2026-10-16 Ondaretik
Gotaine-Irabarnetik Agurainera zenbateko bidaia dagoen galdeginez gero, euskal herritar arruntak agian ez luke jakinen erantzuten. Bertsozaleak, ordea, ongi baino hobeki daki: bertako ikastolaren aldeko talo bat, elkarrizketa luzeak autoan, eta hurrengorako goxoki poltsa. Dagoeneko hasi da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta nabari da giroan. Bertsoaldi eta puntuazio ezberdinak hizketagai dira Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat sukalde eta plazatan.
Aurtengo txapelketaren berrikuntza nagusietako bat preseski bere izenarena da: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Espainiako gerraren aurreko bi edizioetan izan ezik, zeinetan «Bertsolari Egun» izena hartu zuen, «Bertsolari Txapelketa Nagusia» izenarekin ezagutu dugu 1960tik 2022ra izan duen hirurogei urteko historia luzean, etenaldiak etenaldi. Hautua lurraldetasunari keinua dela aipatu du Bertsozale Elkarteak, eta zentzu berean doa lehendabiziko faseko zazpi saioak Euskal Herriko lurralde banatan jokatu izana, baita Araba, Nafarroa eta Xilabako bertsolari parte-hartzaileen kopurua handitu izana ere.
Aipatu bezala, Euskal Herri mailako lehendabiziko bertsolari txapelketa 1935ean jokatu zen. Baina Josu Landak 1985-86. urteko BTNari eskainitako ale monografikoan argitaratutako ‘Bertsolari Txapelketa Nagusiaren historia’ artikuluan (Jakin 44, 1987), jasotzen du bertsoaren eta lehiaren uztarketa askoz lehenagotik datorren zerbait dela. Bada, erregistratuta dagoen lehendabiziko «bertso-gudua» 1609. urtekoa da, Iruñeko apezpiku batek antolatua. Elkarbizitza luzea da bertsogintza eta txapelketarena beraz. Gaur egun ere, bertsogintzan eta Bertsozale Elkartearen jardunean zentraltasun handiena hartzen duen jarduera, baita jende gehien biltzen duena ere, txapelketa bera da. Horrek badakar zer hausnartua. Zerendako ematen diogu horrenbertzeko garrantzia? Txapelketakoa al da benetan nahi dugun bertsogintza, bere tentsio, hertsapen eta guzti? Giro osasuntsua al da bertsolari hoberenaren norgehiagokak sortzen duena?
Gai hauei buruzko zenbait bertsolari eta bertsozaleren iritziak biltzen ditu aurretik aipatu zenbakian argitaraturiko ‘Bertsolaritzaz galdeketa’ artikuluak (Jakin 44, 1987). Lehendabiziko atalean euren txapelketei buruzko iritzia eskatzen zaie elkarrizketatuei, txapelketaren alde ala aurka dauden adierazteko galdeginez, baita ikusten dizkioten alde on eta txarrak zerrendatzeko ere. Bakoitzak bere iritzia ematen duten arren, kontsentsu orokor bat ageri dela erran daiteke. Denak kokatzen dira, alabaina, txapelketaren existentziaren alde. Batzuen ustez txapelketak eskatzen duen zorroztasunak onurak ekartzen dizkio bertsogintzari. Bertsolariak lehiara etorri ei dira txapelketara, irabaztera, eta horrek behartzen ditu bertzela iritsiko ez lituzketen entrenamendu eta bikaintasun mailak iristera. Txapelketakoa da bertsogintzaren maila onena askoren ustez. Eta egia da teknikoki lore oso politak uzten dituela txapelketak, plazan nehor botatzera ausartuko ez litzatekeen bertsoaldiak. Ildo beretik, hertsapen maila honek berrikuntzarako bidea ireki dezakeela ere pentsatzen du zenbaitek, bai teknika eta bertsokera aldetik, baita aurpegi eta bertsolari berriak ere. Txapelketak, epai-irizpideak gorabehera, balio du bertzela ezagun izanen ez liratekeen gorputzak oholtzaratzeko.
