[Ondaretik] Garaian garaiko

2026-05-08 Ondaretik

Liderra, erreferentea, karismatikoa… Carlos Garaikoetxeak, pertsonaia publikoen heriotza ondorenetan ohikoegiak diren gehiegizko lausenguetatik harago, gutxitan ikusi ohi den aho batekotasuna eragin du bateko eta bestekoen erantzunetan. Izango da, beharbada, XX. mendearen bigarren erdian eragin eta itzal handienetakoa izan duen euskal politikaria izan delako. Euskal Autonomia Erkidegoaren egitura instituzionalaren eraikitzaile nagusia izan da, Euzko Alderdi Jeltzaletik abiatuta. Arrazoi politiko-ideologikoek (Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien eskumenak zedarritzera zetorren Lurralde Historikoen Legearen inguruko gatazka) eta ezinikusi pertsonalek (Arzalluzekin izandako talka) eragindako zatiketa trumoitsua protagonizatu zuen, eta Eusko Alkartasunaren alderdia sortu. Lehen urteetan, 90eko hamarkadan, EAJrekin aliatuta jardun ondoren, XXI. mendeko lehen urteetan, borroka armatuaren zikloa ixten ari zela, ezker abertzalearengana hurbildu zen, 2011n Bildu koalizioa sustatzera iritsiz.

Euskal abertzaletasunak XX. mendean zehar izan dituen gorabehera eta hausturen isla da neurri batean Garaikoetxearen ibilbidea, bi familia abertzaleen arteko sokatiran batetik bestera mugituz, garaian garaiko inguruabar ideologiko eta estrategikoen ildoan. Betiere oinarri politiko nagusi hauen abaroan: burujabetza, sozialdemokrazia eta pragmatismoa.

 

Lider baten karisma

Jakin aldizkariak bere ibilbidean bildu duen egile zerrenda luzeari distira berezia ematen dio Garaikoetxearen sinadurak. Izan ere, 1986an, Hego Euskal Herria Europako Ekonomia Erkidegoan sartu izanak sortutako kezkei (integrazio baldintzekiko mesfida, ondorioen ezezagutza eta Euskal Herriarekiko begirunerik eza, besteak beste) erantzun nahi izan zien aldizkariaren 40. zenbakiak (Euskal Herria eta Europa). Garaikoetxeak, ‘Euskadi eta Europa’ artikuluan, ikuspegi politiko instituzionaletik begiratu zion Euskal Herriaren eta Europaren arteko lotura orduan berriari, garai hartan Europako haizeek zekartzaten beldur eta itxaropenen altzotik. Batetik, geure buruaren jabe izan gabe Europa estatalistara biltzea eta Euskadi bezala ez sartzea salatu zituen. Bestetik, abantailen artean, bi aipatu zituen bereziki: espainiar eta frantziar estatuen ekonomiaren mendeko soil izan beharrean Europako Elkartearen barruti zabalagora sartzea, eta horrela Euskal Herriaren Iparraldea eta Hegoaldea bateratuago gertatzea. Honela bukatu zuen artikulua: «Europagintzan esku hartzea hil ala biziko auzia zaigu euskaldunoi. Ezinbestekoa zaigu Europako Elkarteko erakundeetan parte hartzea. […]. Orainaldiko Europagintza eta Euskal Herrigintza gerta dakizkigula guztioi, geure buruen eskuko izan eta burujabetzan elkartzeko aukera berri. Hori opa diet europar denei; horixe bera euskaldun orori». 1987an Europako Parlamentuko diputatu aukeratu zuten.

Jakin-en 1996tik hona urtero euskal kulturgintzako protagonista bati egindako elkarrizketak biltzen dituen Historia bizia sailean, ulertzekoa denez, ugariak dira Garaikoetxeari eta haren lehendakari garaiari egindako aipamenak. 80ko hamarkada hasierako Jaurlaritza hartan ondoan izan zituen Ramon Labaien eta Luis Iriondoren hitz esanguratsuak ekarriko ditugu hona, Imanol Murua Uriak egindako elkarrizketetan bilduak (Jakin 196, 2013 eta Jakin 200, 2014, hurrenez hurren).

Iriondori 1980an deitu zion Garaikoetxeak bere lehen gobernuan komunikazio, harreman publiko eta protokolo arloan aholkulari lanetan aritzeko. Gero Euskal Telebistako lehen zuzendaria izan zen 1982tik 1984ra, berak nahi ez zuen arren lehendakariak ardura hori hartzeko eskatu ziolako. «Ni gustura nengoen Garaikoetxearekin, eta ez nuen beste inorekin egon nahi. Beti pentsatu izan dut Carlos Garaikoetxeak herri honen esperantza oso-osoa ordezkatzen zuela. Garaikoetxeak piztu zidan ilusioa ez dit beste inork piztu. Ez deitu zidanean, baizik eta ezagutu nuenean. Gizon zuzena, izan daitekeen presentagarriena, bere harrotasun puntuarekin baina oso neurrian, eta oso sinpatikoa. Oso balio handiak zeuzkan». Hona Iriondok Garaikoetxeari atera zion hitzezko argazkia: «Frankismo osteko Euskal Herriaren itxaropen handia. Ardurarik handienarekin prestatu zen lehendakari kargurako. Karismatikoa, liluratzailea, aparteko manerak zituen. Masen idoloa izan zen, bere erakarmen naturalagatik eta gizon zintzo eta justuaren auragatik. Gaineratu, horri, aurkaririk onartu ez zuen estatu gizon handiaren jakituria zuela. Euskal herritarren gehiengoarentzat, eta euskal historiarako, Kennedy partikularra izan zen eta, akaso, oraindik hala da».

Labaienek, bere aldetik, 1980an jaso zuen Garaikoetxearen deia frankismo ondorengo lehen Jaurlaritzako Kultura sailburu izateko. Jaurlaritza hartan, Labaienen hitzetan, «bi gauza zeuden: zegoen fede handia egiten ari ginenaren gainean, eta zegoen ausardia. Han ez zen bromarik. Garaikoetxea oso lehendakari gogorra zen, baina arriskuak hartzeko beti prest zegoena. […] Garaikoetxeak kontrol zuzena zeukan guregan». Euskarazko telebista eta irrati publikoak, HABE, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Antzerti eta Euskararen Legea haren agintaldi laburreko fruitu izan ziren.

Digresio labur baterako lizentzia hartuko dut. Joan Mari Torrealdaik, ez ironiarik gabe, Jaurlaritza horren asmo eta lorpenen zerrenda dotore horri heltzen zion haren ustez funtsezkoa zen Biblioteka Nazionalaren egitasmoak aurrera egiteko izan zituen neke eta ezinak nabarmentzeko. Euskaltzaindirako sarrera-hitzaldian (Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa, 2009), adibidez, honela utzi zuen idatzita: «Eusko Jaurlaritzaren atzerapena ulertzeko arrazoi bat baino gehiago eman izan da. Bat, Eusko Jaurlaritzak hasiera hartan ez zuela Biblioteka lehenetsi. Lehentasunetan sartu ziren EITB eta Euskadiko Orkestra, baina Biblioteka ez. Eta gero, barne zatiketa administratiboa. Zatiketa administratiboaz hitz egitean maiz edo beti, ezina adierazteko, EAE, Nafarroa eta Iparraldeko administrazioen zatiketa aipatu ohi da. Eta gutxiagotan barnekoa, lurralde historikoena. Biblioteken antolaketan eragin handia izan du. 1982an Eusko Jaurlaritzak OBE (Organización Bibliotecaria de Euskadi) legea onartu bazuen ere, hurrengo urtean Lurralde Historikoen Legeak eskumenak aldundien esku utzi zituen. […] Aukera hura galduta ere, non ote geundekeen gaur, baldin eta 1982an Euskadiko Orkestra sortu zen bide beretik Euskal Bibliografia eta Euskal Biblioteka sortu izan balira?».

Labaienen kontakizunaren ildora itzuliz, euskarazko telebista sortzea, adibidez, lehentasunezkoa izan zen: «Erabakia hartua geneukan. Nire aginduak argiak ziren: euskalduna, hutsik, kito. Espainiako legearekin edo legerik gabe. Baina aurrera. Presa handia genuen. […] Hori lehendakariak onartu zuen. Besteek ez zuten zer esanik». Euskararen Legeari buruz, aldiz: «Niretzat Euskararen Legea da lege motela, baina legea. Hasierako proiektua, Lizundiak eta biok egin genuena, gogorragoa zen. Garaikoetxeari ere pixka bat beldurra ematen zion. Guk pentsatzen genuen hori inposatu egin behar zela, eta besteek, eta lehendakariak berak, pentsatzen zuten: kontuz, gero etortzen dira hauteskundeak eta botoak joaten dira joaten diren lekura». Lehendakariaren babes eta laguntza osoa izan zuen Labaienek egitasmoak aurrera eramateko: «Bazekien, azken finean, erantzukizuna berea izango zela. Pieza bateko lehendakaria izan da. Ordutik ez da horrelakorik izan». Hitz gutxitan esanda: «Frankismoaren ondoren izan dugun lehendakaririk onena. Dudarik gabe. Ausarta, abertzalea, zenbait gauzatan malgua baina iritzi nazionaletan bereari gogor eusten ziona, amore ematen ez zuena. Gobernuan oso ausarta izan zen. Bazekien Kultura Sailean legetik kanpo egiten genituenak bere problema izango zirela, eta onartu egin zuen arrisku hori. Asko estimatzen dut».

Aleka bilduman 2018an Elixabete Garmendia Lasak idatzitako elkarrizketa liburuak Garaikoetxearen biografia osoa biltzen du: Carlos Garaikoetxea. Lider bat lehendakari (Berria, Elkar eta Jakin). Garaikoetxearen ibilbide politikoa dute hizketagai, jakina, baina baita haren bizitza blaitu duten gainerako alderdiak ere. Liburuari heltzen dionak ez du damurik izango: pertsona, pertsonaia eta garai baten argazki petoa topatuko ditu bertan.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan