miren artetxe

Baloiaren eta hitzaren gintzak

2019-03-07 Bloga

Baloiaren (e)ta hitzaren gintzak

nahiz (e)ta ez diren berberak,

lehiaren gaindi sustatuz gero

balioak (e)ta manerak,

bultzatuz gero neska-mutilen

kirolerako aukerak,

futbol izar (e)ta zaleen ahotan

lekurik badu euskarak

zuen zangoek (e)ta gure oinek

hortxe egingo dute bat.

Bertso hori kantatu zuen duela urtebete Maialen Lujanbiok Anoeta futbol-zelaian. Real Sociedad klubak Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazteagatik omenaldi txiki bat eskaini nahi izan zion partida hasi aurreko ohorezko sakea eginez. Harmailak lepo beteta zeuden Reala eta Bartzelona gizonezko taldeek Donostian jokatu behar zuten partidarako, eta ondorengo egunetan irudi bat nabarmendu zuten hedabideek: Leo Messi futbolaria Lujanbioren bertsoa entzuten. Futbolaren izarrak eta bertsoaren txapeldunak bat egin zuten unea EITBko euskarazko web-atarian 2018an gehien ikusi zen bideoa izan zen. Baloiaren eta hitzaren egintzek bat egiteak interesa piztu zuen.

Historikoa

Urtebete beranduago, hitzak eta baloiak berriro egin dute bat Maite Goñik, egunez egun eta hitzez hitz, osatzen duen Gaurko hitza hiztegian. Urtarrilaren 30ean historiko hitza aukeratu zuen beste euskal futbol-zelai batean gertatutakoa aintzat hartuz. Egun horretan San Mamesen ia 50.000 zale bildu ziren Athletic eta Atletico Madril taldeen arteko partida ikusteko, eta, oraingoan, hedabideek azpimarratu zuten Europan emakumezkoen futbol partida batek inoiz izan duen ikusle kopuru handiena izan zela. Ez hori bakarrik, denboraldi honetan San Mamesen elkartu den zale kopuru handiena suertatu zen; bi astean behin zelai horretan jokatzen duten gizonezkoen partidetan ez baita lortu horrenbeste jende batzea.

Historikoa eta errekorra izan ziren, beraz, egun horretan eta ondorengoetan, handik eta hemendik zabaldu ziren hitzak, gutxitan bezala, emakumezkoen kirol jarduera bat notizia garrantzitsua bihurtuz. Handik baino hemendik hedatu zirela esan beharko genuke, Euskal Herritik kanpo Bilboko marka nahiko modu anekdotikoan agertu baitzen. Kirol hedabideek nahiago izan zuten egun berean Bartzelonan jokatu zuen Messiren taldearen partida eta garaipena nabarmentzea, oso historikoa izan ez arren.

Realaren emakumeek ere egun eta ordu berean jokatu zuten partida eta, Athleticek ez bezala, irabazi egin zuten. Euskarazko prentsan, hasiera batean, hala jaso zuten berria:

Ilusioz betetzeko moduko partida jokatu du Realak eta 4-0 irabazi dio Rayo Vallecanori. Neurketa ona egin du. Jaun eta jabe izan da zelaian, emaitzak islatzen duen bezala. Garaipenari esker, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da, historian bigarrenez.

Egunez egun eta hitzez hitz izendatzeko moduak aldatzen ari bagara ere, oraindik orain, kosta egiten zaigu jaun izan gabe kirolean markak egin daitezkeela jabetzeaz.

Quirolas

Historian atzera eraman ninduen Asier Gabikagojeazkoak abenduan idatzi zuen txio batek:

Gonzalo de Berzeo errioxarraren testu honetan lekukotzen da lehenengoz ‘kirol(a)’:

Un rico arçidiano bien de tierras estranas

Caeçió esta festa entre essas compannas:

Vío grandes quirolas, proçessiones tamannas

Que nin udio nin vio otras desta calannas.

XIII. mendean idazle errioxarrak idatzitako Milagros de Nuestra Señora idazlanean agertzen da ‘quirolas’ hitza, dibertsio edo jostaketa adieraziz. Itxuraz, Erdi Aroan kirola hitzak lotura handiagoa zuen jolasarekin jokoarekin baino. Egun, ohikoa izaten da kirolak bi alderdi dituela zehaztea: batetik, alderdi ludikoa, aisialdian dibertitzea; eta alderdi agonistikoa, bestetik, norberaren buruarekiko edo besteekiko lehia. Baina argi dago Gonzalo de Berceok deskribatzen zuenak eta egungo kirolak zerikusi gutxi dutela.

XXI. mendean kirolak duen gizarte izaera eta garrantzia nabarmena da, eta, horregatik, gizarte zientzietan maiz ‘gizarte egitate oso’ gisa deskribatu izan da, gizarte baten instituzio guztiak mugimenduan jartzen dituelako. Baina kirola ez da erraz deskriba dezakegun zerbait, eta konplexutasun horrek arazoak sortzen dizkigu. Ramon Llopis soziologoak elkarrizketa batean zioen bezala, «kirola entitate konplexu eta plurala da. Baina, hala ere, hitz bakar batekin definitzen dugu mundu oso bat; hori da arazoa».

Izaera korapilatsu horri beste hau gehitzen zaio: gehiegitan gizarte gatazka eta eztabaidetatik at dagoen egitate gisa erakutsi nahi izaten da. Ikuspegi horren arabera, kirolak gizarte-balio ‘ideal’ batzuk ordezkatuko lituzke edo ordezkatu beharko lituzke. Xabier Medina eta Ricardo Sánchez antropologoen ustez, ordea, kirola gizartean dominanteak diren balioetan murgilduta dago eta haien arabera eraikitzen da, baina, era berean, balio sozial horiek birformulatzen ditu, berriak sortuz eta gizarteari emanez. Carmen Diez-ek Euskal Herrian egin izan dituen ikerketa etnografikoetan, argi erakutsi izan digu gure gizartean kirola gizarte arrakasta eta protagonismoarekin lotuta dagoela:

Kirolak, eta batez ere futbolak, ordezkatzen duen mundu horrek erreferentzia eta legitimazio gisa jarduten du gizarte-egituran oso garrantzitsua den sozializazio espazio zehatz bat mantentzeko.

Gonzalo de Berceoren garaiko quirola baino konplexuagoa, polisemikoagoa eta poliedrikoagoa bihurtu zaigu kirola. Gizartearen instituzio guztiak mugimenduan jartzen dituenez, gizarte arrakasta eta protagonismoaren balioekin lotuta dagoenez eta sozializazio-erreferentzia nagusia denez, kirolak erakunde publikoen, komunitatearen eta gizarte mugimenduen ekimen arloa izan beharko luke. Arautu eta planifikatu egiten den arloa da, eta hizkuntzaren ikuspegitik ere antolatu beharreko arloa izan beharko luke, hala ez egiteak bestelako hizkuntza planifikazioak ekartzen baititu.

D eredukoa izan behar ez duen kirola

Hain zuzen ere, azken urteetan euskara eta kirola lotuz hainbat ekimen aktibatu dira, eta martxoan horietako baten emaitzak aurkeztuko dira. ‘D ereduko kirola’ ikerketa ekintza proiektua 2016 eta 2018 artean elkarrekin lanean garatzen aritu dira hainbat arlotako erakunde eta teknikariak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Soziolinguistika Klusterra, Topagunea, Urtxintxa eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Kirol jarduerak euskaraz izan daitezen behar diren baldintzak, dauden zailtasunak eta klubek eman ditzaketen pausoak aztertzearekin batera, gazteen kirolean protagonista direnen ahotsak ezagutzeko saiakera egin da. Zenbait klubetako errealitatera hurbilduz (Zaramaga Pilota Elkartea, Aixerrota Boleibol Taldea, Padura Saskibaloi Kluba, Zarautz Eskubaloi Taldea eta Real Sociedad Futbol Taldea), jokalari eta entrenatzaile gazteek kirolean dituzten hizkuntza-jokaerak eta bizipenak jaso dira, aurrera begirako proposamenak egin ahal izateko.

Jone Miren Hernandezek zuzendu duen ikerketak ondorio interesgarriak utzi ditu. Ezin dira hemen denak aipatu, baina kirolak arreta berezia eta berezitua merezi duela berretsi da, gazteen bizitzan eta bizimoduan aparteko tokia duelako. Hizkuntzari dagokionez, eskolaren eta eskolatik kanpoko eremua den esparru honen artean kontrastea ematen dela ikusi da: eskolaren araua euskaraz egitea da; aisialdian, aldiz, toki gutxi batzuetan izan ezik, gaztelania da norma. Kirola erdibidean dagoen «hirugarren esparru» moduan irudikatu daitekeela ondorioztatu da: eskolaren formaltasunaren eta kaleko informaltasunaren arteko zubiak eta loturak egin ditzakeen espazioa. Bide horri begira, kluben lana gazteentzako hizkuntza giro babestu bat sortzea dela jaso du ikerketak, hizkuntzarekiko mezu argiak emanez eta euskararen garapenerako baldintzak jarriz.

Gazteek kirolean bilatzen duten esperientzia aberatsa eta gozagarria babestu behar da, hori baita eremu honek eurekiko duen erakargarritasuna, baina, aldi berean, klubarekiko eta bere taldeekiko duten konpromisoa argi eduki behar dute. Bere hizkuntza jokaera bete beharreko araua baino, bete beharreko konpromiso horren parte izango litzateke.

Baina, beharbada ondorio esanguratsuena ikerketaren lehen urtean agertu zen, proiektuaren beraren izena –D ereduko kirola– zalantzan jarriz: kirolak ez du zertan eskolak egindakoa errepikatu, eremu bakoitzaren izaera eta helburuak oso ezberdinak direlako. Aurrera begira, ezinbestekoa izango da definitzea eta zehaztea eskola eta kirolaren arteko jarraikortasuna zertan datzan, baina, beti ere argi edukita eskolan egiten ari dena ezin dela bere horretan kirolean txertatu.

Kirolak bere tokia eta bere logika ditu, bere ezaugarriak eta bere protagonistak. Hizkuntza gune berezi horretan txertatzen da eta bertako egoera, dinamika, helburu edota errealitatera egokitzen da. Egokitu bakarrik ez, errealitate hori sortzen edota eraikitzen ere laguntzen du, eta kirol esparrua aukera edo mehatxua izan daiteke euskararentzat. Datozen urteetan, beraz, biziberritze prozesuaren gakoetako bat izango da hizkuntza helburuak kirol eremura moldatzea eta, alderantziz ere, hemengo kirol esparruak gizarteak adostutako hizkuntza beharrei egokitzea.

Jarraitzeaz harro

Duela 100 urte, D ereduko kirola egitasmoan parte hartu duten klub gehienak ez ziren jaio. XX. mende hasieran kirol modernoaren izaera zehazten ari zen, eta egun ezagutzen dugun kirol moldea jaioberria zen Euskal Herrian. Euskararen sustapenean ere orduan hasi ziren sortzen erakunde eta hedabideak. Batzuk gaur arte iritsi dira eta urtarril hasieran etxe askotan opari ederra jaso genuen: 100 urte bete dituen Argia aldizkariaren ale berezia.

Duela 50 urte ere, D ereduko kirola egitasmoan parte hartu duten klub gehienak ez ziren existitzen. Euskararen biziberritze prozesua aktibatzen ari zen eta, kirola oso hedatua bazegoen ere, arlo horretan ere egun pentsaezinak diren debekuak existitzen ziren. 1967ko apirilean Kathrine Switzer ofizialki maratoi bat egin zuen lehen emakumea bilakatu zen Bostonen, lasterketaren zuzendaria hura kanporatzen saiatu zen arren.

Udazken honetan Switzer Donostian izan da, eta Argia-ren 100 orriko zenbaki berezian kirolaren eta hitzaren egintzek bat egin zuten Amaia Lekunberri kazetariak korrikalari estatubatuarrari egindako elkarrizketan. Adinaren muga ere apurtzen ari ote den galdetuta, honela erantzun zuen Switzerrek:

Askoz harroago nago 50 urteren ostean korrika egiten jarraitzeaz, lehenengo lasterketa hartaz baino.

Sasoian segitu beharko dugu zangoek, oinek, hitzek eta ekintzek bat egiteko, garai batekoaz gain, oraingo egintzez ere harro egoten jarraitzeko.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan