2026-05-21 Ondaretik
Jo dezagun basoberritze lanetan hastekoak garela, eta aspaldian sartu ez den zuhaitz berri bat, demgaun ZB1, sartu nahi dugula. Lehen ere egon ziren halakoak, baina aldatu-samartua dago saila orduz geroztik: haizeak gogor jotzen du orain, lurra gehitxo mugituta dago eta gogortu egin da… Halako inguruan hazkuntza motela duenez, kezka daukagu gure ZB1 ez ote duen sustraiak botatzen hasi orduko zerbaitek hautsiko. Basogintzan erabiltzen da teknika bat halakoetarako: hazkuntza azkarragoko bigarren zuhaitz laguntzaile bat, ZB2, jartzen zaio hasieran lagun egin diezaion, haizetetik edo gehiegizko eguzkitik babes dezan. Oreka tentuz zainduz gero, hasierako asmoari jarraiki, ZB1 sendoz osatutako baso aberatsa egin liteke horrela, bioaniztasuna bere baitatik sortzen duela.
Hilabete amaieran beteko dira lau hamarkada Euskal Telebistaren bigarren katea sortu zenetik. Esan daiteke, baso-denboran, une esanguratsuan sartzen gindoazkeela honezkero; eta ETB2 sortu zenetik hona lursailak, ekosistemak eta deskuidatuz gero zuhaitzen genomak ere aldatuta egon daitezkeen arren, itxura hartzen diot lehen 10-15 urteetako silbikulturaren ondorioak oraindik bizi-bizirik jarraitzen dutela gaur ikus-entzunezkoen euskal ekosisteman.
ETBren sorrerako hizkuntza-ideologiak
Jakinen orrietan testigantza ugari daude ETBren sorreraz. Ederki dokumentatzen dute lehen urte horietan zegoen ikuspegi diferentzia, telebistak izan behar zuenaz, hizkuntzari zegokionean batez ere. Eztabaida betean idatzi zuen Torrealdaik, artean egitasmo zela, ‘ETB euskaraz!’ laburra Jakin 25.eko Orain eta hemen atalean. Nonbait, Eusko Jaurlaritzak inkesta soziolinguistikoa egin zuen eta bertan galdetu zuen euskal telebistari buruz. Ondorioa: gehiengoa programazioaren %40-60 artean euskaraz izatearen alde zegoen. Euskarazko programen artean gehienek euskal folklorea, herri-kirolak eta haurrei begirakoak ikusten zituzten; gaztelaniaz, teleberriak, filmak, teatroa… Torrealdaik datuen irakurketa:
Lehenengoari eman zaion erantzunak euskararekiko epeltasuna azaltzen badu, bigarrenari emandakoak jendearen ikusera diglosikoa uzten du agerian. […] Betiko erdibiketa: euskara haurren mundurako eta folklore lokalerako; eta erdera, dimentsio unibertsalekoa, informaziorako, kulturarako. Nihil novum sub sole! Zein ongi barneratu dugun kultura nagusiak eta aginteak urtetan ezarritako ideologia!
Datuok eraldatu nahi den errealitate gisa ikusten ditu Torrealdaik, noski. Horretan ari zen gaztetatik, euskaldunei eta euskarari beren lekua eman nahian gizartean. Horregatik eskatzen zion Gobernuari errealitate hori aldatzeko politika egitea, ez hura oinarritzeko. Bazituen irizkideak Gobernuan (Labaienek eta Iriondok antzeko jarrera erakusten zuten Historia Biziako elkarrizketetan), baina alderdi nagusiaren baitan denak ez zetozen bat, eta askok ikusten zituzten zentzuzko, bai elebitasuna, bai edukien hizkuntzazko banaketa ere. Aurrera-atzera ugari izan zituzten emititzen hasi aurreko hilabeteetan; tirabira horien berri ematen dute, adibidez, Amatiñok, hasieran albistegien arduradun eta gerora ETBko zuzendari izan zenak, Jakin 89.ean – euskarazko prentsaren inguruan zen zenbakia osorik – argitaratu zuen ‘ETB: 25. urteurrenaren bidean’ lanak.
Aleka bilduman Urtzi Urkizuk argitaratu zuen Txoria hodei artean (2024) liburuak ere jasotzen ditu lehen urte hartako gorabeherak. Baina nahiko argi geratzen da, batetik, sorreran zebiltzan gehienek elebiduntasun gradu bat onartzen ziotela ETBri hasieratik, baina era berean, presente zegoela oso telebista hark euskararen eta euskal kulturaren normalizazioan mugarri bat jartzeko zeukan zeregina. Hortaz, galdera esanguratsuagoa da, agian, telebista hasieratik ze hizkuntzatan egin nahi izan zen baino, hizkuntzak zertarako baliatu nahi izan ziren hastapen horretan. Eta baso-lan horietan denak ez ziren ados egongo, baina sartu nahi zen zuhaitz gaztearentzat ingurua gutxi-asko egokitzea nahikoa onartuta zegoela antzematen da, erdararen makuluaz baliatuta ere.
Klabe kulturala eta klabe politikoa
Hortaz, adostasun batzuekin, baina epe luzerako planifikazioa guztiz ebatzi gabe hasi ziren emisioak. Edo hobe, planifikazio bat baino gehiago jokoan zeudela. Teinka horiek ETB2ren sorrerarekin azaleratu ziren berriro, 1986, euskarazko telebistaren proiektua bera auzitan ikusi baitzuten batzuk, zokoratzeko arriskuan. Torrealdaik beste artikulu konprometitu bat argitaratu zuen Zeruko Argiaren 1986ko urtekarian, ‘ETB: Buztinezko zangoak’, ETBren proiektua garden eta garbi azaltzeko esanez.
Ez ziren urte errazak izan 1985-1986koak Jaurlaritzarentzat eta hura gidatzen zuen EAJrentzat. Garaikoetxearen eta Arzalluzen arteko soka haustear zen, EAJ eta EA banatzear, eta tentsio horrek izan zuen oihartzunik telebistaren plangintzan. Biraketa horren azterketa ugari daude Jakinen orrialdeetan, balorazio desberdinekin bada ere, inflexio puntua aitortzen diotena uneari. Amatiñok ETB2ren sorreran ez zuen hizkuntza aldaketarik ikusten, baina bai gaiekikoa, balioekikoa. Orduan hasi ziren erdarazko katean EHz kanpoko erdal artistekin produkzio handiak egiten (J.L. Moreno ikur), publizitate-diruari eta audientzien leihari balio zentrala ematen, eta telebista publiko baten tankeratik komertzial batera igarotzeko bidea urratzen. Eta orduan piztu ziren, baita ere, ETB interes politikoaren arabera bideratu nahi zirelako errezeloak, Urkizuren liburuan ikus daitekeen bezala. Telebista tresna garrantzitsua baitzen gizartean eragiteko, Arzalluzek ondo lotu nahi zuen albistegien eta informazio saioen ildoa; horretarako ezinbestekoa zen audientzia lortzea, eta hori azkarren gaztelaniaz lortzen zen.
Eredu dualaren naturalizazioa
ETB sortu eta hamar urtera, Jakin 75.ean aditu biren artikulu bana zetozen lehen hamarkada hori aztertuz: Torrealdairen ‘ETB eta euskara’ eta Ramon Zalloren ‘ETB: txosten bati buruzko txostena’. Zallok ETBk egin berri zuen txosten estrategikoari erantzuten zion, kritiko. Ez diagnostikoarekin zegoen ados, ezta proposatutako bideekin ere: “Zerbitzu Publikoaren logikaren ordez logika bikoitza erabiltzen du, paragubernamentala informazioan eta komertziala, berriz, programazioan.” Torrealdaik, aldiz, euskarazko telebistaren aldeko plangintzaren apaltzea dokumentatzen zuen: lehen bi urteetako borondatetik geroko bazterketara eta une hartan nabari zuen kontrako haizera.
Hasierako asmo eraldatzaile eta euskaltzaleen gainbehera, eredu dualaren ezarpena, kontatzen du Josu Amezagak, ‘Euskal Telebista 30 urteren ostean’ artikuluan, Jakin 194-195.ean. (Zenbakia euskal telebistagintzari dago osorik eskainia.) EITBri 1982tik datorkio alde batetik, euskal kulturaren sustapena eta hedapena, arreta berezia jarriz euskararen lanketari eta garapenari. Bestetik, oinarrizko tresna da informaziorako eta herritarren partehartze politikorako. Hasieran proiektu osoaren zeregin zena, 1993an Jaurlaritzak egindako zehaztapen batekin, bereizi egin ziren. Euskara eta euskal kultura sustatzearen adarra euskarazko hedabideei utzi zitzaien, eta informazioa eta partehartze politikoa erdarazkoek hartu zuten. Edo, alderantziz, euskarazkoek ez zuten hartu gizarte baten oinarrizko funtzionamendurako – funtzio normalizatzaileetarako – izan zezaketen eginkizuna; ezta erdarazkoek euskara eta euskal kultura sustatzeko betebeharra ere. Eta, horrela, hastapenetako helburu euskaltzaleak gandututa, kanalak eta hiztun komunitateak konpartimentalizatuta geratu ziren.
Harrezkero, eraberritze asmo bakoitzaren aurrean, Torrealdaik egiten zuen galderaren oihartzuna itzultzen du euskal ikus-entzunezkoen basoak: “Onartzen al da euskara dela Euskal Herriaren hizkuntza, bateko, eta besteko, Euskal Herriko gizarte modernorako gai dela?” Eta eukalipto usain handi bat ufada bakoitzarekin.