Ostera, badira aipatzen dituzten zenbait gauza ez hain baikor txapelketaren inguruan. Elkarrizketatuetako askok azpimarratzen dute, txapelketak norbera topera bultzatu badezake ere, askotan presio horiek bertsolariaren kalterako datozela. Daukazun hori erakusteko plaza eder bat gaizki izate iturri bilaka daitekeela dirudi. Bertzeen begiradaren pisua gainean eramatea ez da nehoiz erraza. Eta hau lehia testuinguru batera aplikaturik, oholtzakideen arteko harremana gaiztotzeko nahikoa arrazoi izan daiteke tarteka.
Era berean, esanguratsua da ia guztiek aipatzen dutela bertsoen neurgarritasuna eta epaitu behar izatea bera txapelketaren alderdi gatazkatsu gisa. Eta esanguratsua da, bertsoak neurtu eta epaitzea baita txapelketa gertatzea ahalbidetzen duen hori. Izan ere, bertsolari hoberenaren norgehiagoka horretan denetatik bat aukeratu nahi izateak, berez neurgarria ez den bertsolariaren artelana neurgarri egitera behartzen gaitu. Bistan dena, hau ez da ariketa erraza, eta asko eta asko izan dira honi buruzko eztabaidak. Iñaki Sarriugartek historian zehar bertsoa epaitzeko modu ezberdinen eta horien inguruan sorturiko ika-miken bilduma aski osatu bat eskaini zigun 1987ko ‘Epaimahaiaz txapelketan’ artikuluan (Jakin 44). Eta horren jarduera zentrala izanik txapelketaren funtzionamenduan, ez da harritzekoa bertsolari txapelketa bateko saio osteko elkarrizketetan oso presente aurkitzen dela puntuazioen, aritmetiken eta epaileen gaia. Epailea entzule kualifikatua da berez, bertsoa aurretik definituriko parametro batzuen baitan baloratzeko ardura duena. Ez dira gutxi parametro horiek, errima, metrika, testua, gaiari lotzea, denbora, hizkuntza… Baina beharbada irizpide hauen eta epaileen lanaren ezagutza urriak sortzen du horrelako zalaparta, eta Maialen Akizuk idazten duen bezala «entzulearen eta batez ere bertsolariaren osasun mentalerako, puntuazioen azalpenak ematea positiboa litzateke» (‘Euskal Kultura 2022’, Jakin 253, 2022).
Azkenik, txapelketaren ereduak uzten duen bertze ondorio bat, dirudienez, bertsokera aski zehatz bat sustatzen duela da, lehiara bideratutakoa. Batzuek berrikuntza iturburutzat duten arren, egia da txapelketak historikoki bertsotan aritzeko modu bakar bat lehenesteko joera izan duela, bertze hainbat kantaera, estilo eta adierazpide bazterrean utziz. Orain arte txapelketan nagusitu diren gorputz eta diskurtsoak gorputz eta diskurtso zehatz batzuk izan dira, nahiz eta azkeneko urteotan bertzelako gorputzak ere txapelketako oholtzak hartzen ari diren. Horren erakusgarri da Kattalin Minerrek 2017an Maialen Lujanbioren gainean egin gogoeta: haren hitzetan, Lujanbiok «bi txapel irabazi behar izan zituen bakarra kontsolidatzeko, lehena emakume bertsolariarena eta bigarrena bertsolari onenarena» (‘Euskal Kultura 2017’, Jakin 223, 2017). Agerian geratzen da, hala, txapelketak ez duela soilik bertsolarien gaitasuna neurtzen, zer den bertso ona eta zein bertsokera aitortzen diren erabakitzeko boterea ere baduela. Lujanbioren kasuak, halaber, erakusten du txapelketak bertsokerak berritzeko eta bestelako moldeak zilegitzeko duen indarra.
