‘Pizkunderako Erronka’ aurkeztu du Kontseiluak: 300.000 euskaldun gehiago 2036rako

Euskalduntzearen erritmoa bikoizteko proposamena egin du Kontseiluak; bertan izan gara Jakineko kideok.

2026-05-29 Albisteak

Atzo aurkeztu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak Pizkunderako Erronka Martin Ugalde Kultur Parkean, eta bertan izan ginen Jakineko kideok. Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoari erantzun eta pizkunde berri bat eragitea du abiapuntu erronkak, eta ez da makala Kontseiluak proposatzen duena: hamar urteko epean, urtero 30.000 euskaldun oso irabaztea; hau da, euskalduntzearen erritmoa bikoiztea.

Proposamenari babesa adierazteko, ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxara joatera deitu gaitu Kontseiluak. «Euskaraz bizitzeko baldintza errealak» eskatzeko eta «pizkunde berri baterako txinparta» izateko eguna izango da ekainaren 13a. «Pizkunde berri» horretan kokatzen da Kontseiluak aurkeztutako erronka, eta erakundeei ez ezik, gizarte osoari dago zuzenduta.

Erronkak ezagutzan eta erabileran eragin nahi du aldi berean. Erabilerari dagokionean, hain zuzen, datozen hamar urteetan erabilera aitortuan %20ko langa gainditzea proposatzen du; hau da, egungo %15,3tik ia bost puntu irabaztea. Horrela, ezagutzan eta erabileran eragin nahi du, ezagutza areagotuz era erabilera igoz. Izan ere, «etorkizunera begirako azken proiekzioek moteltze zantzu argiak eta galeraren arriskua —Nafarroako kasuan— jarri dituzte mahai gainean, eta joera hori iraultzeko apustua da erronka».

Erronka lortzeko, bost arlo estrategikotan jardutea planteatzen du Kontseiluak: hezkuntza arautuan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, baliabideetan, arkitektura juridikoan eta euskarazko ekosistema oso bat eratzean. Proposamena ez da hutsetik sortutako zerbait; nazioarteko hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateen esperientzietan oinarritzen da, eta erreferentziatzat hartu dira Galeseko gobernuaren Cymraeg 2050, Kataluniako Generalitatearen Pacte Nacional per la Llengua eta Galiziako Protocolo Lingua Vital estrategiak eta Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioak proposatutako 2050. urterako helburua. Esperientzia horien lanketan aritu diren adituek hartu zuten parte aurkezpenean.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan