Euskal Herriko elikadura antolaketaz, Jakingunean

Entzungai osorik Jakingunean.

2026-11-18 Albisteak

Euskal Herriko elikadura antolaketari buruzko gogoeta proposatzen du Elena Casiriainek Jakin-en 275. zenbakian argitaratu duen ‘Mugak gainditu, Lurraren neurria hartu: Euskal Herriko elikadura antolaketaz‘ artikuluan. Gaiari buruz gehiago jakiteko, mugaren eta elikadura sistemaren arteko harremanaz aritu gara Casiriainekin Euskadi Irratiko Jakingunean.

Muga jan edo elikatu? Elikadura mugaldean, bertakoa urrunekoa denean jardunaldiko antolatzaileetako bat izan zen Casiriain, eta bertan aurkeztutako ibilbideetan oinarrituta ondu du aldizkariko artikulua. Azaldu duenez, mugak ekartzen dituen aukerak eta oztopoak agerian jartzeko balio izan zuen jardunaldiak, baita elikaduraren mugak gogoetatzeko ere.

Mugak banatu egiten du elikadura sistema nola antolatzen dugun, baina Casiriainek argi du muga horiek aldatu daitezkeela: «Guk badugu gaitasun hori mugak egiteko edo desegiteko». Horretarako, ordea, perspektiba aldatu behar da: «Aldatzen badugu perspektiba eta pentsatzen badugu elikaduran lehenik, pixka bat desplazatzen da mugarekiko dugun ikuspegia eta ohartzen gara estatuen arteko muga ez dela baitaezpada zentroan ezarri behar dena, bestelako mugak direla, eta, orduan, bestelako antolaketak direla lehenetsi behar».

Horixe da, hain zuzen, artikuluan nabarmentzen duen gakoetako bat: «Proiektuak aurrera eramaterakoan, agian ez hartzea estatuen arteko muga abiapuntu bezala». Horren aurretik, hainbat dira planteatu beharreko galderak: «Zein izango litzateke zentzua duen elikadura sistema bat? Zein da guretzat zentzua duen proiektua? Hortik abiatu eta gero aterabideak bilatu mugaren gainditzeko».

Argi dio Casiriainek artikuluan: «Elikadurak lotzen du, eta, ondorioz, mugak (des)egiten daki. Elikadura mugaren ikuspegiak eraldatzeko tresna bezala uler daiteke».

Entzun erreportajea osorik, hemen: Elena Casiriain, Euskal Herriko elikadura antolaketaz

 

 

 

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan