2026-05-06 Albisteak
Euskararen pizkunde berrirako «beste txinparta bat» iragarri du Euskalgintzaren Kontseiluak: ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxa. Azken hamarkadetako berreskurapen zikloarekin batera, atzeraldia etortzeko arriskua ere agertu dela adierazi du Kontseiluak, eta horren adibide dira, esaterako, «euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak eta euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatua».
Egoera horren aurrean, milaka euskaltzale elkartu ginen abenduan Bilbon, «euskarari etorkizun berri bat emateko» asmoz. Bide horri jarraipena emanez, oraingoan, Iruñeko kaleak hartzera deitu gaitu Euskalgintzaren Kontseiluak, «euskaraz bizitzeko baldintza errealak» eskatzeko eta «pizkunde berri baterako txinparta» izateko. Aldarrikapenerako eguna izango da, beraz, ekainaren 13a, «euskaltzaleok antolatzeko beste urrats bat». Izan ere, euskararen normalizazioa eta biziberritzea «eraldaketa sozialeko prozesua» da, eta, beraz, berebizikoa izango da herritarren inplikazioa eta indar sozial antolatua.
Egun horretan, euskaltzale guztien bilgune bilakatuko da Iruñea, eta Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko dituzte. Goizean zehar kaleak girotzeko ekimenak egingo dituzte Iruñeko eragile ezberdinek, eta 17:00etan abiatuko da Martxa, hiru puntu desberdinetatik: Antoniutti, Runako Parkea eta Askatasun Enparantza.
Zutabe bakoitzak euskararen pizkunderako ezinbestekoa den oinarri bat ordezkatuko du: lehenengoak, euskarak Euskal Herriko lurralde guztietan ofizialtasun osoa izan dezala aldarrikatuko du; bigarrenak, hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz, erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko ditu; eta, hirugarrenak, euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko du. Hiru zutabeek 18:00 aldera egingo dute bat Gazteluko Plazan, eta bertan egingo dute ekitaldi politikoa, amaiera «berezi» bat emanez.
Ekainaren 13a «mugarri» izatea nahi dute antolatzaileek: Iruñea euskaltzaleen bilgune bihurtzea, «elkarrekin harrotzeko eta pozteko» gunea izatea, eta «larrialdi linguistikotik indarraldira» igarotzeko unea izatea.