[Ondaretik] Irale: arrakastan sakondu edo atzera egin?

2026-06-05 Ondaretik

Siadecok 1976-1977 ikasturtean egindako azterketa baten arabera, orduko euskal hezkuntza sistema publikoan (euskal eta sistema deitzea gehiegizkoa izan daiteke, baina elkar uler dezagun) hogei irakasletik bakarra zen euskalduna. Ez dago zalantzarik, frankismoak eraginkortasun handiz bete zituen bere asmo birrintzaileak. Argi dago, beraz, euskarazko hezkuntza antolatzeko lehen saioetan lehentasunezkoa zela irakasleen multzoa euskalduntzea. Premia eta xede horretan koka dezakegu Eusko Jaurlaritzak 1981ean abian jarritako Irale programaren sorrera, besteak beste.

Lehen urteetan oinarrizko euskalduntze eta alfabetatze ikastaroetan zentratu zen Irale. Urteen eta lanaren poderioz, EAEko irakasle gehienak euskaldunak dira, HE2, EGA edo C1eko titulu baliokide baten jabe. Oinarrizko euskalduntze-alfabetatzearen hasierako fasetik harago, beraz, hauek bihurtu dira Iraleren funtsezko eginkizun: euskaran gaitu eta trebatzea; hizkuntzaren didaktikan eta metodologietan gaitzea; eta, azpimarra dezagun ematen diogun garrantzi estrategikoagatik, irakasleei prestakuntza soziokulturala ematea, curriculumaren euskal dimentsioa lantzeko. Urtero 700 bat irakasleri liberazioa eskatzen eta eskaintzen dieten R300, R400, R600 eta R900 ikastaro ezagunez ari gara. Bereziki azpimarratu nahi ditugu horien artean iparrorratz modura euskal kultura eta curriculumaren euskal dimentsioa lantzea duten ikastaroak.

Udaberri honetan kezka zabaldu da EAEko hezkuntza sektorean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Irale berrantolatzeko asmoa erakutsi baitu. Irakasleen liberazioan oinarritutako ikastaro trinko eta presentzialen geroa zalantzan dago, eta ikastaro horiek urte hauetan guztietan irakasleen prestaketan izan duten garrantzia ezagututa, iradokitzen diren eredu berriak murrizketa gisa irakurtzen dituzte eragile batzuek.

Izan ere, gizartearen eta hezkuntza komunitatearen argazkiak kezka berriak erakusten ditu garaiotan. Ezaguna da inkesta soziolinguistikoek euskararen erabileraren geldotzeari buruz diotena; bada, EAEko ikasleen euskararen gaitasunari buruzko datuak ere ez dira dantzan hastekoak: LHko ikasleen %36k hasierako maila dute euskaran, eta, DBHn, %42k. Aurrerapenak aurrerapen, azken hamarkadetan hezkuntza sistemak komunitatea euskalduntzeko izan dituen mugak gordin islatzen dira emaitza horietan. Eta, horrekin lotuta, irakasleen profilak ere baditu hutsuneak: irakasle askoren euskara maila, gehienek C1 bat titulua izan arren, mugatuegia da, eta euskararen egoera gutxituari buruzko kontzientziak eta euskal kulturaren ezagutzak ere arrakala larriak dituzte. Jakina, errealitate korapilatsu horretan jarduteko, irakasle gaituak behar dira, motibatuak, kontzientziatuak, euskaran, euskararen soziolinguistikan eta euskal kulturan zorrotz trebatutako irakasleak. Iraleko irakasleek beraiek ere adierazi dute zalantzazko egoera honek sortzen dien ezinegona. Lehen urteetan, Mikel Zalbide Hezkuntza Saileko kidearen ardurapean, programaren garapena eta koordinazioa sendoa izan zela aitortzearekin batera, argi diote azken urteotan erritmoa makaldu dela eta hobekuntzak eta egokitzapenak eragiteaz ez dela inor arduratu. Bakoitzari berea.

Irakasleen prestakuntza eta euskal curriculuma

Mikel Zalbidek, berak, 2003an Jakin-ek euskalduntzearen krisiari eskaini zion zenbaki monografikoan (Jakin 137), EAEko eskola-munduak ordura arte izandako aurrerapausoez ziharduen: «Eskola-munduan zer gertatu den jakin nahi duenari, izan ere, zera azaldu behar zaio lehen-lehenik: pauso handia egin dela zinez, mende-laurden honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle-jendea alfabetatzen eta euskalduntzen». Askoren merezimenduz: «Bere burua alfabetatzen edo euskalduntzen ahalegindu diren irakasleak […], hezkuntza-administrazioa bera eta, nola ez, IRALEn zein gainerako euskaltegietan (HABE tarteko delarik) urterik urte jardun duten profesionalak ere berariaz aipatu behar dira: horiei guztiei zor zaie, dudarik gabe, irakasmunduaren mende-laurdeneko arrakasta sendoa». Aurrera begira, ordea: «Zer eginik ez dagoela esan nahi al du horrek guztiak? IRALE, euskaltegiak eta gainerako ikasketa-elkarteak alferrik al daude hemendik aurrera, irakasmunduari dagokionez? Ez: inola ere ez. Zeregin handia dago, askok uste duena baino zabal-sakon-luzeagoa, irakasle-jendearen hizkuntz prestakuntzan». Iraleko irakasleei jarraiki, egungo diagnostikoa ere ildo beretik doa, beste parametro batzuetan bada ere.

Euskal hezkuntzaren gaia betidanik jorratu du Jakin aldizkariak, hasiera-hasieratik; indar eta maiztasun handiagoz lehen hamarkadetan, oraindik hezkuntzari buruzko bestelako hedabide espezializatu askorik ez zegoenean. Aipa ditzagun aztertzen ari garen auziari lotutako adibide esanguratsuenak.

1981ean, Jakin-en 19-20 zenbaki bikoitzak Elebitasunaren auzia ikastoletan izenburua eraman zuen. Euskarak, artean, ez zuen presentzia handirik EAEko hezkuntza sistema publikoan. Besteak beste, ama-hizkuntza erdalduneko haurrekin lan egiten zuten hainbat ikastolatako irakasleen testigantzak jaso zituen, eta baita ‘Ikastolako elebitasunaz mahai-ingurua’ ere: nola euskaldundu haur erdaldunak ikastoletan?

Urte batzuk geroago, 1989an, LOGSE legearen hastapenen inguruko kezkak ziren nagusi. Testuinguru horretan osatu zen 53. zenbakia: Irakaskuntza erreforma eta didaktika. Beste batzuen artean, Curriculumaren diseinuaz aritu zen Jesus Mari Goñi, eta irakasleen prestakuntzak erreforman izan beharko lukeen lekuari buruz gogoetatu zuen Fermin Barcelók Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik: «Irakasleetatik asko, euskalduntzeari emanik dago. Hirutatik batek, euskaraz irakasten du; bostetik batek denbora asko euskara ikasteari damaio. Honekin esan nahi da, denbora eta ahalegin asko eskaintzen diola norberaren prestaketari». 1987-1988 ikasturteko datuen arabera, EAEn guztira 25.361 irakasle zeuden (Eskolaurretik Batxilergora, Helduen Etengabeko Prestakuntza, Hezkuntza Berezia eta Lanbide Heziketa barne), eta horietatik 8.971 ari ziren euskaraz irakasten. Argi dago: lehentasuna irakasleen euskalduntzea zen oraindik.

Euskalduntzeak aurrera egin ahala, urrats bat aurrera eginez, curriculumaren euskal dimentsioaren inguruko kezka joan zen indarra hartuz. Horren erakusle dira 1996ko Testuliburuak eta Euskal Herria (Jakin 93-94) eta 2006ko Testuliburuak maileguan? (Jakin 153) zenbaki monografikoak. Lehenengoan, besteak beste, Lore Erriondok euskal curriculumaren gabeziaz egin zuen gogoeta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Curriculum Garapenerako Dekretuak edukien aldetik hutsune garrantzitsuak zituela argudiatuz. Bigarrenean, hamar urte geroago, testuliburuen doakotasuna bermatzera zetorren Eusko Jaurlaritzaren mailegutza sistemaren inguruko proposamenaren testuinguruan, euskal curriculumaren egitasmoaren ikuspegitik testuliburu eta ikasmaterialen ekoizpenak bete beharko lituzkeen baldintza orokorrez aritu zen Xabier Garagorri ‘Derrigorrezko eskolaldirako euskal curriculuma eta testuliburuak’ artikuluan, testuliburugintzarekin gertatzen den guztiak euskal curriculumean duen eragin zuzenetik abiatuta.

Euskal kulturak eta curriculumaren euskal dimentsioak gure hezkuntza sistemaren bizkarrezurra eta bikoitza izan beharko luketela sinesten dugunontzat, Iraleren inguruko afera bera ere zuzenean lotzen zaigu azken hamarraldietako nahi eta ezin gehienen lerro tartetan itxaropentsu sarritan gupidabagearekin. Badakigu, jakin, Iraleko ikastaroetan jarduteko aukera eta zortea izan duten irakasleek oso iritzi ona izan ohi dutela ikastaro horien maila, egokitasun eta eraginkortasunaz. Asebetegarritasun horrek eta lehen aipatutako premia larriek honakoa pentsatzera garamatzate: erabaki eta irtenbide pertsonaletatik harago, erantzun sistematiko eta estrukturalak sustatu beharko lirateke. Hau da, ikastaroetan izena ematen duen norbanakoaren borondatearen araberakoak izan beharrean, irakasle guzti-guztientzako ezinbestekoak izan beharko luketela.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan