Elhuyar Zientzia

150 hizlaritik gora bilduko ditu ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II’ kongresuak

Abenduaren 16tik 18ra izango da kongresua, Donostian. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago.

2026-10-15 Albisteak

Abenduaren 16tik 18ra egingo dugu Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua, EHUko Joxe Azurmendi Katedrarekin elkarlanean. Euskal pentsamenduari plaza bat emateko asmoarekin, 2019ko lehen edizioarekin hasitako bideari jarraipena emango diogu hiru egunez EHUko Carlos Santamaria zentroan (Donostia). Euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez, egiturez eta azpiegiturez jarduteko hitzaldiak eta solasaldiak hartuko ditu egitasmoak, herrigintzako, kulturgintzako eta akademiako 150 parte hartzaile baino gehiago bilduz, askotariko gai eta formatutako 40 saiotan.

Kongresua UEUren eta Agora Filosofia Elkartearen laguntzarekin eta Laboral Kutxaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesarekin antolatu dugu, eta aurreko edizioan bezala, Gorka Eizagirrek sortu du kongresuaren iruditeria. Gaur ireki dugu izen-ematea, eta zabalik egongo da kongresuaren bezperara arte edo edukiera bete arte.

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak azaldu duenez, kongresuaren lehen edizioak Azurmendiren pentsamendua lantzeaz gain, komunitate bezala biltzeko ere balio izan zuen. Ordutik jarraitu dugu Azurmendiren pentsamenduan sakontzen, eta iaz utzi bagintuen ere, argi gelditu da agorrezina dela utzi digun uzta. Horregatik, hainbat izan dira pertsona bera eta intelektuala aitortzeko egin ditugun ekimenak; esate baterako, Jakin-en 269-270. zenbakia, Zergatik eta zertarako Joxe Azurmendi edo haren heriotzaren urteurrenaren harira, uztailaren 4an Zegaman egin genion omenaldia.

Kongresua: 150 hizlari, hiru egun eta bost areto

Joxe Azurmendiren pentsamenduak oraindik ere badu emaria, eta horren erakusle da Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren bigarren edizioa. Topaketa honen helburua bikoitza da: pentsalari zegamarraren lana aitortzen jarraitzea, batetik; eta, bestetik, euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez nahiz azpiegiturez hausnartzea. Bide horretan, akademia, kulturgintza eta herrigintza uztartuz, euskaraz eta Euskal Herritik lan egiten duten eragileen topaleku bihurtuko da ekimena. Hasiera batean San Telmo Museoan egitekoa bazen ere, egitasmoak hartu duen dimentsio zabala eta erantzun jendetsua dela-eta, azkenean, EHUko Carlos Santamaria zentroan egingo dugu.

Alba Garmendia Castaños kongresuko antolatzaile taldeko kideak aletu ditu egitarauaren nondik norakoak, eta, azaldu duenez, irekiera ekitaldi berezi batekin hasiko da kongresua: ongi etorri instituzionalaren eta antolatzaileen hitzekin, eta Easo Abesbatzaren emanaldi bereziarekin. Bestalde, abenduaren 18an, kongresua ixteko, Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek, Joxe Azurmendi eta Angela Davis. Esperantza zoro batez komikia oinarri hartuta, aurkezpen saio berezia egingo dute, Miren Narbaiza musikariarekin batera. 2025eko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen Joxe Azurmendi protagonista duen proiektuak, eta liburua abenduan bertan kaleratuko dute.

Hiru egunetan zehar, bost aretotan banatuko dira hitzaldi, solasaldi eta sinposioak, diziplinarteko ikuspegia eta gaitegi zabala ardatz hartuta. Bi izango dira hizlari gisa parte hartzeko moduak. Hizlariek hitzaldi indibidual bat aurkezteko aukera izango dute, eta hala bilduko ditugu mahaiaren bueltan gai antzerakoa landuko duten hizlariak: adimen artifizialaz, historiaz, nazioaz, literaturaz… arituko dira. Parte hartzeko beste modua izango da sinposioena. Nork bere hitzaldia aurkeztu beharrean, hiruzpalau aditu bildu eta batera aurkeztuko dute proposamena. Modu horretan, aurretiaz landutako elkarrizketa sustatu nahi izan dugu kongresuan, eta komunitatea josteari jarri arreta. Hausnarketa partekatua lantzea izango da sinposioen helburua, eta erantzun ederra jaso dugu: saio guztien erdia izango dira sinposioak, 20 inguru.

Hala, sinposioetan egongo dira Joxe Azurmendiren lanetatik eratorritako saioak (Teknikaren meditazioa, Gure klasizismo txikia eta Oraingo gazte eroak lanen inguruko saioak, adibidez), baina harago ere joango da kongresua: trantsizio ekosozialaz, maitasunaz, Arantzazuz, soziolinguistikaz, kooperatibismoaz, kulturgintzaz, biologiaren filosofiaz, pertsonalismoaz… ere hausnartuko dute. Joxe Azurmendik bere lanetan erakutsitako Euskal Herriarekiko konpromisoa, ikuspegi kokatua eta pentsamendu kritikoa oinarri hartuta, betiere.

Izen-ematea, zabalik

Kongresuan edonork parte har dezake, beti ere aldez aurretik izena emanez gero. Izen-ematea UEUren laguntzarekin egingo da, UEUko webgunetik bertatik, eta zabalik egongo da gaurtik kongresuaren bezperara arte (2026ko abenduaren 15a) edo edukiera bete arte. Hau da izena emateko esteka, eta Jakinen, Joxe Azurmendi Katedraren eta UEUren webguneetan topa daiteke.

Ikusi egitaraua

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan