miren artetxe

Jakin 233-234: ‘Maitasuna politikoa da’ monografikoa

2019-11-12 Albisteak

https://www.youtube.com/embed/6a7GpfRVNWk

Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertzen du Jakinen 233-234 zenbaki bikoitzak. UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin lankidetzan antolatutako Jakin Jardunaldiak dira ‘Maitasuna politikoa da’ monografikoaren abiapuntua. Bertan parte hartutako bederatzi hizlariek artikulu bana osatu dute, eta beste bi aditu –Zaloa Basabe Gutierrez eta Irati Mogollon Garcia– batu zaizkie.

Horretaz gain, Joxe Azurmendik naziotasunaren gainean eraiki duen pentsamenduaren hitzak eta giltzak jaso ditu artikuluan Haritz Azurmendi Arrue filosofoak, bere tesia oinarri hartuta eta abenduan Donostian egingo den Joxe Azurmendi Kongresuaren atariko.

 


‘Maitasuna maitasuna baino askoz gehiago da’

Lorea Agirre Dorronsoro

Egungo maitasunaren ideologiaren oinarriak zedarritu ditu Lorea Agirre Dorronsoro kazetariak eta Jakineko zuzendariak. Izan ere, «maitasuna kontrol sozialerako tresna dela gero eta argiago ikusten da, eta baita familia nuklear tradizionala eta patriarkatua iraunarazteko egitura garrantzitsuena ere». Maitasun erromantikoa gero eta hegemonikoagoa da, gainera, postmodernitateak zalantzan jartzen badu ere. «Maitasunari erreferentzia egiten dion unibertso sinbolikoa gero eta handiagoa da, gero eta ugariagoa, maitasunaren eta kontsumoaren arteko harremana gero eta estuago izan dadin». Ildo horretatik aztertzen ditu Agirrek meritokrazia, ezkontza, militantzia, afektibitatea, amatasuna… beste maitasun eredu bat posiblea dela esateko: zaintza erdigunean izango duen maitasuna.

 

‘Maitasuna erdigunetik kanpo. Maitasun-ideologia arrozteko dekalogoa’

Mari Luz Esteban

«Mendebaldeko gizarteetan hedatuen dagoen mezua da maitasuna sentimendurik puruena, gorenena dela, barru-barrutik sortu eta gizaki moduan nor egiten gaituena». Hala dio Mari Luz Esteban EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak. Maitasun-ideologia hori auzitan jartzeko eta «maitasuna arroztu ahal izateko dekalogo» bat proposatu du: pentsamendu monogamoaren ‘fedeari’ aurre egin behar zaio; emakume ezkongabeen historia berreskuratzea proposatu du bestelako loturak eta elkarbizitza bideak bere horretan aitortu ahal izateko; maitasun ez-erromantikoa fikzionatzea ere beharrezkotzat jo du «maitasunaren ideologia hegemonikoari kritika egiteko»; edota maitasuna birkokatzeko harremanen eta espazioen artekotasunari erreparatzea garrantzitsua dela dio, besteak beste.

 

‘Amatasunaren politizazioa: atzo, gaur eta bihar’

Zaloa Basabe Gutierrez

Amatasunen ikuspegi politiko bat eskaintzen du artikuluan Zaloa Basabe Gutierrez Iruñeko Udaleko Berdintasun Alorreko koordinatzaileak. Azkenengo hamarkadetan feminismotik egindako hainbat ekarpen aztertu ondoren, ama/emakumea binomioaren, bizitza pribatu/publikoaren eta amatasunaren esperientzia/instituzioaren gainean hausnartu du. Etorkizuneko erronkei ere heldu die, esaterako: «nekez lortuko ditugu amatasunaren praktika iraultzaileak, baldin eta gure planteamendu indibidualak ez badoaz lotuta amatasuna erakunde gisa eta patriarkatuaren bizkarrezurra den heinean higatzera eramango duen estrategia kolektibo batekin».

 

‘Maitasunaren ideologia eta hirigintzaren arteko lotuneak’

Oihane Ruiz Menendez

Maitasunaren ideologiaren eta hirigintzaren arteko harremanak aztertu ditu Oihane Ruiz Menendez arkitektoak eta hirigintza eta genero inpaktuan adituak. Izan ere, «formak eta funtzioak planteatzen direnean, etxeetan, auzoetan, hirietan eta lurraldean ideologia bat edo bizitzeko modu edo egitura bat islatzen dira». Horregatik, egungo hirigintzak «eredu kapitalista eta patriarkalak behar dituen funtzioei erantzuten die». Horren aurrean, zaintzari eta giza harremanei erreparatuko dien arkitektura eta tresna berriak behar direla defendatzen du.

 

‘Zaintza arkitekturei hurbilpena. Etxebizitza kolaboratiboak eta zahartzaro aktibista’

Irati Mogollon Garcia

Populazioaren zahartzeak dakartzan erronkei begira ipini da Irati Mogollon Garcia EHUko Soziologia II Saileko doktoregaia: «ezinbestekoa da zahartze aktibotik zahartze aktibistarako jauzia egitea». Horretarako, hiriguneetako oztopoak eta adinekoek jasaten duten adinkeria eta zaintza-karga aztertu ditu. Horri aurre egiteko, etxebizitza kooperatiboak proposatu ditu, Europako beste herrialdeetako esperientziak abiapuntu hartuta.

 

‘Arkitektura eta sexualitatea’

Leire Milikua Larramendi

Bartzelonako CCCBn antolatutako 1.000 m² desira. Arkitektura eta sexualitatea erakusketaren gakoetako batzuk landu ditu Leire Milikua Larramendi agroekologian eta genero berdintasunean unibertsitate espezialista den arkitektoak. Historian zehar egindako «utopia sexualak» jaso zituen erakusketak, eta horien bidez espazioaren, ideologien eta jokabideen inguruko hausnarketa proposatu zuen. «CCCBko erakusketak agerian jartzen du arkitekturaren jarduna gizonen eskuetan egon dela nagusiki, eta, ondorioz, gozamenerako proposatu izan diren espazioak gizonezkoen desira eta fantasietatik abiatuta imajinatu direla».

 

‘Kultura afektiboaren arkitektura’

Ula Iruretagoiena Busturia

Maitasunaren ideologiaren eta gure etxe eta kaleen arkitekturaren arteko harremanari erreparatu dio Ula Iruretagoiena Busturia arkitektoak eta EHUko irakasleak. «Gizartearen bizimoduari forma emateko erabakietan arkitektura inplikaturik dagoenez, automatikoki baiezta dezakegu arkitektura egitea politika egitea dela». Ikuspegi feminista batetik helduz gero, gainera, zera ondorioztatu liteke: «eraikitzeko modu horrek bazterketa eta menderakuntza egoera aunitz ekartzen dituela, eta espazioari forma emateko begirada mugatuegia eta sinplifikatuegia dela». Elkar baldintza hori arakatu du etxeen iruditeria nahiz espazio publiko eta pribatuaren esanahia aztertuz, besteak beste.

 

‘Emakumeak errekadutan: kalea eta elkar babesteko sareak ehuntzen’

Jone Arrazola Maiztegi

XX. mendeko merkataritzaren etnografia feminista bat eskaintzeko, Oñatiko merkataritza aztertu du Jone Arrazola Maiztegi gizarte eta kultura antropologoak. Izan ere, merkataritza ahalduntzeko espazioa izan da emakumeentzat, dioenez: «maitasun erromantikoaren egituretatik kanpo kokatu zirenek, borondatez edo halabeharrez, merkataritzan tokia izan zuten, batez ere XX. mendeko lehen erdian, tokia, bizirauteko, ekonomikoki zein afektiboki». «Esan daiteke dendetan emakumeek identitate propioa zein kolektiboa gorpuztu dutela».

 

‘Haurrak herriak eraikitzen. Etorkizuneko hiritarrak vs gaurko herritarrak’

Nora Salbotx Alegria

Baztango Herri Hezitzaileak esperientzian oinarrituta, haurrak subjektu politiko gisa hartzea proposatu du Nora Salbotx Alegria hezkuntza aholkulari eta Amaiurko eskola txikiko maistrak. Haurren begiradak bestelako ikuspegia baitakar: «Jendarte orekatu eta justuagoa lantzera datorren proposamen sendoa litzateke, gure ohiko antolaketaren egiteko moduak zein aldarrikapen zahar eta berriak bere egiten dituena; auzolana, parte hartzea, batzarra, komunitatea, euskalgintza, herrigintza eta feminismoa. Tradizionalki herrigintzako eragile eta kolektibo gisara aitortu izan diren horien multzoari haurren hitza gehitzeko beharraren aldarria dakarrena».

 

‘Espazio publikoa eta giza harremanak’

Jone Miner Aginaga

Orain arteko hirigintza-tresnak berrikusi behar dira, Jone Miner Aginaga arkitektoak eta hirigintza jasangarrian eta efizientzia energetikoan adituak dioenez. «Industrializazio garaitik datorkigun hirigintzak erabileren segregazioa eta espazio publikoaren funtzioen galera ere ekarri digu, eta horrek ondorio zuzena izan du giza harremanetan: gizarte kolektiboaren kaltetan, gizarte pribatua indartu da». Hirigintza ekologikoa baliagarria izan litekeela uste du Minerrek, eta, bide horretatik, Usurbilen azken urteetan garatzen ari diren hainbat plan eta proiektu laburtu ditu artikuluan.

 

‘Etxebizitza eredua auzitan jartzen’

Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa

Donostiako Abaraska Etxebizitza Kooperatiboak bere proiektuaren ildo nagusiak aletu ditu artikuluan. Horretarako, elkarbizitza, publiko/pribatuaren ulerkera, zaintza nahiz harremantze ereduak ekarri ditu eztabaidara. «Elkarbizitza eredu komunitarioago baten aldeko apustua da gurea: badu autogestiotik, eta lurraldearen eskala txikiarekin saretzea bilatzen du. Baina, aldi berean, egun daukagun arazo larrienetako bati, etxebizitza eredu tradizional, indibidualista eta merkantilista honi aurre egiteko, administrazioaren inplikazioa exijitzen du».

 


‘Joxe Azurmendiren abertzaletasun kulturala’

Haritz Azurmendi Arrue

Joxe Azurmendi filosofoaren nazio ideia aztertu eta Nazionalismo Ikerketetako eztabaidekin erkatu ditu Haritz Azurmendi Arrue filosofian doktoreak. Konparaketaren bidez, Azurmendiren gizakiaren ulerkera, kulturaren eta hizkuntzaren oinarriak zein nazioaren eta abertzaletasun kulturalaren azalpenak zedarritu ditu. «Horrela, agian, pixkanaka, iritsiko gara ulertzera hizkuntza Azurmendirentzat ez dela sinbolo bat aurretiazko nazioarena edo; naziokideek partekatzen duten erreferentzia sistemen eta harremanen espazio baizik, subjektu bat bere baitan, eragilea bere baitan».

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan