HamaikaTB

[Ondaretik] ‘Xabiertxo’ normalitatearen kontra

2025-09-29 Ondaretik

Haurraren Nazioarteko Urtea izendatu zuen NBEk 1979a. Izendapen hori baliatu nahi izan omen zen haurrei zuzenean eragiten zieten hainbat arazo global bistaratzeko, hasi malnutriziotik, gerrekin eta osasun arazoekin segi eta ganorazko hezkuntza jasotzeko ezinarekin bukatu. Egin ziren ekitaldi sinbolikoen artean batek protagonista euskalduna izan zuen: aurten mendeurrena betetzen duen Xabiertxo liburua. Haurraren Nazioarteko Urtearen karira osatu zen ohorezko liburu zerrendan agertzen zen umeak euskaraz hezteko argitaratu zen lehen testuliburua. Argitaratu eta 100 urtera ere omenaldiak ez zaizkio falta.

 

Elbira Zipitria, Xabiertxoren inguruan

1979ko ohoratzea aitzakia, Goiz Argi aldizkarian elkarrizketa berezia egin zion, urte horretan bertan, Jesus Gaztañagak ordurako euskal irakaskuntzan erreferentzia bihurtua zen Elbire Zipitriari, eta eskuragarri dago, irakaslearen testu guztiekin batera, Jakinen digitalizazio atalean. Elkarrizketak luze aletzen ditu, galde eta erantzun, Xabiertxoren ibilerak eta indarguneak, eta ez dituzte aparte uzten Ixaka Lopez-Mendizabal egilearen bizitzari buruzko zertzeladak ere.

Zipitriari irakurtzen diogu gerra aurrean jada umeek estimu handitan zutela liburua, “pozik erabiltzen zutela” eta “erraz eta aixa ulertzen”. Ez bide zegoen liburu askoz gehiagorik orduan haurrentzat. Gerraurrean gutxi baziren, gerraostean are gutxiago: Zipitriak “Xabiertxo beltzarana” dakar gogora, erbestean Ixakak argitaratutako edizio koloregabea; nola hala eskuratu eta umeei gordeka ematen ziena. Martin Ugaldek jasota dauka, Deiako eta RIEVeko artikulu banatan, besteak beste, erbestealdiko lehen garaian Lopez-Mendizabalek, Ekin argitaletxearen eskutik, egin zuen ekarpena liburugintzan.

Alabaina, frankismopeko Euskal Herrian ere argitaratu zituzten edizioak, antza: “Emakume Abertzale Batzakoak asi giñan berriz argitaratu nairik. Ortarako, Isaka bera urruti zegon. Baiña Lopez Mendizabal’en, Irarkola ez dakit, baina irar-makinak beintzat Alvarez’tarren esku zeuden nolerebait: auekin asi giñan artu-emanetan.”

Alvareztarrak Txillardegiren senitartekoak ziren, noski. Jose Luis bera ere tartean zela gogoratzen du Zipitriak, Jone Forcada emaztearekin batera. Hasiera batean lehen edizioa bere horretan argitaratzea izan zuten asmo Txillardegiren senitartekoek, eta Zipitria eta abarrek iparraldeko alegiaren bat gehitu nahi izan ziotenean ezezkoa jaso zutela. Aldiz, ondoren, argitaratzaileek proposatu omen zioten, zentsurari iskin egin nahian edo, Xabiertxoren ‘X’ ‘J’ bihurtzea eta “Euzkadi lurtamu edo mapa” kendu edo behintzat aldatzea. Gehitxo Zipitria eta EABko gainerakoentzat. Alvareztarrek pragmatismo pixka bat galdegin zietenean emandako erantzuna argigarria da: “Ez da lan atsegiña, baiña nik egiñaalak eta bi egingo ditut, oiñarri-iritzi edo printzipioak zutik gordetzeko.” Zerbaitegatik irabazi zuen Zipitriak gogor fama, hala etsaiekin nola lagunekin. Nolanahi ere, azkenean ikusi zuen argia frankismopeko Xabiertxo hark. Maritxu Barriola nekaezinaren laguntzaz etorri zen hori, azkenean.

 

Xabiertxo normalitatearen kontra

Lopez-Mendizabalen liburu ezaguna erruz agertzen da Jakin Sortako Gure Ikastola (1972) liburuan. Bereziki interesgarria “1937 aurreko ikastolen edestirako jakingarriak” kapitulua da, Mikele Errezolak idatzia. Gerraurreko euskarazko eskolak non zeuden kontatzen du, maiz bertan ibili ziren irakasleen testigantzetan oinarrituta. Eta kapitulu bereziki interesgarri horren abiapuntuko esaldia posizionamendu bat da bere horretan: “Euskalerria’k beti izan du bere izkuntzari eutsi naia, bere izkuntza-miña.” Errezolak ontzat ematen du, irakurle orok erroetaraino sartua izango baitu seguru asko, ideia, baina ez dago sobera hitzetara ekartzea: eutsi nahia eta hizkuntza-mina izan badira Euskal Herrian, kontrako haizea bortitz ibili delako izango da. Espainiar eta frantziar estatuek ezarri zuten gizartearen antolamenduak, XIX. mendean bezala XX.ean, euskara ezabatzea izan zuen joera normal(izatu); hezkuntza sistemak oinarri-oinarrizko eragile zirela.

Joera horri kontra egiteko tresnetako bat izan zen Xabiertxo, bere garaiko moral jeltzale eta kristauarekin batera, hizkuntza-mina arintzeko borondate iraunkorra gordetzen zuena. Erabili zuten Donostian, Bergaran, Tolosan, Seguran eta Errezola jasotzera iritsi ez zen beste zenbait lekutan.

Eskolak itxi eta debekatu zituztenean etxeetako klandestinitatean nahiz kalekoan jarraitu zuen Xabiertxok. Ander Manterolaren elkarrizketan, Jakin 174.ean irakur daiteke lehen kasua:

Liburu batzuk ere utzi zituen osabak, erbestera joan baino lehenago gurekin bizi izan zen momentu batean. Bere liburu batzuk geneuzkan irakurtzeko: Argi donea, Josutxu. Gogoratzen dut baita Xabiertxo ere, Ixaka Lopez Mendizabalena. Asko gustatzen zitzaidan, baina ez zegoen osorik. Apurtuta zegoen. Erabiliaren porasuz izango zen.

Bigarrena Juan San Martinek kontatzen du Euskera aldizkariko artikulu batean:

Bere arreba Mirentxuk [Inazio Maria Barriolaz ari da, eta Maritxu esan nahi du], Donostiako Garibai kalean zuen denda hura, gudaostean ginen euskaltzale guti batzuen biltoki izaten zen. Maritxu Barriola beti baitzen zernahitarako prest. Ondo oroitzen naiz denda hartan isilpean nola erosten nituen haurrei euskaraz irakurtzen erakusteko Ixaka Lopez-Mendizabalen Xabiertxo zeritzaien liburuak, John Zabalo “Txiki”-ren irudi edergarriz apaindua.

XX. mendearen azken hamarkadetan kontrako haize bortitzak nolabait baretu eta aukera berriak sortu zirela gauza nabaria da. Ixaka bera erbestetik itzuli zen, eta inprenta berriro martxan jartzeko beta ere izan zuen, bere seme Xabier Lopez-Mendizabalekin batera. Gero etorri zitzaizkion omenaldiak eta abarrak (ez behar adina, Zipitriak salatzen duenez). Eta geroago, euskarazko materialgintzan inoiz ikusi gabeko eztanda.

Baina haizeak, baretuta ere, higatzen jarrai dezake, oharkabean. XX. mende amaierarako halako normalkeria arriskutsu bat salatzen zuten batzuek. 1998an argitaratu zen Jakin 107. zenbakia, Kilometroak 98’ren (mundiala!) bueltako taldearen eskutik euskalgintzaren erronka zahar eta berriei buruzko monografikoa. Hor idatzi zuen Iñigo AranbarrikEzinaren laudorioa Tolosan barru” artikulua, Ixakaren eta Euskal Pizkundearen adar tolosarraren oihartzunez betea. Oso-osorik merezi du irakurraldi bat baino gehiago artikuluak, baina titular bakarrera murrizteagatik, Pizkunde garaia gogorarazten du Aranbarrik esateko, globalizazio, aro postnazional, postideologiko, neutral, neoliberalismo eta hizkuntza liberalismo garaian, nekeza eta nekagarria izan daitekeela euskarazko kulturgintzaren aldeko beti-betiko mezuak idaztea (normalkuntza, lurraldetasuna, sustengua eta babesa…), baina behar beharrezkoa dela gogoratzea euskararen aldekoa hautu politiko bat dela funtsean. Hautu politiko bat, koordenada ideologiko landu batzuetatik egiten dena. Hala egin zuten Lopez-Mendizabalek, Lauaxetak, Lizardik, Zipitriak eta abarrek.

Hautu politiko eta ideologikoak aipatzeak neutralitate zale ugari asaldatu izan ohi ditu XXI. mende hasieratik hona, baina, beharrik, izan dira egoera gordin azaldu dutenak ere. Nagore Amondarainek argi eta garbi esan zuen Jakin 208.eko bere Egunen Gurpilean atalean, bere garaian Xabiertxo kokatzen zen hezkuntza testuinguruari begira: “Ez dugu ukatuko curriculuma ezartzeko beharrezko diren testuliburuak, tresna didaktikoak izateaz gain, tresna ideologikoak ere badirenik. Ezin dugu beldur edo lotsarik izan hori onartzeko, hemen eta edonon gertatzen den errealitatea baita, orain eta lehen.” Hori argi izanda hartzen zaio benetako neurria Xabiertxori eta garaiko Euskal Pizkundearen proiektuari: estetikoki berritzailea, pedagogikoki erabilera aurrerazalekoa, baina batez ere, proiektu euskaltzale oso bati ekarpena egiteko jaioa izan zela. Lehen bezala orain ere, hautu politikoen eta lanketa ideologikoen bidetik etorriko da hurrengo Xabiertxoak sortuko dituen ekosistema kulturala. Hautu eta lanketa horiek aberasteko da ezinbestekoa, batez ere, Lopez-Mendizabal eta enparauen jarduna ezagutzea.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan