Haritz Azurmendi: «Euskarak balio du bizi-esparru guztiak adierazteko, eta euskaltzaleok horretarako bideak borrokatu behar ditugu»

Entzungai osorik Jakingunean.

2026-05-28 Albisteak

Euskara esanindartzeko bidean: adierazkortasuna euskaraz lantzeko eztabaidak, gakoak eta hautuak izenburupean, Esanindarra euskaraz lantzeko gakoez arituko gara aurtengo Jakin Jardunaldian, Usurbilen. Topaketaren nondik norakoak azaldu ditu Haritz Azurmendi Arrue jardunaldiko koordinatzaile eta Jakineko kideak Euskadi Irratiko Jakingunean.

Jakin Jardunaldi guztietan bezala, gaia galdera eta kezka sozial batzuetatik abiatzen dela azaldu du Azurmendik: «Kasu honetan, euskara bere adierazkortasuna galtzen ari ote den, edo behintzat gero eta gehiago kostatzen ari ote zaigun esanindarra euskaratik biltzea, esparru eta errealitate sozialak euskaratik izendatzea…».

Ekainaren 18ko eta 19ko egitaraua bost hitzaldik eta hiru mahai inguruk osatuko dute: «Hizketagai hartuko ditugu, adibidez, nola uztartu hiztun ororen legitimitatea eta eredu adierazkorrak sustatzea, nola adierazkortasuna lantzeko irizpide desberdinak eta hizkuntza-ideologiak, noiz hitz egin minorizazioak eragindako galeraz eta noiz hizkuntzaren bilakaeraz, eta nolako baldintzak, baliabideak eta egiturak dauzkagun landu behar horretarako eta, batez ere, zeintzuk falta zaizkigun, non behar dugun jauzia».

Gai eta kontu asko biltzen ditu, beraz, jardunaldiak, eta ertz askotatik helduko zaio adierazkortasunaren gaiari. Hori guztia, ordea, «Jakinen betidanik funtsezkoa izan den abiapuntuko ideiari uko egin gabe» egingo dugu: «Euskarak balio duela bizi-esparru guztiak adierazteko, eta euskaltzaleon zeregina dela horretarako bideak borrokatzea».

Euskara adierazkorra sortzeko eta gizarteratzeko gako, irizpide eta azpiegituren inguruan pentsatzeko plaza izango da Jakin Jardunaldia, eta adierazkortasuna lantzeko bideak hiztunen legitimitatearekin, hizkuntz ideologiekin eta hautu euskaltzaleekin elkarrizketan jartzea da asmoa; «iragan hurbileko esperientziak eta urratutako bideak ezagutzea, gaur egunerako norabideak pentsatzeko».

Entzun erreportajea osorik, hemen: Haritz Azurmendi, Jakin Jardunaldiaz.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan