[222 esaldi] Iratxe Retolaza

2026-05-06 222 esaldi

«Aurreiritzi zenbait hain dira errepikakor, hain dira indartsu, kultura gutxitu horretako kideen artean ere iltzatzen direla, eta oharkabean zurrumurru eraginkor bilakatzen dira».

Retolaza, Iratxe (2023). ‘Kultura-hitzarmenak hezkuntza-testuinguruetan‘. Jakin 259, 11-34.

Iratxe Retolaza Gutierrez (Donostia, 1977). Euskal Filologian lizentziaduna da, literatur kritikaria eta literatur ikertzailea. Emagin elkarteko kidea da, eta 2012tik aurrera Donostiako Emakumeen Etxean bi irakurle-talde gidatzen ditu: bata, euskal literaturaren ingurukoa; bestea, pentsamendu feministaren ingurukoa. Besteak beste, bi liburu kolektibo hauetan parte hartu du: Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak (Edo!, 2013) bilduma kolektiboa koordinatu zuen Isa Castillorekin batera, eta Gure genealogia feministak. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren kronika bat (Emagin/EHBF, 2015) liburua atondu zuen Edurne Epelde eta Miren Arangurenekin batera. Euskaltzaindiako Literatura Ikerketa Batzordean parte hartu zuen 2001tik 2017ra, eta euskaltzain urgazle izendatu zuen 2013an. Jakineko kontseilu editorialeko kidea ere bada.

Kultur arloko hamasei lagunen gogoetak biltzen ditu Jakin-en 259. zenbakiak, alorrez alor 2023ak erakutsitako erronka, bizipen eta ametsen bilduma osatuz; zortzi idatziz eta beste zortzi irudiz. Idatzizko artikulu horien artean dago Iratxe Retolazaren ‘Kultura-hitzarmenak hezkuntza-testuinguruetan‘ artikulua, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua. Euskal hezkuntza-testuinguruetako kultura-hitzarmenak aztertzen ditu testuan, ekiteko moduak birpentsatzeko deia luzatuz.

Aurreiritziei erreparatzen die Retolazak artikuluan, «maiz» itsutzen gaituztela iritziz: «Aurreiritziek maiz geure jakin-mina mugatzen dute, aurreiritziek maiz galdera berrietarako bidea oztopatzen dute». Horrela, adierazten du kultura-aurreiritziak ez direla salbuespen, «kultura-adierazpide batzuetarako edo kultura-jardun batzuetarako geure sarbideak zabaldu edo mugatu baititzakete. Baita kultura-esparru oso bat aspergarritzat edo interes gabekotzat jotzeraino mugatu ere». Baina, nabarmentzen duenez, kulturaren esparruan aurreiritziek ez dute beti berdin eragiten, «aiseago» zabaltzen baitira kultura gutxituen inguruko aurreiritzi-sortak kultura hegemonikoen ingurukoak baino. Horrek guztiak eragin zuzena du gure hezkuntza testuinguruetan: «Gure artean ere hain dira eraginkor halako zurrumurruak, ezen aurreiritziek ere irrist egin duten euskal kultura i(ra)kasgai den testuinguru batzuetara».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan