Elkar saria jaso du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak

Behatokiak 2001etik egin duen lana aitortu nahi izan du Elkarrek. Joseba Jaka beka, aldiz, Javier Andradak, Xabier Etxeberriak eta Maria Reyesek jaso dute.

2026-05-07 Albisteak

Atzo banatu zituzten Elkar sariak, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. 2016tik, urtero ematen du Elkar Fundazioak Ibilbideari saria, kolektibo batek urte luzez egindako lana nabarmentzeko xedez. Aurten, Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eman diote saria, elkarteak 25 urteotan egin duen ekarpena «garrantzi handikoa» izan baita.

Euskalgintzaren Kontseiluak 2001ean sortu zuen Behatokia, euskaldunek dituzten ezintasunei bide emateko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko. Egindako lan guztia aitortu nahi izan dio Elkar Fundazioak erakundeari, eta, sariarekin, aukera zabaldu nahi izan du haren lana ezagutzera emateko. Besteak beste, antolatzaileek nabarmendu dute elkarteak hizkuntza eskubideen kontzeptua bera gizarteratzen egin duen lana; izan ere, «gaur egun edonork ulertzen du hizkuntza eskubideak giza eskubideen atal bat direla eta edozein hizkuntza komunitatek dituela bere eskubideak: euskaldunak euskaraz bizitzeko eskubidea duela». Horrez gain, Behatokiak laguntza eta zerbitzu bat eskaintzen die herritarrei, «haien kexak bideratzen saiatuta euskaraz aritzeko muga izan dutenean, eta ahalduntzeko tresnak eman dizkie». Azkenik, herritarren eskubideak urratu direnean, Behatokiak eragin egin du, batetik, neurriak har daitezen, eta, bestetik, «administrazioak hartu beharreko erabakietan hizkuntzak bere lekua izan dezan».

Behatokiaren izenean, Agurne Gaubeka zuzendariak eta Garbiñe Petriati teknikariak jaso zuten saria, eta azaldu zuten 25 urteotan ia 27.000 intzidentzia kudeatu dituztela: «Mende laurden horretan, dokumentatuta utzi ditu euskaraz bizitzeko ahaleginean herritarrek aurkitu dituzten ezintasunak, oztopoak, jasan dituzten zapalkuntzak, nahigabeak, amorruak… baina baita herri honen ekimenez abiatutako borrokak, aldaketak eta eragiteko ahalmena badugula erakutsi diguten kasuak». Horrekin batera, eskerrak eman zizkioten euskararen komunitateari, eta nabarmendu zuten saria euskararen komunitateari dagokiola, «hizkuntza eskubideak norbanakoenak eta kolektiboak baitira». Azkenik, herritarrei ere dei egin zieten: «Jarraitu dezagun geure buruak ahaldundu eta antolatzen, jarraitu Euskararen Telefonoa erabiltzen eta gogoratu ekainaren 13an euskaraz bizitzea aldarrikatzeko Euskaltzaleon Martxa izango dugula Iruñean».

Ibilbideari saria ez ezik, Joseba Jaka beka ere eman zuten, kultur sormen bat laguntzeko bi urtetik behin banatzen dena. Javier Andrada Guerrerok,  Xabier Etxeberria Garrok eta Maria Reyes Olloquik jaso zuten 10.000 euroko beka, Super Mario hil behar dut komikia egiteko. Besteak beste, proposamen «ausarta» dela nabarmendu dute antolatzaileek: jazarpen digitala bezalako gai «serio» eta «tragikoak» lantzen dituztelako, baina «umorez zipriztinduta»; izan ere, «umore beltza, emozio gordinak eta thriller tonua uztartu dituzte abilezia handiz».

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan