2026-02-06 Ondaretik
Nazioarteko azken hilabeteotako egoera politiko nahasiaren kapitulu bat gehiago bezala ulertu beharko genuke 25 urtetik gorako negoziazioen ondoren Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai) artean urtarrilaren 17an Paraguain sinatutako merkataritza libreko itunaren sinadura. Kontuan hartuta herrialde amerikar horiek batez ere lehengaiak esportatzen dituztela Europara –tartean, nekazaritza eta abeltzaintza gaiak–, elikagai oldea iristeak kezka handia sortu du EBko lehen sektorean. Horrenbestez, EBko hainbat herrialde agertu dira akordioaren aurka, Frantzia tartean; baina Italiaren azken orduko iritzi aldaketak itunaren aldeko gehiengo kualifikatua ahalbidetu du Europar Kontseiluan. Urtarrilaren 21ean, ordea, Europako Parlamentuak ezezkoa eman dio itunari hamar botorengatik, Europako Justizia Auzitegira bidaliz; ikusteke dago, beraz, Europako Batzordeak, auzitegiaren ebazpenari itxaron gabe, ituna aplikatzeari ekingo dion edo ez.
Ongi dakigu azken aldian faktore politiko berri batek dena aldatu duela: Trumpen oldarraldi orotarikoak eragin duen nahaspila geopolitikoan, EBrentzat garrantzitsua izan daiteke Mercosurrekin itun hori ixtea, nazioartean indarra hartzeko. Paradoxikoki, beraz, Trump bera bilakatu da itunaren bultzatzaile nagusi. Hego Amerikarekin harremanak estutzea komeni omen zaio Europari, eragile ekonomiko eta politiko garrantzitsu bilakatuz, AEBek dena hankaz gora jartzen duten bitartean: eragile izan nahi du AEBen eta Txinaren arteko lehia globalean, nazioarteko jokalekuan protagonismoa irabaziz.
Europa osoan bezala, Euskal Herrian ere nekazari eta abeltzain elkarteak itunaren aurka agertu dira. Laborarien ustez, Mercosurreko produktuak (artoa eta behi eta hegazti haragia, besteak beste) merkeago eta ingurumen eta lan arloko kalitate eta segurtasun neurri gutxiago betez sartuko lirateke Europan, lehia desleiala eraginez. Abenduan eta urtarrilean zehar hainbat protesta ekintza burutu dituzte nekazarien sindikatuek Euskal Herri osoan, Ipar zein Hego, «ekonomia ultraliberal globalizatu eta suntsitzaile» baten itunaren aurka. Haien ustez, produktuen kalitate eta prezio desberdintasunak ez ezik, ekoizpen eredu baten defentsa ere badago jokoan: itunak, azken buruan, multinazionalen eta enpresa handien interesak lehenetsiz, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza, osasuna eta elikadura burujabetza arriskuan jartzen dituela salatzen dute laborariek. Ekonomiaren globalizazioak kalitate eta osasun neurriak zorrotzago kontrolatzen dituzten tokiko egitasmo txikien aurka eta ekoizpen eredu agroindustrialaren alde egiten duela, alegia.
Beste bitxikeria bat: urtarril amaieran Indiarekin ere itxi du merkataritza ituna EBk; baina, kasu horretan, nekazaritza arloko gai arantzatsuenak (esne eta haragi ekoizpenari lotutakoak, bereziki) itunetik at geratu dira, itxuraz Indiari beldurra ematen ziolako bertako nekazari oldearen aurka jotzea. Europak beste aldera begiratzen asmatuko zuen, noski, etxean dituen korapiloak ezagututa. Real politik.
Euskal nekazari eta abeltzainak merkatu globalean galduta
Euskal Herriko lehen sektore tradizionalari ez zaio sekula erraza izan modernizazioak eta globalizazioak ekarri duten agertokian bere burua kokatzea. Bigarren Mundu Gerraren osteko agertokian, Europako merkatu bateratuaren hastapenetan, ekoizpen eta merkataritza eredu berriei aurre egin beharra egokituko zitzaion. 1960ko hamarkadan gaude, eta aire berriak datoz europar ekonomiara. Jean Louis Davanten bi artikulu goiztiar topa ditzakegu Jakin-en, 1966an (‘Laborantza eta «seien» arteko merkatua’, Jakin 22) eta 1969an (‘Gure laborantzaz edo nekazaritzaz’, Jakin Sorta bilduma 1). Merkatu bateratuaren hastapenak kontatu zituen Davantek: nekazaritza ekoizpenen herrialde arteko komertzioari trabak eta aduanak kentzea, prezio bateratuak sustatzea eta nekazarien bizimodua hobetzea dira asmo nagusiak. Eta, hasiera-hasieratik, AEBak begi bistan: «Amerikanoek nai lukete Europarekin merkatu bakar bat apailatu. De Gaullek eta Hallsteinek botz batez: ezetz! Hori amerikanoen baitan Europaren urtzea litakela […] Amerikatik berexteko, Europak izan bear du. Oraindik ez da […] Euskal Herri handi baten antza baluke gaurko Europak. Ez daki zer nai duen. Hautu bat egin bera luke: izan edo ez izan».
Garaiko nekazaritzaren aje nagusiak aipatu zituen Davantek: mekanizazio eta industrializazio eskasa, produktibitate urria, kanpoko monopolio eta oligopolio handien nagusigoa, nekazari langileen urritzea…: «Lurraren emaitzak (janari eta ekeiak) arauka gero eta merkeago saldu, eta industriako gauzak gero eta garestiago erosi behar ditugu». Davanten ametsa: laborariek langileekin eta abertzaleekin bat egitea.
25 urte beranduago, 1985ean, euskal nekazaritzari buruzko monografikoa atondu zuen Jakin-ek 35. zenbakian. Izan ere, Espainia Europako Batasunean sartzeko atarian zegoen: «Kezkaturik eta asaldaturik dugu nekazaritzaren sektore osoa, EEEan [Europako Ekonomia Erkidegoa] integratzeak ekar ditzakeen aldakuntzak direla medio». Zenbakiko lehen bi artikuluetan, Andoni Lekuonak eta Jon Emaldik sektorearen argazki orokorra eskaini zuten: sektorearen garrantzia; nekazari langileen proportzioen bilakaera; nekazaritzaren eboluzioa gerraostean; industrializazioaren ondorioak nekazaritzan; ekoizpenaren, enpleguaren eta produktibitatearen eboluzioa; nekazaritza ustiapenen neurria; errentagarritasun txikiaren auzia…
Ondoren, euskal nekazaritzaren etorkizunari buruzko mahai ingurua osatu zuten Jose Mari Zeberio (EJ), Kepa Enbeita eta Andoni Lekuona (EHNE) eta Pello Iralurrek (ELB). Iralurrek, hain zuzen, sektoreari buruzko diagnosi zorrotza zekarren: «25 urtez industrian baino biziki handiagoa izan da produktibitatea nekazaritzan. Alegia: nekazariak modernizatu dira». Baina produktibitate gehikuntzaren mozkina ez dute laborariek eraman. «Gaurko bidetik 20 urteren buruan %50 ez dira gehiago nekazaritzatik bizi izaten ahal, sistema honetan ez bait da txikientzat lekurik». Globalizazioaren ajeak gogoan: «Gure teknologia, gure lan-moldeak edo gure laborantza aurreratu baldin bada, neurri batean beste batzu urrunago zuzenean ustiatu ditugulako aurreratu da».
Azken buruan, «duela 25 urte sortu zen laborantzari buruzko politika krisian da; eta krisi horri buruz ez du nehork erantzunik. Duela 25 urte bazen aterabiderik: mekanizazioa, modernizazioa, etab. Hogeitabost urteren buruan ohartu gara, okerra zela politika hura […] Egungo krisia ez bait da herri edo estatu baten problema, mundua den sistema baten krisia baizik». Andoni Lekuonaren hitzetan: «Euskadin bertan marginala da nekazaria, eta Europan, berriz, ez da ikusi ere egingo Euskal Herriko nekazaritza». Kepa Enbeitak ere Europaren mehatxuari heldu zion: «Europan sartu ala ez, gure egiturak nahitaez aldatu behar ditugu; Europan sartzeak behartu egin dezake Administrazioa aldaketa batzu azkartzera; baina nola egingo da: gure erara ala krisian eta sistema baten barruan dagoen Europaren erara?». Izan ere, adibidez: «Abantaila bezala aipatu da mugak kentzea; baina Estatuak ez dira kentzen». Enbeitak, bukatzeko: «Sistemaren amaiera ikusten da. Eta azkena ikusteak berak ekarriko du beste sistema bat». Etsipen giroan itotzear, esperantzarako heldulekurik ere bada Iralurren ahoan: «Badakigu mugak non diren, eta bide berri batzuk sorteraz ditzakegu Euskal Herrian […] Beste dinamika bat sortuz, laboraria bera arduratzen da bere biziaz. Dinamika horrek izanen du ondoriorik bai ekonomian, bai gizartean, bai kulturan, bai bestetan: beste Euskal Herri bat sortuko da».
Hogeita hamar urte geroago, lepo beretik kolkoa. 2015ean, Mixel Berrokoirigoinek azken hamarkadetako Iparraldeko esperientzia kontatu zuen ‘Laborantza, sindikalgintza, herrigintza: Iparraldeko esperientzia’ artikuluan (Jakin 206). Laborantza ereduari buruzko debate etiko-politikoaren garrantzia azpimarratu zuen bertan: «zer modernitate behar du laborariak? Zein eredu da jasangarria? Zer ekoiztu behar da? Zertarako? Nola? Norentzat? Produktibismoaren kritikak hazi zituen laborantza ereduari buruzko lehen orientabideak. Laborantza eta gizartearen arteko lotura, mundu ‘aurreratu’ eta Hirugarren Munduaren arteko erlazioak, baita ere laborantza ereduak eta horien harremanak naturarekin, bioaniztasunarekin…».
Trumpismoaren erasoak auziaren gordintasuna mahaigaineratu digun arren, lehenagotik dator erauntsia. Azken hamarkadotako gogoeta horiek guztiek argi uzten dute bagenekiena: ez da posible nekazaritzaren orainaz eta geroaz aritzea etikaz, politikaz, eta areago, geopolitikaz aritu gabe.
