[222 esaldi] Alberto Barandiaran

2026-11-26 222 esaldi

«Herri normala bagina, sortzaileei plazer estetikoa sortzeko, pentsamendu kritikoa eragiteko balioa aitortuko genieke. Hemen, aldiz, eman nahi diegun estatusa besterik da: herri bezala beste esparruetan aurkitzen ez dugun lidergoa horiek hartzea dugu amets».

Barandiaran, Alberto (2021): ‘Euskal kultura 2021’, Jakin 247, 49-54.

Alberto Barandiaran Amillano (Altsasu, 1964). Historia eta Geografian lizentziaduna da, eta Hizkuntzalaritza eta Dialektologian masterduna. Kazetaria da, eta kazetaritzaren geroaz arduratua, baita hizkuntza politikaz ere. Literatura eta, oro har, euskal sorkuntzaren jarraitzailea da. Liburu hauek argitaratu ditu, besteak beste: Ez zaigu ahaztu (Susa, 1998), Postkronikak (Elkar, 2009), Veleia afera (Elkar, 2010), Ez duzu abusatuko (Elkar, 2017; Iñigo Astiz eta Miren Rubiorekin batera), Gurea falangista zen (2021, Susa). Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n aritu da kazetari, baita Garabide hizkuntzen gaineko lankidetzarako elkartean ere, Ekuadorko kitxua herrian komunikazioaren inguruko proiektu bat kudeatzen. Egun, Hekimen euskal hedabideen elkarteko zuzendaria da.

2021eko kultur balantzea biltzen du Jakin aldizkariaren 247. zenbakiak. Kulturgintzako alor desberdinei begira jarri zituen Jakinek 19 aditu, hamaika hitzez eta zortzi irudiz, eta COVID ondorengo garaiak kulturgintzari dakarkiona irudikatzeko eta hausnartzeko mosaiko zabala osatu zuten. Idatzizko artikuluen artean dago Alberto Barandiaranen ‘Euskal kultura 2021‘ testua. Kultur sormenak eta sorkuntzak gure gizartean betetzen duen lekuari buruz egiten du gogoeta, 2021eko euskal kulturaren argazki kritiko, ironiko eta gogoetatsua eginez.

Pandemiak utzitako ziurgabetasunaren erdian, kulturgileei eskatzen zaien «lidergo sinbolikoa» eta sortzaileek jasaten duten ikusezintasunaren arteko tentsioa mahaigaineratzen du. Horrekin batera, Hondalea eta Laba moduko proiektu eta espazioen kontrasteak aztertzen ditu, eta ohartarazten du isolamenduak eta beldurrak «gu» kolektiboa ahuldu dutela. Azkenik, Chill Mafia eta Joseba Tapia oinarri hartuta, etorkizuna hibridazioan ikusten du: «Hibridazioa ez da aukera estetiko hutsa, geratzen zaigun bide bakarra baizik. Lege zaharrak ez dira itzuliko, txo».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan