Euskarazko ahozkotasuna hizpide, ‘HEFAn dabilen pentsamendua’ zikloko lehenengo saioan

'Hiztunak trebatzen dituen eskola' izango da lehenengo mahai ingurua, azaroaren 12an.

2026-10-27 Albisteak

Azaroaren 12an itzuliko da Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatera HEFAn dabilen pentsamendua mahai inguru zikloa. Ikasturteko lehenengo saioa HEFA II-ko 2.8 gelan izango da (Donostia), 13:15ean, eta hezkuntzatik abiatuta, euskarazko ahozkotasunari hainbat ertzetatik helduko diote.

Ahozkotasuna lantzeko testuinguruez, premiez eta estrategiez ariko dira Jon Martin, Inma Muñoa eta Rosa Ramos, Beñat Sarasolak gidatuta. Hiru hizlariak lehendik ere arituak dira gai horren inguruan pentsatzen. Jon Martin, esate baterako, bertsolaria, idazlea, abeslaria da, eta kazetari eta gidoilari lanetan ere aritzen da. EHUko Hizkuntzaren eta Literatura saileko ikerlaria ere bada, LAIDA ikerketa taldean.

Bestetik, Muñoak Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Soziolinguistikaren inguruko gradu ondoko ikasketak egin zituen Illinois Urbana-Champaign Unibertsitatean. 2001az geroztik, Ikastolen Elkartean egiten du lan, eta, gaur egun, bertako Hizkuntz Egitasmoak taldeko kide da, baita ikasmaterial-egile eta irakasle-formatzaile ere. Horrez gain, UEUren Irakasle masterreko irakasle eta BAT Soziolinguistika Aldizkariko argitalpen batzordeko kide ere bada.

Azkenik, Ramos Euskal Filologian lizentziaduna da, eta soziolinguistika arloan aditua. Tokiko administrazioko euskara teknikaria izan zen 1989. urtetik 2021. urtera, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatean, Garesko Udalean eta Berriozarko Udalean. Zenbait argitalpen ere kaleratu ditu Hizkuntza Plangintzari buruz, Nafarroako egoera demolinguistikoari buruz eta euskararen biziberritze prozesuari buruz. Soziolinguistika irakasgaia irakatsi zuen EHUko Euskalduntze eta Alfabetatzerako Graduondoan eta, hainbat urtez, UEUko Soziolinguistika Saileko kide izan zen. 2022an sortu zuen Uharri Soziolinguistika Aplikatua proiektua, euskararen erabilera eta sustapena lantzeko.

Zikloaren asmoa da gizartean puri-purian dauden auzi eta kezkak mahaigaineratzea eta horiei buruzko eztabaidak sortzea. Aurreko ikasturtean bezala, hiru mahai inguru antolatuko ditugu guztira, filosofiaz, antropologiaz eta hezkuntzaz hausnartzeko.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan