Cookie aukerak
Pertsonalizatu Adostasun Hobespenak

Cookieak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean nabigatzen laguntzeko eta zenbait funtzio betetzen laguntzeko. Cookie guztiei buruzko informazio zehatza aurkituko duzu jarraian baimen-kategoria bakoitzean.

"Beharrezkoak" gisa sailkatzen diren cookieak zure nabigatzailean gordetzen dira, ezinbestekoak baitira gunearen oinarrizko funtzionalitateak gaitzeko.... 

Beti aktibo

Beharrezko cookieak beharrezkoak dira gune honen oinarrizko ezaugarriak ahalbidetzeko, hala nola, saio-hasiera segurua emateko edo zure baimen-lehentasunak doitzeko. Cookie hauek ez dute identifikazio pertsonaleko daturik gordetzen.

Cookie funtzionalek funtzionalitate batzuk egiten laguntzen dute, hala nola, webguneko edukia sare sozialetako plataformetan partekatzea, iritziak biltzea eta hirugarrenen beste eginbide batzuk.

Cookie analitikoak bisitariek webgunearekin nola elkarreragiten duten ulertzeko erabiltzen dira. Cookie hauek bisitari-kopurua, errebote-tasa, trafiko-iturburua eta abar bezalako neurriei buruzko informazioa ematen laguntzen dute.

Iragarki-cookieak bisitariei aurretik bisitatu dituzun orrietan oinarritutako iragarki pertsonalizatuak eskaintzeko eta iragarki-kanpainen eraginkortasuna aztertzeko erabiltzen dira.

[Ondaretik] Kooperatibismoaz

2025-06-06 Ondaretik

Kooperatibismo hitza erabilita aterki handia zabaltzen du batek, honezkero, euskaraz ere. Hamarkada luzetan egon dira egitasmo kooperatiboak Euskal Herrian, eta horien guztien artean arretarik handiena Arrasateko esperientziak hartu ohi du, bere nazioarteko proiekzioarekin. Ordea, batetik, denboran zehar Arrasateko esperientziak berak aldaera eta bilakabide anitz izan duela agertzen digute ikerketa ugarik. Bestetik, Euskal Herrian Arizmendiarrietaren ernamuinaren aurretik, ezker-eskuinetik eta ondorenetik ere, kooperatibismoak agerpen ugari ezagutu dituela ikusten da. Kontsumo kooperatiba goiztiarrak, lan kooperatiba gutxi ez eta, azken urteetan, ekonomia sozial eraldatzaileari lotutako esperientzien ugaritzeak ematen du zabaltasun horren berri. Eta, esan izan denaren kontra, Euskal Herrian ekiteaz gain pentsatu ere egiten baita, horren guztiaren arrastoa geratu da, hala ikerketa historiko eta soziologikoetan, nola pentsamendu kooperatiboari buruzko lanetan ere.

 

Mondragonen alde eta kontra

Espero izatekoa den eran, Arrasateko esperientziaz aipu ugari aurki daitezke Jakinen ondare digitalizatuan. Horietako bat Baleren Bakaikoak Jakin 159.ean egin zuen, 50eko hamarkadari eskainitako zenbakian, ‘Euskal ekonomia 50eko hamarkadan’ artikuluan. Garai hartako Euskal Herriaren historia ekonomikoa azaltzean ezinbestez dator Arizmendiarrietaren emaria:

“50eko hamarkadako beste gertakizun esanguratsua Arrasaten izan zen. Izan ere, Jose Maria Arizmendiarrietak herri horretan sortu zuen eskola politeknikoa bere lehen fruituak ematen hasi zen, 1956an eskola horretan hezitako bost kidek Ulgor kooperatiba sortu baitzuten, gerora Fagor izena hartuko zuena. Beraz, Arrasateko esperientzia lehen urratsak egiten hasi zen.”

Laburpen egokia egiten du Bakaikoak artikuluan, kontatuz nola segituan sortu ziren beste hiru kooperatiba eta aurrezki kutxa bat, eta pixkanaka Arrasateko ekosistemaren oinarriak jartzen nola hasi ziren. Aldi berean, garaiko testuinguru ekonomikoan jartzen du Arrasateko esperientzia: frankismoak, irekidura ekonomikoari hasiera emanez, 1959an jarri zuen Estabilizazio Planaren garaian egonkortu zen, eta lehen Garapen Ekonomikoko Planak (1964-1967) ekarriko zuen uhina baldintza egokietan harrapatu zuen. Hain justu, frankismoaren baitan Arizmendiarrietak zuen abegia gogor eta garratz kritikatu zuen Txillardegik 1965 eta 1967 arteko testu batean, ‘Arizmendiarrieta, euskaldunen etsai’, ETAren baitako dokumentu gisa.

Kritiketara etorrita, testu polemikoetatik aldendu eta ondo jantzitako argudioekin osatutako bat da Unai Del Burgoren ‘Arrasateko kooperatiba esperientziaren kontraesanak eta erronkak’, 2004ko Jakin 141.ean atera zena. Del Burgok hainbat fenomeno aipatzen ditu, jatorrizko lankidetza asmo eta filosofiatik aldentzea ekarri eta are gehiago aldentzeko arriskua areagotu dezaketenak. Arizmendiarrietaren heriotzak eta lehen-orduko kooperatibisten erretiroak, eta horrekin ezinbestean zetorren belaunaldi-erreleboak, eragina izan zuela aitortzen zuen MCCk berak, besteak beste lankidetzaren dimentsio soziala transmititzerakoan. Horrekin batera, bereziki 1993tik aurrera korporazioak izan zuen hazkunde eta nazioartekotzeak, helburu ekonomizistak gailentzearen eta autoeraketaren printzipioa korporazioaren ekoizpena areagotzeko erabiltzearen arriskua areagotu zuela argudiatzen du. Arrisku horien aurka, kooperatibismoaren inguruan lan ideologikoa egin behar zela aldarrikatzen zuen Del Burgok, lankidetzaren baloreak berzpiztu eta sustatzeko, eta behar ziren egokitzapenak aldatzeko mundu globalizatuan. 20 urte beranduago, mundu postglobalizatura berregokitu beharko dira lankidetzaren balioak, eta beti-beti horiek sustatzeko formazio lanari eutsi edo indartu.

Del Burgok azpimarratzen duen kooperatibismoaren ekonomiaz haraindiko dimentsioaz ohartzeko tresna ezinbestekoa izango da oraindik ere Joxe Azurmendiren azterketa , El hombre cooperativo liburutzarra, Arizmendiarrietaren pentsamendua xehe-xehe jasotzen duena. Eta horrekin batera, Azurmendiren beraren kooperatibismoari buruzko filosofia-liburuak leudeke, baita ideia horien gainean belaunaldi berriagoek egin dituzten azterketak ere (Joxe Azurmendi Kongresuan bertan, esaterako). Pentsamendu kooperatiboan ere ur-jauzia badabilen seinale izango dira joko errekurtsibo horiek guztiak.

 

Arrasatetik harago, Kooperatibak Jakin Sortan

Kooperatibismoaren aterkia Arrasate baino harago doala ohartzeko ez dago Jakin Sorta 7.a begiratzea besterik. 1973koa da liburua, Jakin aldizkaria zentsuratuta zegoen bitartean argitaratu ziren monografikoetako bat, eta testigantza ederra da borborraldi bizian zegoen Euskal Herri hartan kooperatibek ekartzen zituzten ohiartzunak ekartzeko. Ez hori bakarrik, globalizazio eta neoliberalismo garaien aurrean pentsamendu politiko-ekonomikoak Euskal Herrian zuen tenperatura berbisitatzeko ere ez da abagune txarra, txarra ez denez.

Nazioartera irekitzen da begirada hasteko liburuan. ‘Sueziako koperatiba mugimendua’, ‘Jugoslabia-ko Autojestioa’, ‘Israelgo elkarteak’ eta ‘Quebec-eko koperatibak’. Ohartzekoa da lehen artikuluan Suediako eredua dakarren egileak sarreran esplizituki kritikatzen duela Israelgo kibbutzak aintzatestea, oinarrian inperialismoak sortutako eta Ekialde Hurbilean mendebaldearen interesak mantentzeko Estatuaren tresna gisa ulertzen baititu. Oro har, nazioarteko panorama interesgarria eskaintzen dute artikuluek, denboraren joana joan.

Liburuaren bigarren zatia, berriz, Euskal Herriari begira dago egina. Bada azterketa historikorik, Imanol Laspiurren ‘Eibarko Máquinas de coser ALFA, S.A.’ goiztiarrari buruzkoa kasu. Nafarroako nekazaritzaren eta kooperatiben ingurukoak eta Arrasateko mugimenduari buruzkoak ere badaude, azterketa soziologiko-historiko gisa. Gogoeta ideologiko-politikoetarako beta ere ematen du liburuak, ordea, ‘Koperatibismoa zertarako…?’ eta ‘Euskal koperatibismoa haro berri baten atondoan’ kapituluekin.

1973an plazaratutako bi ideia horiek, bost hamarkadaren buruan, bizi-bizi daudela esan daiteke, eta kooperatibismoaren dimentsio sozial eraldatzaileaz gogoetatu beharra ekartzen digutela berriro ere. Betiko auzi gazteak aurkezten zaizkigu, horrela, beste behin. Leire Milikuak Jakin 233-234ko ‘Arkitektura eta sexualitatea’ artikuluan, Fourierren proposamena azaldu zuenean, ohartzen zuen bezala:

“Fourierrek proposamen horrekin kontra egin zion gizatasuna kentzen zuen industrializazioari, lanean espezializatzeari, liberalismoari, patriarkatuari, familiari eta monogamiari, askatasun sexualaren, kooperatibismo integralaren, lanaren aniztasunaren, emakumearen askapenaren eta jai-gozamenaren printzipioetan oinarritutako komunitate antolatuak sortuz.”

Edo Beñat Irasuegik, Joxe Azurmendi Kongresuaren harira, euskal kooperatibismoaren bigarren aro berri betean, aldarrikatu zuenean:

“Baditugu tresnak, badugu pentsamendu ildo bat, badugu utopia apal bat hasieran erakutsi dugun eta gaur egun bizi dugun distopia sozial eta ekonomikoari aurre egiteko. Proposamen hau dakart nik, baina guztiona da bidea, eta zuek ere zuen bizitzetatik, eguneroko praktikatik, zuen lurraldeetan bidea egin dezakezue, garrantzitsua da. Datorren mundu autoritario, indibidualista eta desberdintasun ekonomiko sortzaileari aurre egiteko, sor dezagun komunitate ireki bat, berdinzalea, kooperatiboa, bizitzak eta lurraldea erdigunean izango dituena, osasuna eta oparotasuna denontzat izateko.”

Kooperatibismoa zertarako, globalizazio osteko aro honetan? Erantzunak biderkatzen jarraitu behar, ezinbestez. Hurrengo aukera Usurbilgo Jakin jardunaldian.

 

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan