HamaikaTB

[Ondaretik] Inperioaren atzeko patioa

2026-01-09 Ondaretik

Venezuelara egindako azken sarraldi estatubatuarraren suak itzaltzerako ari ginen entzuten haren azalpena. Lasai eta garden hitz egiten zuen mehatxatzaileen buruzagiak, herrialdean indarkeriaz sartu, ia ehun lagun hil eta presidente venezuelarra bahitzea errutinazko operazioa balitz bezala. Eta ondotik beste dozenaka bat herrialde bere arrastoan sartzeko publikoki mehatxatzea, gauza naturala. Hori guztia, gainera, erasoa izan zen urtarrilaren 3ko egunkariek Irango protestei AEBk eta Israelek babesa, hauspoa eta animoak bidaltzen zizkiela ekartzen zuten bitartean, Irango gobernuak protesten aurrean hartzen zuen jarreraren arabera usual suspects horien esku hartze militarra ere baztertu gabe.

Paradoxikoa izan da egoera. Prentsako jende jantziaren zenbait artikulu irakurrita, badirudi Trumpek azken asteetan mugarria mugitu izango zukeela nazioarteko politikan, eta egoera berri batean geundekeela. Eta, aldi berean, iruzkin horietan bertan AEBk iraganean egin zituzten antzeko operazioak aipatzen dira, Latinoamerikan bezala Asia mendebaldean ere. Paralelismo argietako bat 1989ko Panamaren inbasioarekin ikusi da, eta horrek, ustekabean, Harkaitz Canok Jakin 118ko Egunen Gurpilean aipatu zuen «Merry Christmas Panama!» esan zuen heriotzak kronika liburua irakurtzera eraman nau, Koldo Izagirreren luma zoliarekin. Canok goraipatu bezala, liburuaren merituetako bat da “Panamako inbasioaren adibidea beste hainbat gatazketan EEBBek izan duten jokaera zikinaren paradigma” dela ikusaraztea.

XXI. mendeko bigarren laurdena hasi berritan, berriak berri bai, baina zaharrak ere nahiko zahar izaten jarraitzen dutela, alegia.

 

Demokrazia zerri askara

Urtarrilaren 3ko erasoaren osteko lehen orduetan, analista batek baino gehiagok kopeta ilunarekin iruzkindu zuen Trumpen prentsaurrekoa. Demokrazia hitza aipatu ere ez zuela egin, nazioarteko zuzenbidean sartu ezinezkoa omen zela operazio militarra eta haren justifikazioa garden egin zuela interes nazionalen, petrolio-enpresen interesen eta narkotrafikoaren aurkako gerraren aitzakian. Estakuruak ez oso dotoreak eta ez oso sinesgarriak geratzen ziren, eta, okerrena, bazirudien askorik ez ziola axola horrek presidenteari. AEBtako gobernuak aurretik ere behar zuenero erakusten zuen ezaxola hori garden eta ozen, teknizismorik eta saihesbide zuritzailerik gabe azaldu izana zen kezka nagusia, inbasioa bera baino. Trumpek Mendebalde liberalaren fikzio etiko-politikoa eraitsi duelako ezer baino lehen, eta fikzio horren defentsan hamarkadatan enpeinatu diren hainbat eta hainbat ez nora eta ez hara utzi.

Joxe Azurmendiren Demokratak eta biolentoak liburua ETAren inguruko gogoeta etiko-politiko gisa irakurtzen da normalean. Idatzi ere, lehen kolpean, hurbileko testuinguru horri begira idatziko zuen Azurmendik, seguru asko. Hala ere, beti bezala, etxekoa ulertzeko begi bat nazioarteko, bereziki mendebaldeko, pentsamendu joerei adi zegoela idatzi zuenez, badu aprobetxamendurik testuinguru hurbil horretatik kanpoko auzietarako ere. Adibidez, demokraziaren bi ulerkera desberdintzen dituenean: bata erabakiak hartzeko moduarekin (botere birbanaketa ahalik eta handiena, herritarren partehartze politikoarekin) lotzen dena, kultura politikoarekin azken finean; eta bestea sistema politiko eta estatu eredu jakin batekin, mendebaldeko demokrazia liberalen gobernu formarekin, alegia.

Azurmendik liburu osoan zehar erakusten ditu demokraziaren ideia eta demokrazia liberalen estatu forma berdintzeko pentsamendu-joera horren arriskuak. Besteak beste, esaten du bukatu dezakeela demokraziak, botere politikoa antolatzeko printzipio baino, estatuen autojustifikaziorako tresna bihurtzen; demokraziaren izenean nazioarteko antolaketa juridiko jakin bat eta bakarra, estatu eredu bat eta bakarra eta are, askatasun demokratikoaren izenean, eredu ekonomiko bakar bat ere hobesten. Eta, gainera, horien defentsan gerrak eta estatu kolpeak esportatzen. Beste nonbait ere esan dudan bezala, baina Azurmendik egiten duen demokrazia liberalen sistema horren erradiografiari lotura handia ikusten diot 90eko hamarkada hasieran abiatu zen New world order usamerikarrarekin eta bere terrorearen kontrako gurutzadarekin.

Hain zuzen, analista eta intelektual zenbait kezkatzen dituena, antza, mundu ordena horren azala goitik behera urratu eta haren barrunbeak bistan utzi izana da gehiago. Hura sostengatzen eta zuritzen zuen diskurtso ideologiko liberala jarri du krisian Trumpek izatekotan, inperialismo estatubatuarraren araberako mundu ordena indartuko duelakoan.

 

Mundu garaikidearen jokalekuak

Mundu ordena berria 90eko hamarkadan kokatzen bada ere, horren oinarriak hamarkada batzuk lehenago bilatzeko aukera ematen digu Mikel Aramendik, Jakin 159.ean argitaratutako “Gerra Hotzaren gorian. Mundu garaikidea finkatu zuen hamarkada” artikuluan. Interesgarria da, inondik ere, AEBen nagusigoa guztiz ezartzerako eta horri itzal apur bat egin ziezaiokeen alternatiba oro borrokatzeko puntu goriak bistaratzen dituelako, begia 1950eko hamarkadan jarrita, eta ispilu esanguratsua eskaintzen digulako gaur egunerako, egungo gatazken jokalekuak ia puntuz puntu errepikatuz.

Ordukoa da AEBk eratu zuen aliantza sare zabala, adibidez, NATO ikur nagusi zela. Hamarkada luzetan baliatu ditu erakundeok AEBk bere nagusitasuna ezartzeko, bloke sobietarraren aurka hasieran, Gaizkiaren Ardatz lausoaren aurka ondoren, eta arerio Txinarengan proiektatzen den arerio ekonomiko-militarrarekiko oposizioan gaur egun. Aurrerantzean ere, ikusteko dago AEBk munduan zehar dituen aliatu-manupekoak ze formaren arabera antolatu nahiko dituen, eta soka teinkatze horretan ze emaitza izango dituen. Zalantzarik ez, hala ere, Mendebalde horren berrantolaketa AEBen nagusigoa berrezartzeko bilatzen dela gaur egun ere; kontrako haize handirik gabe oraindik.

Nagusitasun ekonomiko eta industriala ere AEBena zen nabarmen, 50eko hamarkadan. Horretan iraun zezan sustatu zituen petrolio produkzio handiena izan zezaketen herrialdeetako gatazkak, 1953ko Irango lehen ministroa egoztea abiapuntu hartuta. Jokaleku geopolitiko nagusia ere Ekialde Hurbil deiturikora etorri zen, Suezeko krisiarekin. Aldi berean, AEBk bere atzeko patio Latinoamerikarra arrastoan sartzeko eta lehengaiak ziurtatzeko meneko oligarkiak bultzatzen zituen. Harrigarria da gatazken eszenatokiak errepikatzeko dagoen joera hori.

Gatazka horiekin guztiekin batera ari zen gertatzen aspaldian ikusi gabeko iraultza teknologiko eta zientifikoa: energia nuklearra, espazioaren ikerketa eta informatikaren hastapenak, besteak beste. Arlo militarra eta lehengaia bezalaxe, zientifiko-teknologikoa ere potentzien arteko lehiatoki bihurtu zen. Txip aurreratuenen inguruan azken urteetan egon den norgehiagokaren parekorik izango zen 50-60etako espazioranzko lasterketan edo energia nuklearraren garapenean.

 

Inperioari aurre eginez

2003an Munduko Gizarte Foroa egin zen Porto Alegren, Brasilen eta Jakinek hango zenbait jakingarri ekarri zituen 136. zenbakian. Tartean dago Arundhati Roy idazle, pentsalari eta militante indiarrak eman zuen hitzaldia, “Inperioari aurre eginez”. Hain justu, sobietar batasuna desagertu osteko inperioaren eraberritze garaian dago idatzia, globalizazio proiektu mendebaldarraren gorakada orohartzailean eta Irakeko gerraren atarian. Urteak urte eta aldaketak aldaketa, bada oraindik leziorik Royren orduko hitzetan:

Gure estrategiak ez du soilik inperioari aurre egitea izan behar, hura setiatzea baizik.

Oxigenoa kentzea. Lotsaraztea. Barregarri uztea. Gure artearekin, gure musikarekin, gure literaturarekin, gure irmotasunarekin, gure alaitasunarekin, gure argitasunarekin, gure erabakitasun zorrotzarekin –eta gure istorioak kontatzeko gure abileziarekin–. Istorio horiek burua jateko sinestarazten dizkigutenetatik bestelakoak baitira.

Enpresa-iraultzak porrot egingo du eskaintzen digutena erosteari uko egiten badiogu –beren ideiak, historiaren beren bertsioa, beren gerrak, beren armak, ezinbestekoaren beren nozioa–.

Ez ditzagula inperioaren markoak erosi, alegia. Ez egunerokotasunean, ez salbuespen egoeratan. Ez norberak, ezta gizarte mailan ere.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan