[Ondaretik] Liburugintza 50: Joan Mari Torrealdai gogoan

2026-07-30 Ondaretik

Sei urte bete dira gaur Joan Mari Torrealdaik (1942-2020) utzi gintuela: San Ignazio eguna izaten dugu urtero, udaren bihotzean, Joan Mari indar bereziz gogoan hartzeko eguna. Izan ere, ez zaigu erraza hartaz eta haren emariaz ahaztea. Jakineko zuzendari eta Jakin Talde historikoaren gidari izandako hamarkadetan itzela izan zen euskarari eta euskal kulturari eman zion guztia. Pizkunde oihartzunak berriro ozen entzuten diren aldiotan, 60ko eta 70eko hamarkadetan iratzarritako belaunaldi oso baten partaide eta bultzatzaile izan ziren Jakineko kideak ere, xede eta asmo oinarrizko bezain amestien inguruan: euskara batzea eta modernizatzea, gure hizkuntza kulturaren eta ezagutzaren esparru guztietara zabaltzea… Hitz batean, euskara eta kultura uztartzea, euskara kultur joera, mugimendu eta alor guztietara zabalduz. Horixe izan zen, oro har, 56ko belaunaldia deitzen diogunaren bidea; horixe, Jakinen egitasmoa ere. Eta Joan Mari Torrealdaik ere horri eskaini zion bere ibilbide intelektual, profesional eta pertsonala. Dena esan dezagun: garesti ordainduz.

Asmo eta intuizio horrekin lotzen da orobat Torrealdaik bere bizitza osoan zehar jorratu zuen ikerketa lerro kutunenetakoa: euskal liburugintzaren azterketaz ari gara.

Frantzian Soziologia ikasketak burutu ostean, Euskal Herrira itzulita, ekin zion liburugintzaren auziari. Zergatik? Arrazoia nabaria bezain sinplea izan zen: hutsune bat betetzearren. Euskal idazleak, gaur (1977) liburua prestatzen ari zela jabetu zen zein informazio gutxi eta eskasa zegoen euskal produkzio idatziaren gainean; ezinezkoa zen hortik azterketa soziologiko txukun bat osatzea.

Liburuaren mundura hurbiltzeko metodoa Robert Escarpit irakasleari ikasi zion. Literaturaren soziologiaren ikuspegi horrek literatur gertakaria gertakari sozialtzat hartzen du eta eremu horretan erabili ohi diren teknikak aplikatzen dizkio, estatistiketatik azterketa objektibo eta kualitatiboetara.

Oinarrizko lan-hipotesi batetik abiatu zen Torrealdai: euskarazko liburuak, neurri batean, euskal gizartea islatzen zuela; bestela esanda, liburugintza ez dela gizarte errealean txertatu gabeko jarduera marjinala. Liburugintzaren eta gizartearen lotura hori erakusten saiatu zen urtea joan eta urtea etorri. Izan ere, bibliografoaren ikuspegitik harago, ekoizpenaren zenbatekoa bera baino gehiago interesatzen zitzaion beti ikuspuntu soziologikoa: euskaraz zer argitaratzen den, eta argitaratzen den hori non eta nola txertatzen den euskal kulturan. Eta abiapuntuko asmo horren arabera moldatu zuen bai informazioa biltzeko metodologia, bai liburugintza aztertzeko modua: gai multzotan sailkatu, gaien arabera aztertu, jatorriaren nondik norakoa argitu, euskaraz ala erdaraz sortua den, nobedadea den ala berredizioa, jatorrizkoa ala itzulpena…

Joxe Azurmendik (‘Joan Mari Torrealdai: 25 urte Jakin-en zuzendari’, Jakin 102, 1997) ezin hobeto laburbildu zuen: «Joan Mari Torrealdai liburuan espezializatu da. Baina ez liburu-liburuan itxita geratzeko, izpiritu zabaltasuna frogatuz baizik, euskal kultura osoaren planteamendu batekin –‘herri baten aurpegia liburutan ere ikusten ahal da’–, beti euskal idazkintza eta kultura osoari adi». Horrenbestez, azken buruan, azterketa soziologiko horren azken xedea praktikoa da Torrealdairentzat, ekintza sozialari begirako ikerketa da beti. Torrealdai betidanik kezkatu izan dute arazo praktikoek: nola susta daiteke gehiago euskal liburua hobeto argitaratzeko, zabaltzeko, esportatzeko? Nola indartu daitezke idazle eta argitaletxe sistemak (EIE, EEE, EIZIE)? Nola, Durangoko Azoka?… Torrealdairen ibilbide intelektualaren alderdi performatiboa dator hemen, kultur ekintzaile eta sustatzaile nekaezinarekin egiten baitugu topo. Horra belaunaldi oso batek konpromiso intelektuala ulertzeko hartu zuen bidea: ezagutzatik eragiletzara. Ez alferrik, «gizonen [eta emakumeen] lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea».

Eta horren guztiaren atzean (aurrean, eskuin-ezkerrean, inguruan), Torrealdairen amets handia: Biblioteka Nazionala. Baina egitasmo eta aldarrikapen horri buruzkoek hemen eta orain duguna baino leku zabalagoa merezi dute.

1976-2025: 50 urte liburugintza aztertzen

Soziologia lizentziatura burutzeko abiatu zuen ikerketa bide hori Parisen 1974an, Les écrivains basques contemporaines. Approche sociologique tesinarekin, eta geroztik horri eutsi zion, liburuz liburu, saioz saio eta urtero Jakin aldizkarian argitaratutako azterketetan. Eta aldizkarian argitaratutako urteroko azterketez ari garela, ohargarria da 1976ko liburugintza izan zela landu zuen lehena: ‘Euskal liburugintza 1976’ (Jakin 1, 1977).

Lehen lan horietan hasi zen Torrealdai bere ikerketaren unibertsoa eta eredua finkatzen: batetik, informazio bilketa, liburuen zerrenda edo katalogoa datuz betetako fitxa bibliografikoekin osatuz; bestetik, ekoizpenaren azterketa: bereziki, argitaratzaileen jarduna (ekoizle kopurua, argitaletxe nagusien ekoizpena, argitaratzaileen tipologia eta tipologiaren araberako produkzioa), ekoizpena edo eskaintza editorialaren datu absolutu eta kuantitatiboak (tituluak zenbat diren, horien artean zenbat diren nobedade eta zenbat berrargitalpen, zenbat diren jatorrizko eta zenbat itzulpen…) eta ekoizpen tematikoa edo gaikako sailkapena (liburu guztiak sei gai eremu nagusitan bereiziz: hezkuntza eta irakaskuntza liburua, haur eta gazteentzako liburua, giza eta gizarte zientzietako liburua, helduen literatura, zientzia eta teknika alorreko liburua eta aisia liburua). Hain zuzen, hirugarren atal horrexek ematen dio zentzua, Torrealdairen iritziz, liburugintzari buruzko azterketa horri.

1976an katalogatutako liburu kopuruak oilo ipurdia sortzen du, euskal kultura nondik zetorren eta nola zegoen iradokitzen baitu: 95 liburu besterik ez ziren argitaratu urte hartan. Ordutik hona kopuruak izugarri emendatu dira. Hona hamar urteroko datuen bilakaera:

  • 1976: 95 liburu
  • 1986: 636 liburu
  • 1996: 1.097 liburu
  • 2006: 2.173 liburu
  • 2016: 2.061 liburu

Torrealdaik berak idatzitako azken azterketa 2017koa izan zen (‘Euskal liburugintza 2017’, Jakin 235, 2019), 2.267 libururekin. Argitaratu dugun azken azterketa 2024ko liburugintzarena izan da (‘Euskal liburugintza 2024’, Jakin 271, 2025): 2.181 liburu katalogatu genituen. Eta horrelaxe dabil azken hogei urteotan, 2.000-2.500 liburu artean, 2023ko 2.773 liburuen gailurrarekin. Zorionez, inguruko hizkuntzen ekoizpenarekin homologagarriak diren kopuruak dira egungoak, azken hamarkadotan euskarak eta euskal kulturak normalizaziorantz izandako joeraren erakusgarri. Baina, jakina, kopuru absolutuez ari gara, alderdi kuantitatibo hutsari begira. Alderdi kualitatiboagoak aztertzera igarotzen garenean, ordea, gure diglosiaren eta miserien zantzuak agertzen hasten dira berehala: aipa genitzake, besteak beste, argitaldarien atomizazioa, testuliburuen ekoizpenean Euskal Herrikoak ez diren argitaletxeek duten nagusitasun gero eta handiagoa, berrargitalpenen ahulezia; eta, sailkapen tematikoaren xehetasunetan murgilduz gero, haur eta gazteei bideratutako argitalpenen inflazioarekin batera, horren ifrentzua: helduentzako ekoizpen desorekatua, giza eta gizarte zientzietako, zientzia eta teknika alorreko eta aisiako liburuen neurri apal etsigarriarekin.

Ari gara dagoeneko berrogeita hamargarrena lantzen: Jakin-en aurtengo azken zenbakian agertuko den 2025eko liburugintza. Torrealdaik erakutsi zigun metodologia berarekin, informazioa bildu, sailkatu eta aztertzen saiatuz. Jakinen webgunean ere badu atal berezia liburugintzaren ikerketa lerro honek. Ez zaigu gomuta eta omenaldi hoberik bururatzen. Talentua eta gaitasun analitikoa gorabehera, haren konpromisoari eutsi nahi diogu, haren indarrari, egoskorkeriari. Haren lanari. Gure eskuetan dagoena egingo dugu katea eten ez dadin.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan