HamaikaTB

[Ondaretik] Kirola baino gauza garrantzitsuagoak

2025-09-12 Ondaretik

Gauza ikaragarriak lortzen ditu kirola bihurtua dagoen espektakuluak. Hainbesterainoko zentraltasuna hartu du, gutxienez, mendebaldeko gizarte-eredu honetan, ezen, askotan, perspektibak ere hankazgoratzen baitizkigu. Aipa litezke kirolaren industriaren izenean zuritzen diren pelotazoak, lan-istripuak, erregimen totalitarioak eta abarrak. Horien alboan aipatu nahi ditut kirolaren desmasiak dauzkan ondorio subjektiboagoak ere. Gustura irakurriko nituzke, esaterako, Guy Debordek idatzizko lituzkeenak mendi korrikalarien edo errepideetako txirrindularien arropa ultratekniko koloretsuak ezagutu ostean. Izatearen eta errepresentazioaren bereizketa hori gainditu eta orain, bueltan-bueltan – filosofikoki esateko: hurrengo momentu hegeliarrean –, kirol-jarduera bera baino gehiago, espektakulua gorpuzten duten amateurrez beteak dauzkagu mendi, errepide eta abarrak. Ia obligazio moral bihurtuta dago askorentzat kirolaren industria kulturalaren gurtza, euren buruarekin zer egin ez jakiteraino edo gaizki sentitzeraino (bekatua!) hari huts eginez gero.

 

Unamuno edo Loroño?

Espektakuluaren gizartea argitaratu baino urte gutxi batzuk lehenago bota zuen harria Juan San Martinek. Bera zen bezalako mendizale bat ere kezkatuta agertzen da 1963ko ekainaren 9ko Zeruko Argian: “Unamuno edo Loroño. Nor ote da lenago?”. Bigarren zatia ere izan zuen artikuluak hilaren 30ean eta, hautsak harrotu zituen seinale, kritikei erantzun zien berriro abuztuaren 4koan. Auzia zera zen: Bilboko Udalak Unamunori oroigarriren bat jartzeko proiekturen bat jarri zuen martxan. Hasieran Brigadas de Navarra plazan jartzea omen zen asmoa, baina kolpisten armadako errekete eta karlista nafarrei eskainitako plazan Unamunoren figurak ez zuela ezkontzen eta zalantza sortu zen. Lehen zalantza horien ondotik etorri zen polemika, Unamuno antikristaua zela eta Bilboko inongo bazterretan ez zuela merezi oroigarririk. San Martinen minerako euskaldunek ere ez zuten defendatu Unamuno, nahiz eta “gure erriak mundura eman duan gizonik aundienetakoa” izan beretzat. Euskararen gaian okerrak esan zituela onartuta ere, aitortza merezi zuela zioen, desadostasunak desadostasun.

Min horrekin zebilela jakin zuen bazela beste proiektu bat, Galdakaoko ziklista bazkun batena, Jesus Loroño txirrindulariari jartzeko oroigarria. Unamunori ezin, baina 1957ko Espainiako Vuelta irabazi zuen txirrindulariari oposiziorik gabe jarriko zitzaiola eta harrotu zituen hautsak San Martinek:

Ez Loroño-ren aurka nagolako ta ezta gutxiagorik ere, baña Unamuno zanak merezi etzuana, nola liteke Loroño danak merezitzea? Paradoja onek, Unamunoren paradojak txikitzat utzi ditu. Jakitun bati ukatua oraindik bizidan sportman bati eman. Bapo. Ta gu lasai. […] Nun da gizonaren zentzuna? Emen ere alperrik aterako litzake Diojenes farolakin.

Nik uste dut San Martinen artikuluek ez zutela jotzen hainbeste esnobilsmo kulturetatik, bere arrazoiak ere beste bide batzuetatik ekarri baitzituen. Kritikaren muina kirolariak mugarik gabe goresteak erakusten zuen balio-sistema zen, zeinak kirolariak eredu bihurtzen zituen gizartearentzat ekarpen hobeak egiten zituzten beste zenbaitzuen aurretik. Bigarren zatian hau zioen:

Loroñori “baserritarra dalako egingo balieke monumentu ori, gaitzerdi –iñor gogoratzen ez bada ere, eurak, besteak ogia jateko garia ereitzen dutenak izanik, nekazari bezela, orrenbeste ta geiago merezi dute–, baña okerrena da, ez diela egiten bere lan nekagarriaren oroitzapenez, jolas batean txapeldun izatearren baizik.

Kirolaren espektakularizazio horren eraginak argi eta garbi ikusten zituen ordurako inguruan, nonbait. Einstein baino gehiago estimatu Kubala, Freud baino gehiago Anquetil. Buruari gehiegi ez eragiteko, hankei eragiten zietenei begiratu. Kirolari bere neurria ematearen alde egiten zuen, lehenengo artikuluaren amaieran:

Kirolak aurren jolas bezelatsu dira, gizonaren txolarte utsunea betetzen dute. Askorentzat, ta geienentzat noski, jolas bearrezkoa da gorputz ta buruaren eguneroko neke berdiñaren ordaingarri. Baña ez espektakulo bezela, bakoitzak bere erara edo aukerara egiteko baizik.

Harrapazak Debord!

Bera esatera iritsi ez, baina nik ondorioztatzen diodan hipotesia honela formulatuko nuke: kirol profesionalaren espektakuluari hainbesteko presentzia, gurtza eta babes publikoa aitortuta, espazio publiko fisiko eta sinbolikoan hainbesteko garrantzia oparituta, gizarteak sano antzera bizitzeko balio-sistema egokixe bat pikutara bidaltzeko arriskua dagoela. Alegia, bukatu dezakezula esaten lotsagorritu gabe genozidioak eta abarrak oso gaizki daudela, baina horiek salatzeak ezin duela eragotzi kirol espektakulu bat. Eta espektakulutik bizi den batek (kirolariren batek, antolatzaileek, sponsorrek edo alkateren batek) hori esatea lotsagorritzekoa da, baina uler dezakezu diruak agintzen duela bere bizitzan azal iluneko anonimoen heriotzaren aurretik. Gogorrena zera egiten zait, argudio bera errepikatu dezakeela espektakulua zapping baten erdian harrapatu duen sofalari soil batek ere.

Adibidea egunotan ikusi dugu, Espainiako Vueltan. Loroñozaleek izan dute aurten, Vuelta den kirol-produktu hori tarteko eta Bilboko Udalari esker, beren idoloa omentzeko beste aukera bat. Baina denak ez dira kontentu geratu. Izan ere, jende-multzo bat, Bilboko etapa izorratzen enpeinatu zen beren aldarri eta sabotajeen bitartez. Eta batzuk (alkatea, kirol-negozio horretako zuzendaria, telebistako esatariren bat edo beste, protestak molestatu ezin duela uste zuten arimaederren bat, bere aisi-denborak protestak baino gehiago balio duela pentsatzen duen kaikua) asko haserretu ziren zalaparta guzti horrekin. Pentsatu nahi dut bestetzuk etorriko zirela berriro korde pixka bat izatera, eta gauza inportanteak – badakizue, genozidioak eta horrelakoak – kirolaren aurretik jartzera. Bakarren batzuk agian lotsagorritu ere egingo ziren zikloturista planean zebiltzala Palestinaren aldeko ekimenen batekin gurutzatutakoan. Hurrengo pausoa egunen batean bizikleta hartu ordez Niebla irakurtzea izan liteke, atzean kirola jarrita badaukate ere telebistan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan