2025-10-31 Ondaretik
Ikasle edo irakasle izan, azken urteetan unibertsitatearen bueltan ibili dena gertatuko zen halako egoeraren batean. GRAL edo MAL edo antzekoak errebisatzerakoan bibliografiari begira zaude, badakizulako lana egin duzun moduaz nahi baino informazio gehiago ematen duela buztan-atal madarikatuak. Edo badakizulako berez lana xehe-xehe irakurrita egin behar zenukeela ebaluazioa, baina beste dozena erdi bat dauzkazula zain eta etzi dela defentsa, eta bibliografiak apur bat salatuko dizulako ikasleak ze enpeinu jarri duen lana egiten, zuk ere tamainakoa itzultzeko zuzenketan. Ni bi aldeetan egokitu naiz, baina azkenaldian soilik konturatu naiz zenbateraino den salataria atala.
Total, aritu naizela azken urteetan zenbait gradu edo master amaierako lan aztertzen, eta beste gauza batzuekin batera, ohartu naizela joera batez, zeinak altuan galderak egitera eraman nauen. Joera honakoa da: sistematikoki aurkitzen ditugu giza eta gizarte zientzietako obra funtsezkoak aipatuta, ez jatorrizko bertsioan, ezpada gaztelania batu eta garbian dauden itzulpenetan. Salbuespenak badaude – batzuk ingelesez aipatzen dira, eta bakarren batzuk euskaraz ere bai –, baina normalago irakurtzen dituzu Genealogía de la moral edo Contrato social edo El género en disputa. Pentsatzen dut gehienei oharkabean pasako zitzaiela auzia, auzi direla ere nabaritzen ez dugun bazterreko kontuekin pasatzen den bezala. Baina ni horrelakoetan, Pentsamenduaren Klasikoak bildumaz gogoratzen naiz, errukiz gogoratu ere.
Pentsamenduaren Klasikoak
Kultur egitasmo gehienekin gertatzen den bezala, bistako emaitza baino zabalagoa zen liburu-bilduma horren jomuga: kultur politika zen, bere pisu guztiarekin. Orain bookcrossing guneetan edo EHUren eraikinen bateko txokoren batean agertzen zaizkigu portada koloretsudun liburu horiek, han-hemen sakabanatuta, aztarnategi arkeologikoetan bezala. Behinola, ordea, proiektu anbiziotsu eta emankor gisa irudikatu zen. Osotasun horren berri proiektuaren zuzendari tekniko zen Xabier Mendiguren Bereziartuk eman zuen 1994an, Jakin 80. zenbakian argitaratutako artikuluan. Beste mundu bat dirudi, eta, gaur egungo hutsunetik begiratuta, inbidia ematen du Mendigurenek garaiko kultur egoeraz egiten duen analisiak eta proiektuarekin nola erantzun nahi zitzaion azalpenak.
Gabezia bat detektatua zegoen: euskaldun askori izugarri zail, ia ezinezko gertatzen zitzaiela kultur bizitza asegarri bat izatea; produkzio propioa urria zelako eta, horrekin batera, pentsamendu unibertsaleko obrak sistematikoki itzuli ez zirelako. Hutsune hori bistako bihurtzen zen, adibidez, irakaskuntzan, euskaraz hezitako ikasleak unibertsitatera iristen ari baitziren, eta aldi berean, material premia larria baitzegoen unibertsitatean euskarazko pentsamendu-obrei zegokienez. Etorkizuneko pentsalari, idazle, gizarte zientzialari eta abarrek ez zeukaten euren arloko oinarrizko lanak euskaraz irakurtzerik.
Zer egin? Unibertsitateko premia nagusiak eta merkatu zabalagoarenak – publiko ikasi ez-unibertsitarioa, saiakeragileak eta saiakera irakurleak, giza zientzietan diharduten gainerakoak etab. – aztertu. Unibertsitateko ikasketa-planak egituratzen ari direnekin bildu, premia horiek doitzeko eta proposamenak jasotzeko. Horrekin guztiarekin, hautaketa bat egin titulu, gai, garai, hizkuntza eta estiloak orekatuz. Hogeita hamar bat kideko itzultzaile ekipo bat bildu, eta obra bakoitzaren itzulpena errebisatuko duen aditu parea bilatu, bata euskara ereduaz arduratuko zena, eta bestea itzulitako liburuko edukiez. Eta guztia nortasun estetiko (orduan) gaurkotu eta erakargarriarekin diseinatu.
Proiektua gauzatzeko, 1991n irabazi asmorik gabeko sozietate anonimoa sortu zen, BBV Fundazioa, EAEko Aurrezko Kutxen (BBK, Kutxa eta Vital) eta EHUren nahiz Deustuko Unibertsitatearen partaidetzarekin. Bai, ondo irakurri duzue, EAEko banku nagusiek dirua jarri zuten Hobbesen Leviathan edo Arendten Eichmann Jerusalem-en itzultzeko. (Esan dizuet beste mundu bat dirudiela.) Egitasmo horrek, 1992 eta 2009 bitartaen 130 liburu argitaratu zituen, urtean zazpi liburu baino gehiago bataz beste. Erraz esaten da. Ez daukat ideiarik gero etorri zen etenaren kausez, baina urte susmagarri xamarra bada 2009koa. Agian euskaraz Chomsky irakurri ahal izatea gure aukeren gainetik bizitzea zela ebatzi zen bulegoren batean. Edo nahikoa eskuzabal izanak ginela euskarazko pentsamenduaren zimenduetan inbertitzen.
Bildumak hutsuneak izango zituen, baina seguru asko ez zen izango, ez hamarkada horietan, ez hurrengoetan, egin zen azpiegitura inbertsio alferrikakoena. Are gutxiago garestiena. Inolaz ere ez kaltegarriena. Nik sumatzen diodan hutsune handiena, gainera, bildumarekin jarraitzeko arrazoia gehiago da geratzekoa baino. Garbi esateko, bildumari darion unibertsaltasuna asko gerturatzen da ikuspegi eurozentriko eta patriarkalera (Arendt eta Marie Curie dira emakumezko bakarrak). Garai hartako akademia internazionalaren gehiengo absolutua bezalaxe funtzionatu zuen gure nazionalak ere, horretan. Baina gero, auzo-herrietan egitasmo sistematikoek pentsamendu unibertsalaren erreferentziazko obrak berrikusiz, kritikatuz, birformulatuz eta deszentratuz jarraitu dute. Gurean, Klasikoen egitasmo modernoa itzalita, erantzukizun sozialak hustuta, ekimen bakanak etorri dira, han-hemenkako argitalpen solteek edo Eskafandra bildumaren antzeko egitasmo txikiagoek hartu nahi izan diote lekukoa herri apustu hari.
Guztiarekin ere, pentsamenduan oinarrizko eztabaida kide diren 130 lan euskarara itzulita daude Klasikoak-en. Are gehiago, eskuragarri daude guztiz, urririk, EHUren webgunean irekian baitaude ia denak (hala moduz jasota, hori ere esan behar da). Eta, klasikoak direnez gero, obrei eurei gaurkotasunik ez zaie falta: ezinbesteko erreferentzia dira gaur egun ere Mendebalde honetatik (honen kontra) pentsatzeko. Oraindik ere jarraitzen baitugu, beste alde batetik bada ere, horiek irakurtzen, horiekin eztabaidatzen.
Galderak
Zerk huts egin du, orduan, halako pentsamendu ondarea euskaratu bai, baina pentsalari euskaldunen harrobi handienak diren unibertsitateetako bibliografia, syllabus eta ikasketa-planetara hain herren iristeko? Erantzun liteke kultur transmisioaren eten zantzuen beste adibide bat gehiago dela, eta seguru asko asmatu. Baina bakoitza bere obsesioak bizi du eta gu pentsamendu tradizio bat euskaraz sortzen enpeinatuta gaude; gainera, unibertsitate-pentsamendu arloa gutxi-asko ezagutzen dugu, erantzukizunak eta erantzunbeharrak aletzeko gogoz gaude, eta, hortaz, galderak gehixeago xehetzeko premia sentitu dugu.
Hasi gaitezen azken katebegitik, kulparik gutxiena duten ikasleetatik. Nolatan ez dio begira jotzen ikerketa arretaz eta mimoz eta euskaraz jorratu duen ikasle horri, bere bibliografian euskarazko iturriak prentsako albisteak edo erreportaje periodistikoak izatea gehien-gehienean, erdarazkoek, batez ere gaztelaniazkoek, pentsamendu oinarrizkoena dakarten bitartean? Aldeaz ohartzen da? Eta hala ez bada: ze hizkuntza mailaketa dago naturalizatuta hor? Euskaltzalea bada, zerk eragozten dio euskaltzaletasun hori kulturalki, akademikoki, militanteki aktibatzea, hain justu, naturalizazio horren aurka?
Jakina, ikasle horren lekuan egon garenez, badakigu inor ez da jakinda jaiotzen. Ikasleak bere ibilbidean zehar ikerketa egiten ikasi egiten du (onenean), eta gero ere, zuzendariek eta gainerakoek laguntzen dute bere jardunean. Ardura eta zeregin hori euren soldatan doakiela jakinda, zuzendarietako zenbat arduratzen dira, gidaritzaren parte, euskaraz dagoen bibliografia esanguratsua ezagutarazten? Zenbatek ematen die garrantzia ikerketa egingo den hizkuntza (gutxiagotu) horretan bertan aurretik egindako lanak ezagutarazteari? Jakintza sare hori aktibatzeari? Zenbatek sentitzen dute euren ardura Mendigurenen testuan edo Klasikoak bildumaren muinean antzematen den euskarazko pentsamendu tradizioa balioetsi, transmititu eta ezagutaraztea? Zergatik ez dute hori euren lan gisa? Badutenek, zertan ez dute asmatzen? Edo zer falta dute horretarako?
Egiturazko gabeziak ez baitira norbanakoen mailan ebazten, igo dezagun koska bat. Zer gertatzen da unibertsitateko sailetan, gidalerroak eta ikasketa planak erabakitzen diren lekuetan, transmisioaren ezin hori, euskara pentsamendu-hizkuntza gisa erkin ikusten duen isuri hori, funtsezko auzi ez bihurtzeko? Edo, auzi bada, ezin erantzun ahal izateko? Hain zaila al da, ikerketa teknikak eta prozedurak ikasterakoan, APAren enegarren bertsioa eta datu-baseetako bilaketa indexatuak egitearekin batera, ikerketa sistemaren botere harremanak eta joerak apur bat pentsaraztea? Ez ote dago, adibidez, azken bi hamarkadetan, feminismoaren eraginez, genero isuriari eman zaion erantzunetan akademiako hizkuntza minorizazioari erantzuteko bide egokirik?
Nondik dator egiturazko zapalkuntza linguistiko honi, pentsamenduaren eta gizartearen analisi zolienen etxean, erantzun ezina? Non dago Klasikoak bildumaren hastapenetan nabari zen gaitasuna kultur politika eraginkorrak irudikatzeko?
