miren artetxe

Erru-dantza

2021-02-22 Bloga

Bideoa

Arratsalde ilun, euritsu eta pandemiko batean ikusi dut bideoa. Familia nuklear prototipikoa ageri da: ama, aita, alaba eta semea. Afaltzen ari dira. Hizkuntza ohiturei buruzko bideoa denez, erakusten diguten egoera ere nahiko tipiko eta topikoa da: gurasoek euskaraz hitz egiten diete haurrei euren artean gaztelaniaz mintzo diren bitartean. Oherakoan neska-mutilen artean gaztelaniaz ari direla entzun du amak eta errieta egin die: «euskaraz egin!».

Hurrengo eszenan istorioaren protagonistak diren gurasoak beste ama batekin hizketan ageri dira. Eskola atarian daude eta haurren hizkuntza ohiturak dituzte mintzagai. Protagonistak kezkatuta daude. Seme-alaben arteko elkarrizketa asko gaztelaniaz direla konturatu dira, eta ez dakite zein den horren zergatia: ETB1 eta ETB3 ikusten dute, liburuak euskaraz irakurtzen dituzte, eskolan euskaraz ikasten dute… Ez dutela ulertzen diote gaztelaniaz hitz egiten ari diren guraso horiek. Beste amaren harridura aurpegiarekin amaitu da bideoa.

Mezua ez dela berria pentsatu dut: gurasoak eredu dira, gurasoek egiten dutena egingo dute seme-alabek, bikotekideen artean euskaraz egitea da giltza, guk hitz egiten ez badugu haurrek ez dute hitz egingo… Mezua zaharregia ez ote den ere pentsatu dut: zure eginbeharra da, zure ardura da, zure errua da…

Errua errun duen erruduna

Bideoa ikusi dudan egun berean, Harkaitz Canok idatzi eta Pettik musikatutako abesti baten izenburua duen artikulua, Errurik gabeko habia, irakurri dut Berria egunkarian. Abestiaren lehen zatiak honela dio:

Errua errun duen oiloa zara:
zure errua, zure pozoia, zure bazka.
Errua errun duen oiloa zara.
Maldan behera zoaz, erruberari bultzaka;
erru ezberdina da erru bera.
Erruak dakar erru-dantza;
erruak soilik du erruaren antza.
Zer izan zen lehenago, errua edo arrautza?
Eta errurik ez balitz? Bizitza balitz habia?
Dena bere kabuz balebil? Kulparik hona ez ekarri,
nirekin ez konparti…

Artikulua Ana Galarragak idatzi du (eskertu beharra dago Galarraga eta beste zenbait zientzialari eta kazetari pandemiaren inguruan euskaraz informatzeko egiten ari diren lana). Koronabirusaren pandemia uzten ari den alderdi sozial bati buruz mintzo da, eta testuaren hasieran Felix Zubia medikuaren hitzak ekarri ditu:

Pandemia edo izurrite batean, ardura kolektiboa da, beti; bakoitzari dagokion mailan, baina ez pertsonala. Birusa ustekabean kutsatzen da, sintomarik gabeko pertsona askok zabaltzen dute, eta ez da pertsona batek egin duen akats baten ondorio. Denok gure bizimoduarekin zabaltzeko arrisku handia dugu. Oso zaila da arrisku hori murriztea behin puntu batera iristen denean; eta, beraz, ez dezala errurik sentitu, ez du pertsonalki ezer gaizki egin. Hau gizarte oso baten arazoa da, gizarte oso baten ardura.

Osasun eta zaintza kontuak bezala, gutxiagotutako hizkuntzen indarberritze prozesuak ere auzi komunitarioak dira, nahiz eta, maizegi, erruduntasun pertsonala azpimarratzen duten diskurtsoak gailentzen diren. Horregatik argigarria iruditu zait Galarragak artikuluan egiten duen hausnarketa:

Baina erruaren eta lotsaren zama, banakoetan ez ezik, gizartean ere nabaritzen da. Horregatik, irtenbidea ere ezin daiteke norbanakoetara mugatu. Komunitatean aurre hartu behar zaio, erruduntasuna eta estigma eragiten duten mekanismoak identifikatuz eta eragotziz. Azken finean, agintariek eta komunikabide handiek bideratutako mezuek adinako eragina izan dezakete ahoz aho eta sare sozialen bidez hedatutakoek, ingurune hurbilean zein zabalean.

Esaera zaharraren arabera, «aurreak erakusten du atzea nola dantzatu»; baina euskarari lotutako erru-dantza martxan jarri ordez, bakoitzak duen tokia eta ardura zein den begiratu eta hortik abiatuta koreografia kolektiboa dantzatzeari ekin beharko genioke. Jendarterik gabeko erru eta ardurak inora eramango ez gaituzten abstrakzioak baitira. Zaila baita maldan behera etengabe doan errubera bakarka gelditzea.

Zilborrari begira

Erruduntasun indibidualeko diskurtsoak dira razionaltasun neoliberalaren adiera argienetako bat. Eduardo Apodakak eta Jordi Moralesek argitaratu berri duten ‘La gobernanza lingüística en la Comunidad Autónoma Vasca: racionalidad neoliberal y demandas comunitarias’ (Hizkuntza-gobernantza Euskal Autonomia Erkidegoan: razionaltasun neoliberala eta eskari komunitarioak) izenburua duen artikuluan ondo azaltzen dute razionaltasun neoliberal hori egungo razionaltasun hegemonikoa dela, «munduaren arrazoi berria»: lehia printzipio unibertsal eta natural gisa ezartzen duten diskurtso, praktika eta dispositiboen multzoa.

Artikuluan, hizkuntzaren ideologiak eta euskararen normalizazioaren diskurtso eta praktikei zentzua eta zilegitasuna ematen dieten razionaltasunak aztertzen dituzte. Azken hamarkaden errepasoa eginez, hizkuntzari buruzko bi jarrera ideologiko deskribatzen dituzte. Batetik, hiztunak eta hizkuntzak baliabide eta konpetentzia pertsonal gisa ikusten dituen diskurtso instituzionala, eta, bestetik, hizkuntza egitura eta jarduera komunitariotzat hartzen duen euskalgintzaren diskurtsoa.

Apodaka eta Moralesen azterketaren arabera, administrazio-erakundeen diskurtso hori razionaltasun neoliberalarekin bat datorren diskurtsoa da, non hizkuntza-politiken hartzaile onargarria hiztun indibiduala den. Hiztun horrek nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko eskubidea du, eta aukera ahalmen hori zerbitzuen eta produktuen kontsumoaren bidez kodetzen da. Ikuspegi horren arabera, beraz, administrazioaren eginbeharra norbanakoaren erabilera-hizkuntzaren aukeraketan berdintasuna bermatzea da:

Horregatik, esaten da hizkuntza-arloko esku-hartzeak eta politikak beharrezkoak direla. Hizkuntza-merkatu librea antolatu, sustatu eta bermatu behar da, lehiakorra baina orekatua, «elebitasun orekatua». Baina, hizkuntza-merkatuaren metaforaz harago, esku-hartze politikoak ez du ordezkatu behar benetako merkatua, lehia da kultura-ekoizpen «emantzipatu eta normalizatua» (kalitatekoa, erakargarria, erreferentziala, etab.) arautzen duen mekanismoa.

Hiztunaren esku uzten da, azken batean, hizkuntza-egoeraren erantzukizuna eta hizkuntza-politiken arrakasta edo porrota. Hizkuntza aukeratzeko askatasun formal horrek hiztuna bihurtzen du egoera soziolinguistikoaren arduradun; razionaltasun neoliberalaren diskurtsoak gidatzen du hizkuntzen gaineko iruditeria:

Kasu honetan, razionaltasun neoliberalak, funtsean, gaitasun eta xedapen psikosozialak indibidualizatu eta abstraitu egiten ditu jendarte-egoeretatik; beraz, xedapen pribatuak dira, kalkulu ekonomikoaren eta aukera pertsonalaren auzia, baina baita zeharkako erregulazioaren eta gobernantzaren auzia ere. Ondorioz, hizkuntzen bizitza soziala eremu ekonomiko gisa adierazten da, lehian dauden kapitalen arteko merkatu gisa.

Baina Apodakak eta Moralesek, Euskal Herriko administrazioaren diskurtso instituzional horren azalpen zehatza egiteaz gain, ohartarazten digute arrazoibide neoliberal hori oso hedatua dagoela, hau da, hizkuntza-politika instituzionaletatik kanpo ere, euskalgintzaren jarduerak eta baita egunerokotasuneko bizitza linguistikoak ere razionaltasun neoliberalaren zentzua eta zilegitasuna hartzen dutela.

Garai honen zeinu bihurtu den produktibitate indibiduala, beraz, hizkuntza kontuetan ere barren-barreneraino sartu da. Norberaren zilborretik ekin eta norberaren zilborrari begiratu behar omen diogu. Baina Ana Urkizak idatzitako eta Begoña Durrutyk ilustratutako Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak liburuko ipuin labur-laburretako batean ohartarazten diguten moduan, kontuz ibili beharko dugu. Izan ere:

Zilbor-zuloa lapurtu zioten behin eta, harrezkero, ez zuen (gehiago) nora begiratu jakin.

Nahi dugulako

Bizitza sozialaren beste hainbat alorretan bezala, beraz, hizkuntza kontuetan ere ardura eta erruarekin estu lotuta dagoen askatasun indibidualaren diskurtsoa ozen entzuten da. Gauzak aldatzea norberaren esku dagoela sinetsarazten saiatzen diren autolaguntza kutsuko diskurtsoen bidez, nahi dugun hizkuntza erabiltzen dugula uste dugu. Indibiduoa Homo economicus gisa hartuta (norberaren burua gobernatzeko gaitasuna duen ‘enpresaria’), erabiltzen dugun hizkuntza aukeratzeko askeak garela pentsatzen dugu. Baina, askatasunaren izaera soziala ahaztuz gero, zaila izango da gurea bezalako egoera soziolinguistikoan aldaketak eragitea. Gaztelania, euskara, frantsesa ala ingelesa erabiltzeko aukeraketa norberaren nahiaren araberakoa dela sinetsita, ez al gara ari 1936an Georges Barbarinek idatzi eta 2018an Maia Ossak itzulitako Jesusa Gipuzkoakoa liburuko protagonistak bezala?

Si los curas y frailes supieran… botatzen zuen gramofonoak. Eta mahaiko guztiek, erreboltaz eta ardoz hordi, ahots batean jarraitzen zioten kantuari.
– Euskaldunak elizara joaten zirela uste nuen –esan nion Perpetuari.
Barbara andreak ez zion erantzuteko astirik eman. Bere indar guztiarekin oihu egin zuen:
– Gu, gu errepublikazaleak gara. Baina herria memeloz beteta dago.
Eta beste guztiak uluka hasi ziren uste osoz:
Tontos!… Tontos!
Ines andreak mendekatzaile jarraitu zuen:
– Errege-erreginen garaian ez ginen ausartzen mezatara huts egiten.
– Eta orain? Galdetu nion.
– Orain –hasi zen andrea, duintasun handiz–, berdin-berdin joaten gara, baina nahi dugulako.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan