2026-10-23 Albisteak
Jakinek eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak elkarlanean antolatuta, Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresua egingo dugu abenduaren 16tik 18ra, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan. Topaketaren xehetasunak eman dituzte Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Joxe Azurmendi Katedrako zuzendariak eta Alba Garmendia Castaños kongresuko antolatzaile taldeko kideak Euskadi Irratiko Jakingunean.
Euskal pentsamenduari plaza propio bat emateko helburuarekin sortu zen 2019an Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresua (saio guztiak ikusgai daude, hemen). Azurmendiren pentsamendua lantzeaz gain, komunitate bezala biltzeko ere balio izan zuen kongresuaren lehen edizio hark, eta, hala, elkarrekin eta patxadaz pentsatzeko topagune bihurtu zen hiru egunez Donostiako San Telmo Museoa.
Orain, zazpi urte beranduago, bide horri segida emango diogu kongresuaren bigarren edizioarekin. Pentsalari zegamarraren lana aitortzeaz gain, euskal pentsamenduaren testuinguru berriez, etorkizuneko erronkez nahiz azpiegiturez hausnartu nahi dugu aurtengo edizioan. Iñaki Zabaleta Gorrotxategi Joxe Azurmendi Katedrako zuzendaria «kontentu» dago kongresua izaten ari den harrerarekin: «Ikusi besterik ez dago zenbat jendek eman duen izena parte hartzeko. Aurrekoan arrakastaz hitz egiten genuen eta 60 bat hizlari ziren, eta, aurtengoan, bikoitza baino gehiago izango dira».
Akademia, kulturgintza eta herrigintzako 150 hizlari bilduko dira kongresuan, Euskal Herritik eta euskaraz lan egiten duten eragileen topaleku bihurtuz. Hizlari horiek guztiak 5 aretotan ariko dira, 40 saiotan banatuta. Irekiera eta itxiera ekitaldien artean, kongresu akademikoa bost saio paralelotan antolatuko da, hitzaldi indibidualak eta sinposioak uztartuz. Alba Garmendia Castaños kongresuko antolatzaile taldeko kideak azaldu duenez, «aukeraketa batzuk» egin behar izan dituzte: «Bost saio paralelo daudenez saioak gelaka ere banatu behar dira eta Auditorioak ezinbestean protagonismo bat ekartzen du, nahiz eta aretoak berak emandakoa izan». Horiek horrela, antolatzerako orduan, oreka bilatzen saiatu dira: «Ez dugu hizlari handien lehentasuna bakarrik markatu Auditoriorako, eta kontuan hartu dugu genero oreka, adibidez, gaitegia ere kontuan hartu dugu, ikertzaile gazteei lekua egin nahi izan diegu pixka bat. Kongresua antolatzerakoan genuen ikuspegi hori Auditoriora ere ekarri nahi izan dugu».
Horrekin batera, gaitegi zabala eta berritua izango du aurtengo edizioak. Izan ere, kongresua ez da Joxe Azurmendiren bueltan bakarrik egindakoa; harago doa, eta horixe bera erakusten dute aurtengo hitzaldi eta sinposioek: «Hor dago, adibidez, adimen artifizialaren gaia, hor dago trantsizio ekosoziala, maitasunaz ere arituko dira, soziolinguistikaz, kooperatibismoaz…». Euskal pentsamenduaren zabalaren erakusgarri izango da, beraz, gaitegi guzti hori, eta «gehienek edo guztiek ere biltzen dute Joxe Azurmendiren begiradarekiko halako gertutasun bat, Euskal Herriarekiko konpromiso bat, ikuspegi kokatu bat eta guretik pentsatzearen ideia hori».
Kongresuan edonork parte har dezake, beti ere aldez aurretik izena emanez gero. Izen-ematea UEUren laguntzarekin egingo da, UEUko webgunetik bertatik, eta zabalik egongo da gaurtik kongresuaren bezperara arte (2026ko abenduaren 15a) edo edukiera bete arte. Hau da izena emateko esteka, eta Jakinen, Joxe Azurmendi Katedraren eta UEUren webguneetan topa daiteke.
Entzun erreportajea osorik, hemen: Iñaki Zabaleta eta Alba Garmendia, euskal pentsamenduaren ur-jauziaz.