2025-01-10 Artikuluak
Argazkia: David Monniaux
Frantziako aitartxifaxista hiltzearekin batera hasi dugu Jakinen ondare digitalizatuari tolesak kentzeko seriea. Aitzakia ona eman digu Le Pen I.ak webgunea zokoz zoko arakatu eta, sorpresa, azken lau hamarkadetako aipuak topatzeko, pentsalarien lan digitalizatuen eta Jakinen zenbaki zaharren artean. Bai, erreferente izan da Le Pen Jakinen idatzi duten askorentzat. Beharrik, erreferente negatibo izan da gehienentzat; nora ez joan eta nondik ez ibili pentsatzeko, ideia nazionalista-inperialisten eta arrazisten koadrantean.
Txillardegi, Aljeria, Kaledonia Berria
Digitalizatutako Txillardegiren idazlanen artean dago, adibidez, ‘Calédonie française’, Egin-en argitaratutako zutabea, 1989ko maiatzaren 21ekoa. Kanakiarren deskolonizazio borrokaren hasierako urte gorabeheratsuetan ari da idazten, eta gogora etortzen zaio nola 1962an Aljeriak bere autodeterminazioa eta askatasuna lortu zituenean bera Parisen zegoen, eta giroa nola zegoen benetan gaiztotua, eskuindarrak «Algérie francaise!» oihukatzen eta gainerako gehien-gehienak «helburu okaztagarri hura» onartzen.
Le Pen, Txillardegiren adinkidea ia, ez zegoen Parisen. Nahikoa lan bazuen Aljerian bertan, independentziazaleak torturatu eta, esaten dutenez, etorkizuneko bere ideia-matrizea, arrazismoa eta inperialismo supremazista, trinkotzen. Handik bueltan egokitu zen, nonbait, Miranderekin, Txomin Peillenek Jakin 106an dioenez; «bi orduko lepenista» izan, haren nazionalismo frantsesarekin nazkatu eta bere faxismo sui generis-a landuz jarraitu zuen gure incel emankorrak.
Gatozen, ordea, berriro, 1989ra. Maiatz hasieran Tjibaou buruzagi independentista autodeterminaziorako adostutako bideorriarekin kritiko zen beste kanakiar batek hil zuen. Txillardegik dakar, berari bezala, burua Aljeriara joan zitzaiola Le Peni ere: «Le Pen faszistak ‘Arjeliako prozesu hitsa hasia dela’ esan du». Ez da kolonialki kezkatutako bakarra, ordea: hasi Chirac eta D’Estaing eskuindarrengandik eta Pons sozialistarengana, «inork ez du galdetu, ausarki, frantses inbaditzaileak Kanakian zer debru ari diren». Guztiek partekatzen zutela sakonean Le Penen kezka bera, alegia; Frantziak behar zuela Kaledonia Berriaren jabe, mozorrotu hori demokraziaren edo nahi den beste edozeren hobebeharrarekin. Bide beretik datoz urak oraindik, egun hauetan irakurtzen dugunez.
Ferrer, Etxarte eta arrazismo hutsala
Harrigarria da nola seinalatzen dituen berdin-berdin Le Penen diskurtsoaren garroak Mariano Ferrerrek Jakin 65eko Egunen gurpilean atalean. ‘Zerbaitek ustel-usaina Frantzian’ zeukan izenburua azpiatalak, eta 1991n Chiracek bota zuen boutade ez batere ausazkoa zekarren, Frantzian immigrante gehiegi zeudela laguntzetatik bizitzera etorrita. [Frantzia kontinentalean, ulertzen da, Kaledonia Berrian oraindik luzez jarraitu baitzuten kolono zuriak bidaltzen, Parisek ondo diruztatuta]. Gero, zoli-zoli, sozialista puntako batzuek (Mitterrand, Cresson) desfilatzen dute testuan, deportaziorako hegazkin bereziak eskatuz eta Frantzia «migrazioren auzian gaindituta» deklaratuz. Ferrerren coda: gero ez harritzeko hauteskundeetan Le Pen igotzen bada, behin hasita jendeak nahiago izaten omen duelako originala, kopia baino. Hamarkada baten buruan Haritxelharrek Chiracen eta Le Penen artean hautatzeari uko egiten dio, 2002ko hauteskunde presidentzialetan.
2015ean gaude orain. Jakin 211n Hedoi Etxarte ari da idazten, ‘Paris ere munduan dago’, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuaren biharamunean eta Parisen salbuespen egoera deklaratu berritan. Horren genealogia eginez, Aljerian (60ko hamarkada hasieran), Kaledonia Berrian (1985ean) eta Parisko aldirietan (2005eko matxinadetan) deklaratu izan dela aurrez irakurtzen diogu, tipula baten gisara, metropoliaz kanpoko geruzetan. Eta tartean esaldi bat, deblauki: «Gaurko Alderdi Sozialistak esaten duena berrogei urtez esan du Fronte Nazionalak. Jean-Marie Le Penen tesiari arrazoi emanez: FN ez dago erakundeetan, baina eztabaiden agenda eta paradigma ezartzen ditu». Eta garbi-garbi ikusten duzu metropolia inperialismo nazionalista frantsesa eta (horren bitartez) arrazismoa normalizatzen, salbuespen egoeratik salbuespen egoerara.
Lehendik ere idatzita geneukan, antza, Le Pen, izatez, sintoma bat zela. Eta hura gabe ere berrituko dela ikus dezakegu, izan Mayotte artxipelagoan, izan edozein herriko jaietan. Horregatik merezi du gauzak ondo finduta pentsatzea. Eta, horretarako, berriro ere Le Pen erreferente izatea ez da gaizki etorriko. Beharrik, hamarkadatako esperientzia daukagu horretan.