2025-03-18 Ondaretik

Ander Manterola apaiz antropologoak Jakin 174ko Historia bizia saileko elkarrizketan kontatu zuen umetako irakurgai ugari komikiak zituztela, bai berak eta baita bere belaunaldikide askok ere. 1934an jaio zen Manterola, gerraurreko Zeanurin (Bizkaia), eta esaten zuenez, frankismo beteko 40ko hamarkada hasieran “Tebeo asko irakurri genuen, erdarazkoak denak.” Erdaraz argitaratzen baitziren TBO izeneko komiki arrakastatsuak, 1917ko martxotik aurrera, etenaldiekin bada ere.
Erdarazko komikiak irakurriz hazita ere, Manterolaren belaunaldia izan zen euskal komikigintzaren gorakada ekarri zuena. Eta euskarazko kultur esparru gehienetan bezala, komikigintzan ere gorakada horrek crossover fantastiko ugari, asmo handiak, diru gutxi eta sasi-normalizazio prekarizatua ekarri zituen. Ez dakigu inon baino alaiagoa izan den, baina inon bezain gozagarria izatera iritsi da, bere lorpen eta bere eztabaida. Beti bezala, Jakinen Ondarean arakatuz jarrai daitezke gorabehera horiek denak.
Gurean ere ezer ez da hutsetik hasten
Ohiko kontua da gurean pentsatzea, transmisio etenak eta aldiroko zailtasunak tarteko, kultur adierazpideak berandu heltzen direla euskarara. Horregatik, dira interesgarriak Javier Diaz Nocik eta Nagore Amondarainek egindako genealogiak gogoratzea, erakusten dutelako talentua eta asmoa aspalditik zeudela, eta eremua jorratzeko babesak eta lanabesak zirela eskas, normalean.
Diaz Nocik 1927an hainbat hilabetez iraun zuen Txistu komiki-aldizkaria aztertzen du Jakin 60ko, euskaraz argitaratu zen lehenengoa eta garaian Euskal Herrian argitaratzen zen bakarra. Aurreko saiakerak ere jasotzen ditu, ordea: nola 1916-1918 bitartean Euzko Deyan binetak argitaratu ziren, batzuk atzerritik itzuliak, besteak originalak; nola kaputxinoek Euskaltzaindiari proposatu zioten 1923rako TBOaren antzeko ingitxo bat kaleratzeko proiektua; eta nola, behin Txistu amaitu ostean, 1935ean Lopez-Mendizabalen Poxpolinek eman zion segida. Zailtasun ekonomikoak aipatzen dira beti halako proiektuen zailtasunen artean, baina noski, ez euskararen kontrako desprestigio kanpaina jarraituek, ez Primo de Riveraren diktadurak (1923an hasi), ez 1936ko estatu kolpe faxistak lagunduko zuen euskarazko zernahi finantziatzen. Lurrak ez baitira, normalean, berez galtzen.
Amondarainek 2015eko Egunen gurpilean batean hartu zuen komikigintza hizpide, Jakin 206an. Diaz Nociren genealogia osatzen du, 70-80ko hamarkadetako komiki modernoaren errepasoarkein. Haurrentzako Kili-kili eta Ipurbeltz aldizkariez gain, hor agertzen dira HABEk sortutako Habeko Mik, alfabetatze bidean zeuden euskaldunentzat, edo Euskadi Sioux eta Napartheid kolektiboen lan satiriko-politikoak. Horiek hegoaldean sortuak baziren, Enbata aldizkarian 1975etik aurrera John Etxebeltzek argitaratu zituen tirak, astero. Genealogia horretan sartzen ditu, halaber, garaiko fantzineak eta bestelako argitalpen herrikoiak ere. Zailtasunak zailtasun, soka luzea izan du euskal komikigintzak. Eta soka hori ezinbestean talde-lanean luzatzen dela erakutsiko du Amondarainek, nola iraganeko hala orainaldiko adibideekin.
Liburugintza azterketan, komikiari begira
Jakinen liburugintza azterketaren datu basean 70eko hamarkadatik aurrera argitaratutako komikiak daude jasota. Datu horietan ikusten da komikigintzak pixkanaka lortu zuela lekua eginez joatea, harik eta 2010eko hamarkadatik aurrera indartzen den. Hasierako kopuruak ez dira demasekoak, baina bide urraketa garrantzitsuak gordetzen dituzte: Tintinen eta Asterixen lehen itzulpenak edo Gabai. Gure herriaren historia itzela, esaterako. Azken hamarkadetako gorakadak, berriz, ia 900 titulutan jarri du euskarazko komikien erakusleihoa, berrargitalpenak alde batera utzita. Datuak, behin-behinean hartuta ere, erakusten du zertxobait.


Zenbakien atzean, ustekabeko talde lanak eta heltze bat
Garai hartan apustu indartsua zegoen umeek garaiko gozagarri esanguratsuak euskara jorian jaso zitzaten, eta horregatik zeuden kulturgile saiatuak proiektu itxuraz txikien atzean. Liburugintza azterketaren baitan, hain justu, 1972ko Tintin-en hiru itzulpen dira lehenego erregistroak, urte horretako bakarrak. Handik lau urtera argitaratu ziren Asterixen lehen lanak, noren eta Gabriel Arestiren itzulpenarekin, justu itzultzailea zendu eta gutxira. Ildo berean, Arestiren lagun Iñaki Beobidek aipatzen du komikigile lanetan aritu zirela Jarrai antzerki taldekoak, Zeruko Argiarena zen Pan-pin eraberritu eta berpizteko. Bitxiena ez da hori, ordea: Jarraiko todoterrenoen diruzain, “isil-isilean kontuak eraman eta zorrak ordaintzen” aritu zena Banco de Vizayako zuzendaria izan zen, gerora Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izango zen Xabier Aizarna. To crossoverra!
Nabaritzen den eran, komiki argitaratua gazteentzako literatura gisa hasten da lekua hartzen euskarazko liburugintzan. Nazioarteko joerari jarraitzen zion horretan ere. Baina Goizalde Landabasok Jakin 180eko Egunen gurpilean antzeman zuen bezala, 2010ean “eguzki berritan” zegoen komikigintza, nazioartean bezala Euskal Herrian. Are gehiago, aldaketa bat ari zen gertatzen, hamarkada batzuk lehenagora arte nagusiki haurrentzako zen formatua helduena (ere) izatera etorrita baitzegoen. Art Spiegel-en Mausek abiatu omen zuen goraldi hori, batzuen esanetan, 90eko hamarkadan Pulitzerra irabazi zuenean. Horren atzetik, hamarnaka titulu aipagomendatzen ditu Landabasok, interneten topatutako ‘must’ zerrenden artetik: tartean Joe Saccoren Palestina eta Marjane Satrapiren Persepolis. Zer edo zer esan nahiko du hiru lan horiek (eta niri oharkabean pasatzea posible den beste zenbait) berriki euskarara ekarri izanak.
Aldez ez bada moldez sortzen dela Euskal Herrian sobera ikusten da egun ere, komikigintzaren eskaintza zabalean. Baina ondareari begira, konturatzen gara crossoverrak interesgarriagoak direla, gaur-gaurkoz, euskarazko sorkuntzan sortzaileak ez ezik gainerako eragileak ere gogoz eta borondatez inplikatu eta arduratzen direnean.