[Ondaretik] Hizkuntza gutxituak Frantzian: berdintasunaren ametsak munstroak sortzen ditu

2026-10-30 Ondaretik

Peio Dufau EH Baiko diputatuak eta Paul Molac diputatu bretoiak konstituzio lege proposamena aurkeztu zuten urriaren 6an Frantziako Asanblean egindako agerraldi batean, Frantziako Konstituzioak hizkuntza gutxituen lege estatusa mugatu ez dezan: zehazki, 2008an eskualdeetako hizkuntzei egin zitzaien aitortzaren eta konstituzio frantsesaren 2. artikuluaren arteko koherentzia bermatu nahi dute proposamen horren bitartez. Horretarako, Frantziako Konstituzioaren 2. eta 34. artikuluak aldatzea proposatu dute. Honela dio 2. artikuluak lehen paragrafoan: «Errepublikaren hizkuntza frantsesa da»; esaldi horri honakoa gehitu nahi diote: «Eskualdeko hizkuntzen erabilpena, sustapena eta babesa errespetatuz». Frantziako Parlamentuak ebatz dezakeen lege esparrua definitzen duen 34. artikuluari, aldiz, gehikuntza hau nahi diote egin: «[Legeak arautzen du] eskualdeko hizkuntzen estatusa, bereziki administrazioan eta zerbitzu publikoetan duen erabilpena». Azpimarra dezagun aldaketa horiek ez luketela hizkuntza gutxituen lege estatusa aldatuko, ezta, beraz, ofizialtasun maila igoko ere. Baina hizkuntzei buruzko eztabaida politikoa parlamentura eramango lukete, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren esparrutik askatuz; ondorioz, hizkuntza gutxien aldeko lege bat prestatu eta proposatzeari bidea irekiko litzaioke.

Frantziako Asanbleak proposamena onartuko balu, Senatura pasatuko litzateke, eta hortik, azkenik, Kongresura, non diputatu eta senatari guztien hiru bostenen babesa lortu beharko lukeen. Bide malkartsua, edonondik begiratuta; are malkartsuagoa, frantziar jakobinismoaren erro historiko sakonak eta egungo giro politikoaren joera muturzaleak aintzat hartzen baditugu. Edonola ere, Frantziaren berezitasun aipagarria da esparru eta ikusmolde politiko guztiekiko transbertsala dela berdintasun ilustratuaren irakurketa uniformizatzaile eta hegemonizatzailean oinarritzen den jakobinismo hori. Oilar iraultzaile edo arrano inperial, harrotasun zigilu betiere.

Baina harrotasunik harroenak ere izan ditzake ustekabeko arrakalak. Bitxia da konstituzioaren 2. artikulu horren jatorria, 1992an erantsi baitzen, Maastrichteko Itunaren testuinguruan. Hain zuzen ere, ingelesaren gero eta mundu hegemonia handiagoak frantses hizkuntzari lekarkiokeen mehatxuari aurre egitea izan zuen xede. Kike Amonarrizek gogorarazi zigun maniobra hori 1994an (Jakin 81): «[K]urioso egiten da, frantsesaren eta gaztelaniaren defendatzaileak ingelesarekiko, euskaltzaleak erdarekiko erabili ohi ditugun arrazoi beretsuak erabiltzen ikustea: heriotza-arriskua, hizkuntzaren degradazioa, modernizaziorako bideak, nazioarteko presentzia, etab. Toubon Legea egoera berri honen emaitza besterik ez da. Frantsesaren defentsa ‘ingeles kolonialismoaren’ aurka edo Legegaiak berak dioen bezala ‘frantsesa ingelesaren zabalkundearen aurrean babestea’». Ione Josiek 90eko hamarkadako testuingurua argitu zigun 2023ko artikulu batean (Jakin 255): «Berez ingelesaren kontra egiteko sortu bazen [konstituzioaren 1992ko 2. artikulua], errealitatean tokiko hizkuntzen kontra egiteko erabili da. Bestalde, legearen aurrean gizaki orok trataera berdina jaso behar duela agertzen bada, euskaldunak bermerik gabe uzten ditu berriz ere. Horrela gertatu zen 1999an, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu ondoren berresteko oztopoak sortu zirelarik. Konstituzioaren bigarren artikuluaren sorrerak segida logiko bat ukan du, frantsesa babesteko lege batean deklinatu baita, Toubon legea (1994) hain zuzen ere, zeinek frantsesaren erabilera derrigortzen duen hainbat eremutan: administrazioan, hedabideetan, zerbitzuetan, irakaskuntzan…».

Egalité-aren alibia

Ondoko urteetan ere izan dira hainbat mugimendu Frantziako hizkuntz politikaren eremuan: 2008an, «eskualdeko hizkuntzen» aipamena erantsi zitzaion Frantziako Konstituzioaren 75.1 artikuluari, zeinak hauxe aitortzen baitu: «Eskualdeko hizkuntzak Frantziaren ondarearen parte dira»; horren harira, honela zioen Eguzki Urteagak 2009ko artikulu batean (Jakin 175): «Frantses konstituzioan lurralde hizkuntzen aipamena egotea aurrerapauso ukaezina bada, ez da nahikoa euskarari behar duen lege geriza eskaintzeko, ezta ere hizkuntza politika handinahi eta boluntarista bat osatzeko eta ondoren gauzatzeko». Eta 2021ean, Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legeak (Molac legea deitutakoak) eztabaida handiak piztu zituen, batez ere murgiltze bidezko irakaskuntzaren inguruan. Baina, oro har, konstituzioaren 2. artikuluak eta Toubon legeak oraindik ezartzen duten esparru legala muga gaindiezina da hizkuntza gutxituen aintzatespenari begira egin daitekeen edozein aurrerakuntza proposamenentzat.

Azken buruan, Erramun Baxokek 1998an (Jakin 104) ohartarazi gintuen bezala: «Konstituzioaren arabera hiritar guztiak berdin dira legearen aurrean eta ez dago bitarteko erakunderik hiritarren eta Errepublikaren artean, ez etniarik, ez erlijiokidegorik, ez herrialderik, ez eta ere mintzakidegorik. Hor daude adierazpen askatasuna eta elkarretaratze eskubidea, baina bakoitzaren hautuz, eskubide hauek indibidualak baitira. […] Chirac presidenteak […] berriz ere errepikatu du: ‘Frantzia inoiz ez da komunitate multzo bat izanen’. […] Irizpide fundatzaile honengatik nazioarteko eskubidean Frantziak ez ditu beretzat onartzen ez gutiengorik, ez eta ere kultur eskubide kolektiborik. […] Hortakotz frantsesa da Errepublikaren hizkuntza funtzionala». Eta Ione Josiek, 25 urte geroago, berriro: «Frantziaren ikuspegitik, hizkuntzak nazio eraikuntzarako funtzioa betetzen du, normatua, bateratua, komunikazio tresnatik harago doana, homogeneizatzailea, tresna identitario izan nahi duena. Zentzu horretan, batasuna da berdintasunaren oinarria. Hizkuntzaren eta kulturaren batasuna sustatu da, modu horretan hiritar guztiak berdinak bihurtzeko. Horrela, ikuspegi juridikotik abiatuz, Frantziako Estatuak ez du ez hizkuntza komunitaterik ez hizkuntza talde gutxiturik aitortzen, ez dira aintzat hartzen modu kolektiboan balia daitezkeen eskubideak, ezagupen horrek ‘hiritarren berdintasuna’ urratuko lukeelakoan. Konkretuki, hizkuntza gutxituetako hiztunei hizkuntza eskubideak aitortzea Errepublikaren banaezintasunaren, berdintasun printzipioaren eta herri frantsesaren batasunaren aurkakoa da».

Paul Dufauk muinean jo du Berria-k egin berri dion elkarrizketa batean erabilitako adibidearekin: «[N]ehor ez da Quebecen [Frantzian] frantsesaren erabileraren kontra. Nola da posible Quebecen hori aldarrikatzea eta Frantziako hizkuntzak ez babestea?». Egalité hexagonal eta unibertsala berdinkeriarantz degradatzen da itsasoaz bestalde, itxuraz.

Modernitatearen ikur nagusietakoa, Frantziako Iraultzako leloko berdintasuna, frantses nazionalismoaren bertsio makurrenaren oinarri bilakarazi dute azken bi mendeotako jakobino eta chauvinistek. Lehengo astean gure artean izan genuen Ramón Grosfoguel teoria dekolonialaren ordezkari entzutetsuak oso ongi laburtu zuen berdintasun ilustratuaren idealaren tranparen funtsa. Grosfoguelen ustez, modernitateak darabilen berdintasuna ideal abstraktu bat da, eta, hala izanik, haren aplikazio edo erabilpen politikoak ez ditu beti justiziarekin bat datozen emariak izaten: berdintasun abstraktuak injustiziak eragin ditzake. Horregatik, justizia sozialaren bilaketari eta lorpenari soilik begiratuko dion berdintasuna sustatu beharko genuke. Justiziarik gabe, berdintasunik ez.

Euskal Konfederazioak azaroaren 21ean Baionan deitu duen manifestazioak euskararen koofizialtasuna aldarrikatuko du. Euskara berpizteko, biak izango dira beharrezkoak: euskararen estatusean aurrera egitea eta euskal herritarren atxikimendua.

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan