2026-09-23 222 esaldi
«Garai historiko eta kultural bakoitzean gizartearen pentsamoldearen gauzatzea eta konkretizazioa da arkitektura: nolakotasun baten adierazle fisikoa».
Iruretagoiena, Ula (2019): ‘Kultura afektiboaren arkitektura‘, Jakin 233-234, 137-152.
Ula Iruretagoiena Busturia (Bilbo, 1979). Arkitekto hirigilea eta Arkitekturan doktorea da. Donostiako Arkitektura eskolako irakaslea da, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Sailean. Bere ikerketa lerro nagusiak lurraldea, politika, hezkuntza pedagogiak eta harreman afektiboak dira. Hiria eta bestelako politikak: logika komunitarioa (Tabakalera, 2014) argitaralpenaren egilea da. Hezkuntza, Hiria, Dibertsitatea ikerketa taldearen zuzendaria eta Aldiri aldizkarian erredakzio-kontseilukide da.
Maitasunaren ideologiak geure buruak, geure harremanak eta geure etxe eta kaleak nola eraikitzen dituen aztertzen du Jakin-en 233-234. zenbaki bikoitzak. UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin lankidetzan antolatutako Jakin Jardunaldiak dira Maitasuna politikoa da monografikoaren abiapuntua, eta artikulu horien artean aurkitzen da Ula Iruretagoienaren ‘Kultura afektiboaren arkitektura‘ testua.
Maitasunaren ideologiaren eta gure etxe eta kaleen arkitekturaren arteko harremanari erreparatzen dio Iruretagoienak artikuluan: maitasunaren ideologiak gure etxe eta kaleen arkitektura nola baldintzatu duen aztertzen du, arkitektura eta maitasunaren artean eraikitzen diren elkarguneak azaleratuz. Arkitekturari ikuspegi feminista batetik helduz gero, gainera, zera ondorioztatzen du: «Eraikitzeko modu horrek bazterketa eta menderakuntza egoera aunitz ekartzen dituela, eta espazioari forma emateko begirada mugatuegia eta sinplifikatuegia dela». Horrekin batera, nabarmentzen du gizartearen bizimoduari forma emateko erabakietan arkitektura inplikaturik dagoela, eta, beraz, automatikoki baiezta dezakegula «arkitektura egitea politika egitea dela».
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
