[Ondaretik] Ispilu bretainiarrak

2025-01-31 Ondaretik

Argazkia: An Uhelgoad, Penn-ar-Bed. Wikipedia

 

Jaioak hiltzea zor duela izango da munduan den legerik natural eta unibertsalena. Patu horri jarraiki, Bretainiako berezko hizkuntzaren hiztun erdiak sei urte eskasetan jo eta zerraldo lurperatu dira. Zapla, 214.000 bretoi hiztun ziren 2018an, 107.000 dira orain. Datu makurrak errealitate are makurragoa erakusten du, gainera: hizkuntza zeltiarraren hiztun gehienak heriotza eta heriotza minus sei adin-tarte estatistikoan zeudela; edo bestela esan, bretoieraren populazioa erabat zahartuta zegoela aspaldi. Eta batez ere ezintasun handia dagoela hiztun berriak sortzeko. Injustizia gehienekin gertatzen den bezala, egoerak horrek ere gutxi du naturaletik, ordea, eta galdetu egin behar da nola heldu garen honaino.

 

Ronan Tremel

Aspaldikoa da hiztun komunitateen horrelako bilakaerak lege naturaltzat hartzearena. Txoko-hizkuntzak, patoisak, desagertzera kondenatuta zeudela uste zutenez beteta zeuden Parisko aginte-gela ugari eta, profezia beteko zela bermatzeko, halako hizkuntza politika nagusitu zen, batez ere XVIII. mende amaieratik aurrera. Ronan Tremel-ek artoski aztertu zuen iraultzaren eta bretoieraren garai hartako harremana, Jakin 54en argitaratutako «Bretainia eta bretoiera iraultza frantsesean zehar» artikuluan. (Merezi du egileak bere wikipediako artikulura bisita bat.)

Bere 1989ko artikuluan irakurtzen dugu nola, praktikotasunaren izenean hizkuntza bretainiarrak leku subordinatu bat izan zuen iraultzaren hasieran (herritarrek ideia berriak ulertuko bazituzten), baina nola, hizkuntza politika oldarkor batekin, naturalizatuz joan zen populazio osoan hizkuntza frantsesaren noranahikotasuna eta gainerakoen heriotza hurrena.

«Hizkuntz ideologia frantsesaren taulak Bretainia mapa administratiboetatik desagerterazi eta bere hizkuntza nazionala baztertu eta ezabatzeko beharrizana teorizatu zuen Iraultza baten oroitzapen gloriosoetan finkatua dirudi. Bretoiera biharko egunean Bretainian ofiziala izan dadin eta gutxienez frantsesarekin berdintasunean, beharrezkoa litzateke iraultza linguistiko bat, asimilazio-politikari atzera egin erazteko eta hizkuntza “Heriotza moteleko Gaztelutik” askatzeko. Hortik urrun gaude itxuraz.»

Tremelek, bere FLBko militantzia jardunaren eta horregatiko espetxealdiaren ostean, Paris-VIII Unibertsitatean jardun zuen irakasle 70eko hamarkadatik aurrera. Orduan sortu zuen Hizkuntza Zapalduen eta Minorizatuen Saila (euskara, katalana, okzitaniera, nahuatla, quechua eta abar biltzen zituena. Izan ere, unibertsala izango da frantsesa, baina unibertsalagoa hizkuntza eta kultura zapalduen zauria.

 

Bretainia-Euskal Herria ispilu jokoa

Bretainiarrak nabaritu zituen bezalaxe, Euskal Herritik begiratuta ere ezinezkoa zen paralelismoak ez ikustea. 1977an, zentsura osteko bigarren aldia hasi berritan, Jakin 2ak Europako nazio ukatuak hartu zituen gai. «Breizh/Bretainia» artikuluan Torrealdaik errepaso luzea egin zion mugimendu abertzale bretoiari eta pozik ikusten zuen sozialismoaren eta borroka abertzalearen sintesia egiten ari zirela. Garai hartako lanetan eta egileetan maiz aurkitzen denez, atzerrian ispilu bila ari zela dirudi, etxeko borrokak hobeto ulertzeko.

Ispilu joko horixe bera aurkitzen da Jakin 118ko Xan Othabururen artikuluan ere, 2000. urtean. Kultura bizi dadin funtsezko den egitasmo batez dihardu zenbakiak, herri batek sortu duenaren corpusa bildu, antolatu, (berr)interpretatu eta eskura jartzen duen Euskal Liburutegi Nazional baten beharraz. Othaburuk Bretainia dakar mintzagai:

«Bretainiarrek ere bretoierazko dokumentuen bateratzeko eta publikoaren eskuetan uzteko liburutegi baten beharra sentitu dute. Emglev elkartea sortu dute eta xedetzat hartu kultur egoitza berri baten sortzea, bretoiera ez duena museo batean bezala finkaturik utziko baina balorizatuko duena, egun guzietako lan tresna eginez. Egoera zertan den abiatu dira: bretoierazko liburutegirik ez izanki, orain arte sailkapen bibliografikoa egiteko orduan bretoiera hizkuntza arrotza bezala hartzen da, eta bretoierazko liburuen sailkapena egiten da, hizkuntzaren araurik kontuan hartu gabe. Ondotik ikus genitzake Liburutegi bretainiarraren misioak, euskal munduan geure egin ditzakegunak.»

Liburutegi nazional bat sortzeko misio horretan jardun zuen, hain justu, Torrealdaik ere, hamarkada luzez. Hasteko, ikusten zuelako egun guztietako lan-tresna bihurtuko bazen, hizkuntzak mintzagai guztietarako baliabideak eskaini behar zituela; eta hiztunek erantzi behar zituztela konturatu gabe ere naturalizatuta zeuzkaten aurreiritziak. Jarraitzeko, jakitun zelako egiturazko lan hori gabe gero eta ahulago geratzen zirela kultur mugimenduak sostengatzen zituzten hezurdurak. Azken ispilu bretainiarra ere berea da, 2006ko liburugintza azterketan:

Egunotan irakurri diot autore bretoi bati bretoieraz bizirik mantentzen den liburu bakarra literaturakoa dela: «gaur egun, bretoieraren indar bakarra da literatura». Diglosiaren aitorpena ikusi dut nik hor, nahiz eta ez zen hori esalearen intentzioa. Esan ere esaten du bretoiera ez dela jada gizarteko hizkuntza. Ezaguna zaigu Parisko admi- nistrazioak nola higatu duen kultura eta hizkuntza Bretainian. Konbentziturik nago gurean ere azken desagertuko litzatekeen liburua literaturakoa litzatekeela, eta horren aurretik joango liratekeela bestelako guztiak, soziologia, politika, zientzia, psikologia, eta beste edozein. Zorionez, euskara ez dago bretoieraren paraderoan.

Zorionez, euskara ez dago Bretoieraren paraderoan, dio Torrealdaik. Eta hala izanik ere, komeni da bretoieraren ispiluak begibistatik ez galtzea. Batetik, begibistan jartzen dituelako deseraiki beharreko hizkuntza ideologiak; bestetik, oinarrizko zenbait irizpide gogorarazten dizkigulako, egitura kultural ondo funtsatuen garrantzia eta hizkuntzaren noranahikotasuna praktikoki landu beharra, esaterako. Irizpide horiek ahultzen direnean, hizkuntza eta nazio-estatu hegemonikoek ezarritako naturaltasunak indarra hartzeko joera nagusitzen delako. Eta, deskuidatuz gero, euskal literatura pieza polit-politak sortzen buka dezakegulako Tik-Token edo Gaztean, elebitan, naturaltasun osoz.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan