Jakin Jardunaldirako izen ematea beterik, saioak streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da

Usurbilgo plaza fisikoa beteta badago ere, ekainaren 18 eta 19ko saio guztiak zuzenean emitituko dira Berria.eus atarian.

2026-06-08 Albisteak

Ekainaren 16ra arte zegoen zabalik aurtengo Jakin Jardunaldian izena emateko epea, baina dagoeneko bete dira plazak. Aurrez aurreko lekurik gabe geratu direnek, ordea, plaza birtualean izango dute topaketa jarraitzeko aukera: hitzaldi eta mahai inguru guztiak streaming bidez emango ditugu Berria.eus atarian.

Aurtengoa Jakin Jardunaldiaren XII. edizioa izango da, eta Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak lankidetzan antolatzen dugun hamargarren aldia. Hain zuzen ere, Usurbilgo Artzabal egoitzan izango da hitzordua, ekainaren 18an eta 19an. Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak izenburupean, euskara adierazkorra sortzeko eta gizarteratzeko gako, irizpide eta azpiegituren inguruan pentsatzeko plaza izango da Jakin Jardunaldia.

Topaketaren nondik norakoak xehetasunez azaldu zituen Haritz Azurmendi Arrue jardunaldiko koordinatzaile eta Jakineko kideak Euskadi Irratiko Jakingunean. Besteak beste, jardunaldiko gaia, normalean, galdera edo kezka sozial batzuetatik abiatzen dela azaldu zuen: «Kasu honetan, euskara bere adierazkortasuna galtzen ari ote den, edo behintzat gero eta gehiago kostatzen ari ote zaigun esanindarra euskaratik biltzea, esparru eta errealitate sozialak euskaratik izendatzea…».

Bide horretan, gai eta kontu asko bilduko ditu jardunaldiak, eta ertz askotatik helduko zaio adierazkortasunaren gaiari. Hori guztia, ordea, «Jakinen betidanik funtsezkoa izan den abiapuntuko ideiari uko egin gabe» egingo dugu: «Euskarak balio duela bizi-esparru guztiak adierazteko, eta euskaltzaleon zeregina dela horretarako bideak borrokatzea».

Ekainaren 18ko eta 19ko egitaraua bost hitzaldik eta hiru mahai inguruk osatuko dute:

 

2026-06-18

08:45 – 09:00 → Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:00 – 09:30 → Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
  • Agurtzane Solabarrieta Mesa (Usurbilgo alkatea).
  • Aitor Bengoetxea Alkorta (UEUko zuzendaria).
  • Haritz Azurmendi Arrue (Jakineko kidea).
09:30 – 10:15 → Hizkuntzari gorputza nola eman. Literatura eta ahozkotasuna.
  • Miren Amuriza Plaza (Idazlea eta bertsolaria).
10:15 – 11:00 → Zein da mariokerren mintzoa? Sexu-genero disidenteak berba bila.
  • Amaia Alvarez Uria (Literatur ikertzailea eta irakaslea).
  • June Fernandez Casete (Kazetaria).

Atsedenaldia.

11:30 – 12:15 → Adierazpen askatasunerantz, adierazpen eskastasuna gaindituz.

  • Kike Amonarriz Gorria (Soziolinguista, umoregilea eta telebista aurkezlea).
12:15 – 13:30 → Mahai-ingurua: hizkuntz teknologiak euskara adierazkorra lantzeko tresna gisa.
  • Naiara Perez Miguel (HiTZ zentroko eta Ixa taldeko ikerlaria, EHUn).
  • Aitzol Astigarraga Pagoaga (Orai-Elhuyarreko kidea).
  • Leire Lison Nicuesa (Badalabeko kidea).

Bazkaltzeko tartea.

15:15 – 17:30 → ‘‘Esatearen ederra’’. Ahozkotasuna lantzeko esperientziatik zenbait gogoeta + saio praktikoa.
  • Julia Marin Arteaga (Itzultzailea eta ahozkotasunean aditua).

 

2026-06-19

09:15 – 09:30 → Hasiera.
09:30 – 10:30 → Kulturen hizkerak, hizkeren kulturak: hautu linguistiko-ideologikoak kulturgintzan.
  • Iratxe Retolaza Gutierrez (Literatur kritikaria eta ikertzailea).
10:30 – 11:45 → Mahai-ingurua: euskarazko adierazkortasuna lantzeko ereduak eta bideak euskara idatzian.
  • Garazi Arrula Ruiz (Idazlea, itzultzailea eta editorea).
  • Gorka Bereziartua Mitxelena (Idazlea eta kazetaria).
  • Danele Sarriugarte Mochales (Idazlea eta itzultzailea).

Atsedenaldia.

12:15 – 13:30 → Mahai-ingurua: euskarazko adierazkortasuna ikus-entzunezko forma berrietan.

  • Lander Arretxea Bereziartua (Hiru Damatxoko kidea eta Linbo-ko zuzendaria).
  • Ana Sarria Muxika (BADA Ipar EHko gazte hedabideko kidea eta kazetaria).
  • Martin Ziarrusta Sanz (Belarrijana podcasteko aurkezlea eta musikaria).
13:30 – 14:30 → Jose Luis Otamendi. Poesia errezitaldia.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan