2025-10-15 Ondaretik
Hegelek ba omen zuen ohitura, goizero-goizero egunkaria leitzekoa. Hiritarraren matutien errezoa deitzen zion horri, artzain protestanteen eta monje katolikoen goizeko errezoak imitatzen zituen ohitura sekular gisa. Batzuek brebiarioko otoitzekin argitzen zuten gogoa eguna Jainkoarengandik hurbil hasteko, besteek adimena munduaren berri izanez itzartzen zuten. Horregatik, “matutien otoitz errealista”, Hegelentzat.
Beste gauza asko bezala, Joxe Azurmendiri ikasi diogu edozeinen aurrean listomariarena egiteko anekdota hori. Baina beti bezala, anekdota ez dator soltean. “Moderniakumeak egunkarian ikusten du, non aurkitzen den oraintxe mundu honetan. […] Mundua zer dabilen egunkariak esaten digu eta, zeinek esan behar digun mundua zer dabilen, bakoitzak oso ondo aukeratzen dugu. Nik ondo aukeratua daukat nirea. Euskaldunon Egunkaria da.” Aipua dakarrena egunkari horren 1995eko eraberritzerako idatzitako testu atsegin bat da, “Hegelen goizeroko otoitzarena” izenekoa. Baina anekdota, laudorio eta hobetzeko proposamenen artean egunkariek gizartean daukaten (zeukaten?) funtzioari buruz gogoeta interesgarria zekarren. Egunkariek, sekzioz sekzio, mundua egituratzen dizutela gogoratzen zuen, eta proposatutako egitura horrekin nahikoa orientatuta ibiltzen zela bera behintzat, nahiz eta beti-beti ez egon konforme eta batzuetan moderazio-beharrak haserretu.
XIX. mende hasieran, Hegelentzat argi zegoen funtzio egituratzaile hori. Hainbeste, ezen errezoen pareko ekintza zibiko bat den berarentzat hura irakurtzea. XX. mende amaieran, euskarazko egunkari nazionalak bergogorarazi zuen zer zegoen jokoan; alde ederra zegoela globalizazio-kanpai berriek deitzen zuten mezetara egitura mental batzuk 200 urtez goizero naturalizatu ostean joan, edo brebiario zibil jaioberriarekin agertu.
Euskarazko egunkariaren genealogia baterako
Euskarazko egunkaria proiektu modernoa izan zen, haustura zekarrena aurreko argitalpen euskaldunekin. Ordura arte album folkloriko zirenak, munduaren leiar euskaldun bilakatu ziren egunkariarekin. Proiektu moderno horren segida gisa irudikatuz, 90eko hamarkadako egunkaria eta gerraurreko saiakerak lotzen ditu Azurmendik ‘Agirrek badu orain bere egunkaria’ zutabean. 1991ko abenduaren 6koa da, justu Euskaldunon Egunkariak urtea bete eta gehigarri berezia atera zuenekoa. Aipatzen ditu Joseba Mirena Agirre Lizardiren euskarazko egunkariaren asmoak, eta gerra garaiko Agirre lehendakariaren eskutik sortu zen Eguna, 1937an zehar argitaratu zena, “hogeitik hogeitabost urte arteko jende gazteak egina bera ere.” Egunkariaren hastapenak bezalaxe, gutxi asko.
Ez da kasualitatea Azurmendik genealogia hori ekartzea egun seinalatuan. Gerraurreko beste hainbat asmo kultural bezalaxe, bere belaunaldiak berreskuratu eta gauzatzera bidean jarri zituen, hurrengoen lan militantearekin. Askotan azpimarratu ohi da gerraurrekoen eta ostekoen etena, gutxiagotan segida. Azurmendik gogorarazten duen Lizardiren aldarria, egunkaria izango zela “katolikoa bai, baina galtzaduna; ez eleiz-orria”, bere garaiko egunkariaren neutraltasunari buruzko eztabaidarekin lotzen du, aldizkariak politikoki konprometitua bai, baina alderdiekiko independentea izatea behar zuela. Iradokizunetatik harago, segidak eta etenak zertan izan ziren, nolakoak, norainokoak… gutxiegi landutako gaia da oraindik ere.
Berez, hezur-haragizko lotura zegoen gerraurreko saiakeren eta 90eko hamarkadako Egunkariaren artean. Errepublika garaiko euskaltzaletasun eta abertzaletasuna etxetik zetorkion Martin Ugalde kazetaria egon zen Egunkaria Sortzen egitasmoan, erbestea eta frankismoa ondo ezagututa. Bere obra digitalizatua apur bat arakatzea nahikoa da Lizardiren ametsa, Agirreren Eguna eta Euskaldunon Egunkaria lotzen dituen haria zeinen presente zeukan nabaritzeko.
Egunkaria Sortzen egitasmoa eta ezagutzen dugun euskarazko egunkariaren bilakaera nolakoak izan ziren jakiteko ere ez da erreferentziarik falta Jakinen ondarean. Joan Mari Torrealdairen eta Ugalderen digitalizazioek gai oso bat daukate horri eskainia. Horrekin gutxi ez eta, erditze luzea, eztabaidak, lehen urteetako gorabeherak, egonkortzea, bortxazko itxiera eta Berriaren irekiera nola izan ziren xehe-xehe jasota daude 2015eko Jakin 210. zenbakian, Egunkariaren 25. urteurrenean atera zen monografikoan. Bereziki interesgarria Torrealdairi Lorea Agirrek egindako elkarrizketa: ‘Irautea irabaztea denean’. Bereziki mamitsua euskarazko egunkariaren funtzio egituratzailearen azterketa xehea, Lorea Agirrek berak egina: ‘Egunkariak nola irakurri gaituen’.
Horiekin batera, azken urteetan Egunkariari eta euskarazko prentsari buruz arnasa luzeagoko kontakizunak plazaratu ditu Jakinek, Berriarekin eta Elkarrekin lankidetzan. Torrealdairen beraren azken testigantza da bat, behin Egunkariaren itxierarekin lotutako prozesu judizialak eta abarrak amaituta, bere azken urteetan osatu zuen ‘Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta’ (2021) liburua, hil ostean argitaratu zena. Egunkaria itxi eta lehen orduko erantzun kolektiboa jasotzen duen ‘Egunero behar genuen’ (2023) ere hor dago Aleka bilduman, Imanol Murua kazetariaren ikerketa lana jasotzen duena. Bilduma berean, berriki argitaratu du Garbiñe Ubedak Egunkariaren eta Berriaren urte luzetako zuzendariari buruzko liburua, ‘Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza’.
Harira lotu
Hegelen goizeroko otoitz hiritarra arrotz zaigu honezkero. Azurmendiren brebiario zibil euskalduna ere halamoduz. Askotan entzun dugu proiektu moderno egituratzaile handi horiek iraganean geratuak daudela. Kontua da, horrek zer dakarren, ez baita gauza bera postmodernitatearen izenean asmo egituratzaile oro baztertzea, edo egituraketa moduak erreformatzea. Batean, neoliberalismoaren esku ikusezinaren menpe uzten da dena; bestean, ezpaldutako orain honetan ere, munduan euskaratik kokatzeko grinari eusten zaio. Bigarrenaren alde egitekotan, euskarazko egunkariaren proiektu modernoa, Lizardiren ametsetatik Egunkariaren gauzatzera eta Egunkaria itxi osteko erantzunera, ondo aztertzeko aurrekaria da gaur egun ere.
Gaur egungo joera izango da albiste feedak gero eta pertsonalizatuagoak egitea edo nahi duzuena, baina alde ederra dago hori indibidualismo apetatsuaren menpe utzi edo Zuk Zeuk Egizu filosofia kolektiboari segika egin. Batean hautua jada emanda datorren eskaintzaren artean egiten baitu norbanakoak, korporazio handiek eta hizkuntza hegemonikoek ofertatuaren baitan; besteak atea irekitzen dio norberak nahi eta behar duen eskaintza eraikitzeko hautu politikoari, taldean eraiki ere. Eta hori, aldeak alde, erraz lotzen da mende oso batez ezagutu dugun euskarazko prentsaren aldeko grina horren hariarekin. Modernitate osteko garai lauso hauetako kazetaritza moduetan ere, euskarak balio diezagukelako handira jotzeko eta egunero behar dugulako aktualitateak mundua euskaratik eman diezagun. Eta, batez ere, hori gizarte zibiletik, herri ekimenetik eragitea izango delako berme, berriro ere.
