2021-02-22 Albisteak
Gure gertuko historiaren protagonistei ahotsa ematen die Jakinek Historia bizia sailarekin. Oraingoan, Pilare Baraiazarra irakasle eta euskaltzalea elkarrizketatu du Miren Rubio Iturria kazetariak, luze eta zabal. «Erraldoi bat jartzen digu begien aurrean, borrokalari nekaezin bat, erresistentziaz harago, eraikitzen eman duena bizitza ia osoa». Hala dio Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. «Haien lana dago oraingo lorpenen oinarrian. Baina, agian, bidean, izenak eta gertatuak ezkutuan, jaso gabe geratu diren bezalatsu –edo hain zuzen horregatik–, lorpenena bai baina kontzientziaren transmisioa ez da zuzen iritsi eta sustraitu egungo euskararen errealitatera. Hor hari bat dago, ahopeka, garrantzirik ez balu bezala erdi ezkutuan doana. Bizitza bera eta euskararen bizitza sostengatzen duten emakumeak. Epika ez-epikoen heroi isilduak. Hor, bat, Pilare Baraiazarra».
Bestetik, Alexander Gurrutxaga Muxika EHUko irakasleak Xabier Leteri buruz idatzi du artikulua, Leteren trantsizio garaiko sorkuntza aztertzeko.
‘Pilare Baraiazarrari elkarrizketa’
Miren Rubio Iturria
Pilare Baraiazarra irakasle eta euskaltzalearen urratsen atzetik doanak ez ditu ohikotzat jotzen ditugun tempoak eta jokamoldeak topatuko. Bere bidea urratu behar izan baitu Baraiazarrak, beharraren eta gogoaren artean dantzan.
26 urterekin Meñakako baserria utzi eta batxilerra ikasten hasi zen. 30 urteren bueltan ekin zien irakasle lanei Donostiako Santo Tomas Lizeoan, eta lau bat urteren ondoren erabaki zuen euskal filologia eta irakasletza ikasiko zituela; aldi berean, lanean jarraitu zuen.
Hala ezagutu zuen Baraiazarrak 70etako Bilboko giro sozial, politiko eta kultural bizia. Irakasle zela, euskarazko materialgintzan eta didaktikan aritu zen: «Didaktikaren iraultza euskaratik etorri zen, euskara ezin zelako bestela irakatsi». Iraultza hori hauspotzen ahalegindu zen gero Barakaldon, euskara aholkulari gisa; Ezkerraldeko eskola publikoetan D ereduaren bultzatzaile nagusietakoa bihurtu zen: «Ezkerraldean klase kontzientzia muineraino sartuta zuten. Horregatik, eurek ere euskaraz ikasteko eskubidea zutela garbi zuten, eta eskubide hori aldarrikatzen zuten». Zigorra ere jaso zuen horregatik, lanpostua uztera behartuta.
Urrats horien atzetik aritu da Miren Rubio Iturria kazetaria, Historia bizia atalerako. Elkarrizketa luze eta sakona egin dio Baraiazarrari, Pilareren euskararen aldeko borroka nekaezina jasotzeko.
‘Ihesa zilegi balitz: Xabier Lete eta trantsizioko poetikak’
Alexander Gurrutxaga Muxika
Xabier Lete sortzaileak trantsizio garaian (1975-1982) intelektual gisa izandako ibilbidea eta krisia aztertu ditu Alexander Gurrutxaga Muxika EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasleak, Urrats desbideratuak (1981) liburua mugarri hartuta: «Une historiko jakin bateko bizipen pertsonal nahiz kolektibo gordinen isla poetikotzat irakur daiteke».
1978tik aurrera etsipena nagusitu zitzaion Leteri, dioenez, eta taula gainetik aldentzea erabaki zuen: «Publikoaren zati batek eskatzen zuenera makurtu nahi ez, eta, uko egin zion aukera horretara errenditzeari», beste hainbat artistek nola. Leteren etsipen eta min horien disekzioa egiten du artikuluan Gurrutxagak, poemetan oinarrituta eta kontestu historikoari erreparatuz. Gakoak baitira ondorengo sorkuntza lanak ulertzeko, Gurrutxagaren iritziz: «Belaunaldi horrek gerora –80ko hamarkadaren amaieratik aurrera eta, bereziki, 90etan– bereganatutako zenbait jarrera eta ildo estetiko trantsizio garaiko gertakariek sortzaile horiengan eragin zituzten zauriak sendatzen saiatzeko erantzunak dira».