriak, adibideak eta erronkak azaltzen dira, gobernantza partekatua eta tokiko garapen jasangarria indartzeko tresna gisa.
Herrigintza kooperatiboa herri-agintaritzatik
Ion Muñoa Errasti
Demokrazia liberalaren krisiaren testuinguruan, herri erakundeen eta gizarteko gainerako eragile eta herritarren arteko lankidetzarako hainbat gogoeta plazaratzen dira. Herrigintza kooperatiboa eta eraikitzailea helburu bada, elkarlan moduez ez ezik, zertarakoaz ere hausnartzea proposatzen da.
Kooperatibak komunitatearen zerbitzura jartzeko marko juridikoa Euskal Herrian
Aitor Bengoetxea Alkorta
Lankidetza publiko-komunitarioaren baitan, kooperatibek zerbitzu publikoak emateko aukera juridikoak aztertzen dira; aukera desberdinak esparru jakinetan (EAE, Nafarroa, eta Ipar Euskal Herria), eta baita Euskal Herri osoan ere.
Kooperatibismo bat lurralde burujabetzari begira: Hernani Burujabetik hausnarrean
Iker Eizagirre Zufiaurre
Lurralde Burujabetza aurkezten da, Hernani Burujaberen abaroan kozinaturiko trantsizio-proposamena, alegia. Horrekin, tesi hau defendatzen da: lurraldeak kooperatiba behar du burujabe izateko, eta kooperatibismoak lurraldea behar du bere potentziala askatzeko.
Herri Kooperatibak, praktikara eramandako ideia politiko bat
Beñat Irasuegi Ibarra
Euskal Herriko lurraldeetan zabaltzen ari diren proiektu kooperatibo, komunitario eta lurraldetuak azaldu eta sortzeko sistematizatutako ideia politikoa eta praktika multzoa da Herri Kooperatiba, eta horren definizioa, adibideak eta erronkak azaltzen dira.
Kooperatibismo eraldatzailearen esperientzia sorta
Kooperatibismo eraldatzailearen abaroan sortutako hamalau proiektu aurkezten dira. Euskal Herri osotik datozen egitasmo horiek hainbat eta hainbat jarduera mota jorratzen dituzte: telekomunikazioak, zaintza eta laguntza, abeltzaintza eta nekazaritza ekologikoa, ostalaritza, elikadura burujabetza, kultura, kooperatibagintza, energia, orotariko zerbitzuak, hezkuntza, merkataritza…
