2025-04-14 Ondaretik

Irudia: “Kaskarotak fandangoa dantzatzeko prest”, dantzan.eus
Apirilaren 8aren buelta beste edozein garai bezain egokia da gaiaz idazten hasteko, baina orduan agertzen da gehien gaia, batez ere ijito herriak egun hori aukeratu zuelako bere Nazioarteko Egun gisa. Oroimen keinu eta ospakizun naifetatik harago, galdera interesgarriak ekartzeko balio du egun horrek, eta, batez ere, egun horren aitzakian pizten diren gogoetek. Lanbide ibiltariak, bizimodu nomadak, hizkuntza propioak, kultura nabarmen desberdinak… zuzenean egiten zuen talka XVI. mendetik aurrera ezarriz joan den estatu lurraldetu eta populazio zentsatuaren ereduarekin, eta larrutik ordaindu du herri ijitoak normara ez egokitze hori. Edo asimilazioa, edo zigorra; aukera hori jarri zitzaien behin eta berriro mahai gainean, erregeen santzio pragmatikoen, Hegoaldeko aldundien aginduen edo demokrazia liberalak sustatutako integrazio sozial indibidualistaren bitartez. Horrelakoak izan dira normatik ateratzen zen ‘bestetasunarekin’ burutzeko moduak, Modernitate estutik eraiki den Mendebaldean.
Hala eta guztiz ere, sei mende daramatza ijito herriak euskal lurretan. Tratu estua izan dute historian zehar euskaldunek eta ijitoek, eta estigmatizazio zigortzailearekin batera, bestelako harremanak ere izan dira herritar xumeen artean. Ia 600 urtean nahikoa denbora eta okasio izan zituzten euskaldunek eta ijitoek elkarbizitza formak entseatzeko. Eta Jakinen ondarean ere geratu dira entsegu horien eskarmentu zenbait; okerretik ikastekoak asko, baina salbuespen harrigarri batzuk ere bai, tartean.
Jeltzale-ijitozale?
Julene Azpeitia maistra abertzaleak maiz partekatzen zituen gogoeta pedagogikoak gerraurreko aldizkarietan. 1933an argitaratu zuen ‘Euzkotar umien aldez‘ artikulua Euzkadi egunkarian, ijitoen aipu esanguratsua dakarrena. Berez, testuak salatzen du Euskal Herrian dauden eskoletako irakasle gehienek ez dutela hura ezagutzen, ezta bertako kulturarik ere. Horrek garaiko printzipio pedagogiko nagusia hausten zuen: «erri bakoitzak edo abenda bakoitzak era bereziak biar dituzte euren umiai asiera ta ikaskizunak emateko». Belgika aldean Decroly, Chaparede eta beste batzuk sustatzen ari ziren «ekintza era» metodologiak irakasleak umearen bidelagun izatea proposatzen baitzuen, eta ez goitik beherako esplikatzaile.
Ijitoak zertara datozen horretan guztian? Bada, Andrés Manjón hezitzaileak Granadan ireki zituen Ave María ikastetxeen karietara, zeinetan eskolak aire zabalean ematen baitziren, ijitoak biltzera ohituta omen zeuden eran. Eskola horien berezitasun beharra ez da, ordea, euskal eskolena bezala defendatzen:
Erraztasun ayen danen zegaitia axkar ulertzeko gauza da. Ijituen umiak, lau, sei, edo gizaldi geyagotan lanik egin ez duan abenda baten semean dira. Iñoiz-ez-iñoiz lantegi batian, erri batian, etxe batian gogortu ez dan abenda baten umiak. Beti erriz-erri, lapurretan, «buenaventura» esaten, lanik egin biarrik ez, eldulik arti biarrik ez… Ijito aoen umientzat bestiak bezalako ikastolak egin ba’zituan, guk dauskagun bezelako ikastolak, Manjon jaunak etzuan ezertxo ere lortuko.
Pasarteak kontraste are nabarmenagoa egiten du ikusten duzunean nola salatzen dituen, paragrafo batzuk beranduago, euskaldunen gainean irakasleek izan ohi zituzten aurreiritzi barbarizatzaileak: «euri asko egiten duala emen, euzkotarrok inpernuko etzayak berak ere ulertzen ez duan ele bat degula; ele au oso basatia dala…». Pena da autonomian oinarritutako printzipio pedagogiko baten aldarria, herri baten autonomia kulturala oinarritzeko egiten dena, horrela zangotrabatzea, zer eta alboko beste herri zapaldu bat ahoan gaizki hartuz.
Ijitoen estigmatizazio horrek kontrastea egiten du, gainera, mugimendu jeltzaleko beste kide batzuen kontakizunekin. Ebaristo Bustintza Kirikiño-k eguneko izparrak jasotzen zituen maiz-maiz Euzkadi-n, eta 1920ko martxoaren 6an, Ean, Ana Miren Urrutiaren eta Joxe Mari Etxebarriaren semeari Eusebi Teres euskal izena jarri ziotela ospatzen du. Ijitoak ziren gurasoak, eta ijito artean lehenengo euzkel-izenduna behar zuela haurrak. Eta ospakizun betean, «ijitu eta danok txadonatik batzokiratu» zirela. Gutxienik, aurreiritzi batzuk astintzeko balio du Eako batzokiko festa ijito-jeltzale hura irudikatzeak.
Beste Bustintza batek, Errosek, ere aipatzen ditu ijitoak bere Euzkadi-ko kroniketako batean, 1932ko ekainaren 19an. «Paraonen gudaroztia» heldu zela Urkiolara, espero bezala, gurdi, asto, zaldi, txakur eta guzti. Bustintza ilobak faltan bota zuen, ordea, Arako Erramuntxo, «emeko yentiari ainbeste barre eragiten eutson ijitano gaste euzkelduna, igaz ta aurten ez dugu ikusi ta». 1936ko Andoni Deunaren jaien berri emanez, berriro aipatzen ditu ijitoak, eta gehitu:
Orrek, euren biximoduan, euzkeldunekaz euzkeraz ta erdeldunekaz erderaz ta abar egiñaz, zintzo be zintzo jokatzen dabe beintzat… Gero… euzkotar asko euzkera ikastia gauza zalla ta gatxa dala-ta, jaungoikuak emoniko elia ikasi eziñik ibiliko dozak… Orreik, zelan edo alan ikasten yuek ba…
Deskribapenean nabari da ijito-taldea aldi berean zela exotiko baina ezagun Bustintzarentzat. Eta Azpeitiak erakusten zituen mesfidantza eta estereotipo negatiboak zeuden lekuan, errespetu eta sinpatia puntu bat ere bai. Seguru asko, ez da kasualitatea izango Bustintzaren testuak eguneroko bizitzaren kronikak izatea. Diskurtso mailan baliabide errazak diren topiko gaizto asko erortzen dira aurrez aurreko harremanen ondorioz, eta horretarako komunitate-bizitza joria baino hoberik ez dago.