2026-04-28 222 esaldi
«Euskararen feminizazioaz hitz egin baino, erdaren bidezko maskulinitatearen eraikuntzaz berba egiten hasi beharko litzateke».
Altuna, Jaime (2024). ‘Hizkuntza-koreografia berriak: zer erakusten digute nerabeek egungo hizkuntza egoeraz?‘. Jakin 262, 49-67.
Jaime Altuna Ramírez (Villabona, 1973). Gizarte Antropologian graduatua eta Ikasketa Feminista eta Generokoetan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea da, baita AFIT Antropologia Feministako Ikerketa Taldeko eta Equiling berdintasun soziolinguistikorako ekintza-ikerketa taldeko kidea ere. Bere ikerketa-ildoak hizkuntza-antropologia eta antropologia feministarekin lotuta daude; azken urteetan, haurtzaro, nerabezaro eta gaztaroko hizkuntza-praktikak ikertzen aritu da. Ikerketa horien emaitzak zenbait artikulutan jaso dira, eta Itzalitako kalabazen berpiztea. Arimen Gau, Halloween eta Gau Beltzaren haur-ospakizunen ikerketa etnografikoa liburua argitaratu zuen (UEU, 2018; Josu Ozaitarekin batera). Jakin-en kolaboratzaile izan zen 2018-2021 urteen artean, Egunen gurpilean saileko Soziolinguistika atalean.
Lau artikulu akademiko biltzen ditu Jakin 262. zenbakiak, LGTB* politiken analisia, Ipar Euskal Herriko euskarazko zinemagintza, nerabeen hizkuntza erabilera eta Euskal Herriko beste hizkuntza minorizatuen erronkak aztertuz. Zenbaki horretan argitaratutako ‘Hizkuntza-koreografia berriak: zer erakusten digute nerabeek egungo hizkuntza egoeraz?‘ artikulua da Jaime Altunarena, eta bertatik dago aterata liburuxkako aipua. Adina, generoa eta hizkuntza nola gurutzatzen diren aztertzeko nerabeekin garatutako ikerketa etnografikoa du oinarri testuak. Horiek horrela, egungo hizkuntza errealitate sozial orokorrerako interesgarriak izan daitezkeen zenbait hausnarketa mahaigaineratzen ditu Altunak, «gazteen euskararen ezagutza eta erabileraren arteko ustezko arrakala» aztertuz.
Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.
