2025-04-03 Ondaretik

“Europa militarki bat eta guztiz indartsua ez bada Errusia eta Ipar-Amerika’n atzaparretan erortzeko arriskuan dago.” Esaldi hori irakurri eta ariketa jarriko banizue, esaldia ze garaitakoa den asmatzekoa, dibertituko ginateke erruz zuen buruaren karranka hortsak entzuten. Esaldiaren edukiari begiratuz, berriz, arrastorik ez diozue hartuko ea 50eko edo 60ko hamarkadakoa den, 80koa, 2000ko amaierakoa, 2010eko erdi parekoa edo 2020 hasierakoa. Euskararen formari erreparatuta, agian, pista bakarren bat atzemango duzue hura batua aurreko (b.a.) edo batua ondorengo (b.o) garaiari dagokion jakiteko, baina horrekin ere lanak. Izan ere, harrigarria da aro historiko berri deklaratuen inaugurazio garaiek euren artean ze antza izan ohi duten, mendebaldeko Europa honetan behintzat.
Europaren batasuna
Hogei bat urteko fraide sakramentinoa zen Pernando Saizarren “Europaren batasuna” artikuluan dator asmakizun esaldia, 1960ko Jakin 11n. Har diezaiogun usaina garaiari: lau urte lehenago Suezko Krisia izan zen. Gerra Hotz betean eta teinka geopolitikoen erdian, Egiptok Suezko Kanala nazionalizatu zuen, ordura arte kontrolatzen zuten potentzia kolonial frantziarren eta britainiarren kalterako. Horrek Israelgo estatu gazteak aliatu kolonialei esker eskualdean irabazi berri zuen boterea murriztea ere ekarri zuen.
Mundu arabiarrean Hiruko Eraso gisa ezagutzen dena hasi zen horrela, aipatutako hiru estatuek Egipto inbaditu zutenean. Hirukoteak gerra militarki irabazi bai, baina politikoki galdu egin zuela esan ohi da, garaipen militarra epeldu baitzuen Sobietarrek eta Estatubatuarrek (zuzenean gerran parte hartu ez arren) ezarri zuten egoera berrian Egiptok kanalaren kontrola mantendu baitzuen. Beste mila ondorio ekarri zituen krisiak, baina bakarra seinalatuko dugu hemen: bistan geratu zela Frantziak eta Erresuma Batuak estatubatuarrekiko zeukaten menpekotasun politiko eta militarra. Europaren batasun beharrak orduan haizatu ziren berriro. Egungoarekin duen antza (proxy gerrak, ustezko aliatuen maskara erortzeak, europarren krisi existentzialak) EZ da kasualitatea.
Haize horiek sumatzen dira Saizarren testuan ere, “azken aldiko gertakizunak dirala-ta” gaia ekartzen duenean. Batasunerako arrazoiak zerrendatzen ditu ondoren: lehena, argi eta garbi, arrazoi militarra ekartzen du, sarrerako esaldiarekin. Ondoren dator ekonomiarena, antza Estatu Batuak baino aberatsagoa omen zelako Europa, baina bere baitan zeuzkan estatuen muga eta salerosketarako oztopoekin ezin baitzuen hura biziarazi. Hirugarren arrazoia “guzien problemak erabaki eta zaintzeko Estadu asko dezaken bat” eratzeko beharra da, Europar estatu bat, alegia; “hizkuntzak, arrazak, kulturak, oiturak, erri bakoitzeko legeak eta abar osorik ikutu gabe”, baina ekonomia, defentsa militarra eta herrien arteko harremanak erabakitzeko egitura politikoa sortzea.
Historiaren ironiek ematen dizkiguten plazertxoen artean kokatzen dut nik “defentsa militarraren”, garapen ekonomikoaren eta integrazio europarraren auziak berdin-berdin topatu ahal izatea duela 65 urteko Jakin batean edo Habermasen gaur egungoan, eta bi garaietako agente geopolitikoak ere gutxi-asko errepikatzea. Plazer ironikoa da, noski, kontua ez baita txantxetarakoa.
Ze Europa?
Interesgarria ez da bakarrik arrazoien planteamendu berberak topatzea. Arrazoiketa beraren muinean dagoen motibazioa ere konparatzekoa da: nola Saizarrek, hala Habermasek Europa zerbaiten zaindari, defendatzaile gisa aurkezten dute. Fraide gazteak kristautasunaren kabi gisa irudikatzen du 60ko hamarkadako Europa; Habermasentzat AEBek abandonatu duten demokraziaren ideiaren gotorleku da 2020koa. Sakrifizioak, horien izenean egingo dira, lehen kristauki, orain laiko-razionalki. Eta bati zalantza sartzen zaio ordutik honako sei hamarkadatan Europa Kristauaren ideia zahartu den bezain gaizki (eskuinean muturreko herrena eginda, alegia) zahartuko ote den Demokraziaren Europa hori ere, 2090erako.
Asko pentsatu gabe, baina Saizar gaztearen Europa kristautik Habermasen kontsentsuzkorako igarobidea 90eko hamarkada hasieran jartzea hipotesi zilegia iruditzen zait. Etsai geopolitiko nagusia eraitsi duenaren bozkarioz, NATOren blokea (eta horren baitan Europako estatuak, nagusiaren etxeko apopilo) mundua egin-desegin ari zen garaian etorri zen Europar Batasuna eratzeko tratatua. Justu, Joanmari Torrealdaik Egunkarian idatzi zuen “Europa maitea” zutabetxoa ideiari buruz 1992an, Maastrichteko itun hura aitzakia hartuta. Europarekiko desliluraren kronika dirudi:
Lehen, frankismo-garaian, demokrazia/askatasunaren erreferentea zen Europa. Areago: Euskal Herria Europan kokatzea, kokatzea hutsa besterik gabe, susmagarri zen zentsuratzaileentzat, adibidez. Euskadi-Europa zuzen zuzenean lotzeak Espainia ‘baztertzea’ adierazten ornen zuen. Baztertzea ez dakit, baina Euskal Herriaren independentzia adierazi nahi zuela, hori bai.
“Lehen” hori 60ko hamarkada da, Saizarren artikuluaren garai bera. Esperantza eta ilusio horiek denak gandututa zeuzkan, ordea, Torrealdaik 30 urte beranduago. Bitartean daude Espainiaren trantsizio txit demokratikoa, NATOren erreferendumaren kontua (Jakinek editorial bat eta guzti eskaini ziona 38 zenbakian) eta, oro har, 60ko hamarkada borrokalari europarraren gainbeheratzea. Ondorioa:
Zeren erreferente da Europa gaur egun? Auskalo! Europan ‘salbazioa’ ikusi nahia ihesbide da beste ezer baino gehiago. Herrien Europa? Entelekia gisakoa da hori. Europa ez da komunitate bat. Eta ez du izan nahi ere. Pierre Villar historigileari irakurri berri diot hau: «… gaur egun Europa proposatzen denean, azken baten ez da komunitate bat proposatzen, potentzia bat baizik». Potentzia batek balio lezake industria antolatzeko, jakiak banatzeko eta… baina nekez identifika daiteke jendea harekin. Zein da gaur egungo agintariek aginduriko zorioneko Europa ‘berria’? Ez dakit ziur, baina ez da ‘gure’ Europa hura, hori seguru.
Galdera, Europa zeren erreferente den gaur egun, zentzuzkoa egiten zait. Eta erantzuna ere, halamoduz. Ezertan hasterako, ez litzateke beldurra zabaltzea beste asmorik ez daukaten “Bigarren Mundu Gerraz geroko garai zailenak” eta halako esamolde hanpatuak bere neurrian hartzea. Azken 65 urtetan ikasia ez ahaztea onena, bestela guk ere bukatuko dugu enegarren krisi existentzialista honetan, aro berriak deklaratu eta betiko auziei soluzioa berdin-berdin eman nahian, hurrengo shock doktrina europarrera arte.