Euskal Herria Zuzenean festibaleko kideek irabazi dute JMT beka

'EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean' proiektua hautatu du epaimahaiak aho batez

2024-12-18 Albisteak

Euskal kultura ikertzeko deia luzatu du bigarren Joan Mari Torrealdai bekak, eta musikagintzari lotutako EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektua izan da garaile. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta EZHko kideek 18 hilabete izango dituzte orain, 14.000 euroko sariarekin proiektua garatu eta jendaurrean aurkezteko.

Usurbilgo Udalak eta Jakin-ek elkarlanean bi urtez behin antolatzen duten bekak arreta berezia eskaintzen dio ikerketatik ekintzarako jauziari, eta epaimahaiko kideek —Maialen Akizu, Eduardo Apodaka, Ibai Iztueta eta Ainara Lasa— egitasmoak horretarako duen potentziala azpimarratu dute. Izan ere, Haritz Azurmendi bekaren koordinatzaileak dio epaimahaiak ez duela zalantzarik izan “ikerketa eragilea izango dela eta ez dela kaxoi batean ahaztuta geratuko”. Ez da arrazoi bakarra izan, hala ere; gaiaren interesa nabarmendu dute: “Euskal musikagintzaren bilakaera eta jaialdi-ereduen eztabaida boladan dagoen gai bat izanda, bereziki interesgarria zitzaigun horri buruzko gogoeta egin ahal izatea” eta gainera, aztergaia euskal musikagintzaren eta jaialdien lagin esanguratsua dela aipatu dute.

Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kide eta bekaren koordinatzaileak azaldu duenez, lau proposamen jaso dira II. Joan Mari Torrealdai bekaren deialdian. Gogoratu duenez, Torrealdairen liburugintza azterketaren eredua jarri zen bigarren deialdiaren oinarrian. “Hark liburugintza aztertuz ordura arteko euskal kulturaren bilakaeraz ondorio esanguratsuak atera zituen bezala, bekako proiektuek beste hainbeste egitea nahi genuen, izan liburugintzaren arloan bertan, izan beste kultur esparruetan. Bigarren bide horri heldu diote proposamenek”, azaldu du. Hala, zinemagintza, azken urteetako rol jokoen gorakada, jakintza soziolinguistikoa zein musikagintza esparruko proposamenak jaso dira.

Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio zen beka, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan, etorkizunari so.  Solaberrietak gogoratu duenez, Torrealdaik sarri esaten zuen izatea ekitea dela: “eta egiten duguna bagara, behar dugu garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatu”. Horregatik, “kulturgintzarentzat akuilu ez ezik, aukera bat” bihurtu nahi luke beka, “biharko egunari nola heldu eta ze bideetatik ekin edo jarraitu aztertzeko”.

Lorea Agirre Jakinen zuzendariak nabarmendu duenez, Joan Mari Torrealdaik ikertzeko zuen moduak bereizten zuen: “beti oinak lurrean jarriz, ez airean, ez abstraktuan, eta beti herri batentzat, kultura batentzat eta hizkuntza batentzat”. Alde horretatik, lan irabazlea “bete-betean ezkontzen da” Torrealdairen ikerketa eta ekintza sustraituaren ideiarekin, haren ustez. Pozarren hartu du sarituen izena, “kulturgintzan eta herrigintzan lur hartzen duen lana” izateaz gain, “etorkizun betean den kultur egitasmo baten ingurukoa, hainbat muga hautsi eta elkargune berriak eraikitzeko baliagarri izango dena: hala nola, belaunaldi artekotasuna, muga-gaindikotasuna eta kultur diziplina artekotasuna” ere badelako.

EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektua
Boluntario ibilitako kideek eta dabiltzanek gauzatuko dute Euskal Herria Zuzenean festibalaren hiru hamarkadaren inguruko ikerketa. Berariaz diote proiektuan, ikerketa “festibalaz eta euskal musika eszenaz gogoeta egin ahal izateko tresna” izango dela, baita emaitzak EHZren bueltako balioen eta jardunen transmisioa indartzeko erabiliko direla ere. EHZko Aitor Servier eta Joana Barbier izan dira saria jasotzen, eta eskertuta, buruan zuten ideia bat garatzeko sekulako bultzada izan dela aitortu dute: “ohorea da, guretzat, Joan Mari Torrealdairen izena daraman beka jasotzea: lanean jarraitzeko motibatzen gaitu”, nabarmendu du Barbierrek. EHZ-k 30 urte beteko ditu 2026an, II. Joan Mari Torrealdai bekaren plazaratze urtearekin bat eginez: “Duela bizpahiru urte gogoeta fase bat hasi genuen, jakin gabe zer atera nahi genuen hortik: orain berriz abiatu garenean, bekaren berri izan dugu, eta sorpresa izan da”.
Servierrek azaldu duenez, EHZ adibide harturik euskal musikagintzak izandako bilakaera aztertzea dute helburu, baina harago ere joan nahi dute: “ekosistema oso bat aztertzeaz ari gara: musikagintzak eta kulturgintzak, oro har, sorkuntza behar du, zaleak behar ditu, eragileak behar ditu eta boluntarioak behar ditu”. Zentzu horretan, EHZ-ren ibilbide osoan funtzionatu duten eta ez duten alderdiak aztertuta, “ondorio mamitsu batzuk” atera ahal izango dituztela nabarmendu du, “autokonplazentzian erori gabe”. Gainera, azken hiru hamarkaden ikuspegi nostalgikotik urrunduz “oraingo eta biharko korapiloak askatzeko asmoz” ekingo diote erronkari.
Emaitza Euskal Herri osoan zabaltzeko nahia adierazi dute Servierrek eta Barbierrek: “Kulturgintzaren eta herri mugimenduaren  espazioetan, batik bat, gu hortik gatozelako”. Lehentasunez gazteekin lan egiten duten heinean, gazteen espazioetara jo nahia agertu dute, baita ikastetxeetara eramatekoa ere. Emaitza plazaratzeko euskarririk ez dute zehaztu nahi izan oraingoz, baina hainbat maneratan plazaratuko dutela aurreratu dute.

Usurbilgo Udalaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmena
Udalak eta Jakinek lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2022an, lau urterako, eta Joan Mari Torrealdai bekaren deialdia bi urtean behin egiteko asmoz: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Agirrek gogoratu duenez, Torrealdai euskalgintzaren eta euskal kulturgintzaren azken 50 urteetako eragile, ikerlari eta pentsalari nagusietako bat izan zen, eta hark zabalik utzitako bide horri jarraitu asmoz abiatu zuten beka, Usurbilgo Udalarekin batera, Torrealdai Foruan jaio bazen ere, Usurbil izan baitzuen bizileku eta bertako herritar baitzen.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan