2025-11-07 Albisteak
Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza liburua argitaratu berri du Garbiñe Ubeda grafista, idazle eta kazetariak. Aleka bildumako 16. zenbakian, Martxelo Otamendiren ibilbidearen errepasoa egin du Ubedak: ikasle euskaldun baina oraindik euskaltzale ez zen garaia, euskalgintzan eta komunikazioan emandako lehen pausoak, Egunkaria-n zuzendari hasi zenekoa, eta egunkari horren itxiera.
Bertsolaritzan gai-jartzaileak nola, hala ibili da Ubeda, Otamendiri gaiak emanez, haren ibilbidea liburu formatuan jasota uzteko. Hala, liburua «biografia xamur bat» dela nabarmendu du Ubedak, Otamendiren ikuspegitik kontatuta dagoena, eta garai bat eta kazetaritzaren etapa bat jasotzen duena. Izan ere, batez ere kazetaritzaz aritu da Otamendi liburuan. Konplexurik gabe aritzeko kazetaritzaz. Handira jotzeko kazetaritzaz.
Martxelo Otamendiren bizitzaren errepasoa egiteaz gain, bere bizitzaren errepasoa ere egin du Garbiñe Ubedak liburua ontzen ari zen bitartean, toki askotan egin baitute topo. «Eta polita izan da hori dena gogoratzea».
Idazketa prozesuaren nondik norakoak eta egindako zenbait hausnarketa kontatu ditu Ubedak Euskadi Irratiko Jakingunean.
Entzun erreportajea osorik: Garbiñe Ubeda, ‘Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza’ liburuaz
