2025-10-16 Albisteak
Handiak izan dira azken hamarkadetan euskararen biziberritze prozesuak izan dituen aurrerapenak, baina handia da, baita ere, aro hori amaitu eta atzeraldia etortzeko arriskua. Horren adierazle da, esaterako, euskarak eta euskal hiztunok bizi dugun larrialdi linguistikoa. Egoera ikusita, euskararen etorkizuna «jokoan» dagoela ohartarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta «euskarari etorkizun berri bat emateko» xedez, abenduaren 27an Bilbora deitu gaitu.
Milaka euskaltzale bilduko dira Bilbao Arenan egingo den ekitaldian, eta «euskarak behar duen indarraldia gorpuzten hasteko lehen urratsa» izango da. Kultur kutsukoa izango da ekitaldia, eta hitzartzeak eta musika uztartuko dituzte, musikagileei presentzia nabarmena emanez. Kontseiluak adierazi duenez, «euskaraz sortzen duten kulturgileek eskaintzen diguten unibertsoa» erdigunean jartzea dute helburu.
Horiek horrela, Amets Aranguren, Anari, Beñat Goitia Benizze, Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Joseba Tapia, Julen Goldarazena Flako Fonki, Maia Iribarne, eta Miren Narbaiza musikariak igoko dira oholtzara, eta «hamarkadatan euskararen taupadaren parte» izan diren kantuak joko dituzte, «euskararen soinu-banda» osatuz.
Musikariez gain, zenbait aktorek ere hartuko dute parte ekitaldian: Edurne Azkaratek, Itziar Ituñok, Miren Gaztañagak eta Ramon Agirrek, besteak beste, eta Ane Labaka eta Sustrai Colina bertsolariak ere igoko dira oholtzara. Oier Guillan antzerkigilea arduratu da ekitaldiaren gidaritza artistikoaz.
Sarrerak eskuragarri daude www.pizkundea.eus webgunean.
