HamaikaTB

[222 esaldi] Iñigo Astiz

2026-01-29 222 esaldi

«Gerra egoera nork izendatzen duen da kontua, eta nork erabakitzen duen bakea heldu dela esatea. Mundua izendatzen duenarena da mundua».

Astiz, Iñigo (2016). ‘Euskal kultura 2016‘, Jakin 217, 55-60.

Iñigo Astiz (Iruñea, 1985). Informazio zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Berria egunkariko kazetaria da Kultura sailean. Hainbat hedabidetan aritu da kolaboratzen: Euskadi Irratia, Argia, Nabarra, Euskalerria irratia… H28 aldizkari satirikoko kide izan da. Besteak beste, Baita hondakinak ere (Susa, 2012) poesia liburua eta Ez duzu abusatuko (Elkar, 2019) saiakera kaleratu ditu. Bi poema antologia ere euskaratu ditu: Sylvia Plath poetaren Ariel eta beste poema batzuk liburuaren (Denonartean, 2013) eta Sandro Pennaren Bilduma bat (Farmazia Beltza, 2019). Rikardo Arregi kazetaritza sarian ohorezko aipamena jaso zuen 2015ean, eta 2019an Lauaxeta saria jaso zuen Analfabetoa (Susa, 2019) poema bildumarekin. Maite Mutuberriarekin argitaratutako Joemak eta polasak (Elkar, 2019) liburuagatik, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen.

Liburuxkako aipua 2016ko kultur balantzea egiten duen Jakin 217 zenbakitik dago aterata. Arteak 2016an emandakoaren errepasoa egiten du Iñigo Astizek artikuluan,  Donostia 2016 proiektua eta haren porrota oinarri hartuta. Horren harira, 1996ko Txomin Badiola artistaren artelan bat ekartzen du gogora. «The war is over!» (gerra amaitu da) irakur daiteke artelanean, eta aipamen hori berreskuratu zuen 2010ean Rikardo Arregi Diez de Heredia poetak Artium museoan emandako hitzaldian. Hitzaldi horretan, «gerra ez dela amaitu, are gehiago, gerra ez dela inoiz amaituko» adierazi zuen Arregik, eta horrekin bat egiten du Astizek testuan, gatazka birdefinitzeko eta problematizatzeko egin diren saioen garrantzia nabarmenduz.

Hala, gatazka egoeraren eta kulturaren arteko loturaz ari da testuan: «gatazkaren definizioa aberasten laguntzea da, nire ustez, gatazka egoera batean kulturak egin dezakeen ekarpen nagusietariko bat, nahiz eta, tamalez, zentsura kasuak agerian uzten duenez, Donostia 2016 egitasmoak ez duen halakorik lortu, zeren eta, zabaldu beharrean, murriztu egin baitu eztabaida».

Horrekin batera, merkatuak kulturgintza irentsi duela salatzen du. Testuinguru horretan, erronka nagusia «definizioak zabaltzea» dela dio, horretan kulturgintzak duen garrantzia azaleratuz: «azpiegitura eta egitasmo ofizial handiek huts egiten duten puntu horretan asmatzen dute batzuetan kultur ekimen txikiek eta sortzaileek».

Oraindik ez badaukazu, gogoratu Jakin beharreko 222 esaldi liburuxka hemen eros dezakezula.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan