Eider Rodriguez

«Euskal literaturaren gaitzetako bat soberazko hitz-kopurua da»

2016-01-28 Elkarrizketak

 

 

Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) euskal kondagintzako ahotsik originalenetako bat dugu. Konplexurik gabeko begirada ausart eta ziztatzailearen jabe, sekulako arreta eta interesa piztu ditu Rodriguezek irakurleengan zein kritikan bere ipuin-bildumen bidez. Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) eta Katu jendea (Elkar, 2010) argitaratu ditu sorkuntzan, eta Itsasoa da bide bakarra. Sarrionandia irakurriz (Utriusque Vasconiae, 2014), ikerkuntzaren arloan, bere doktoretza-tesian oinarrituta. Irène Némirovskyren Le bal (1930, Dantzaldia, Txalaparta, 2006) eleberria euskaratu du, eta ediziogintzan ere aritua da Rodriguez. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da ikerlari eta irakasle. Hendaian (Lapurdi) bisitatu genuen abuztuan, oporretatik itzuli berritan, eta euskararen zein euskal literaturaren egoeraz harekin aritzeko parada izan genuen, baita haren obraren alde batzuetan sakontzeko ere.

 

 

Nola ikusten duzu euskal literaturaren gaur egungo egoera?
Nik uste dut une interesgarria bizi dugula; gutxinaka-gutxinaka badugu geroz eta interesgarriagoa den corpus bat: klasiko irakurgarriak dauzkagu –klasiko irakurtezinak bagenituen, baina orain klasiko irakurgarriak baditugu–, eta klasiko ez diren hainbat liburu interesgarri. Beraz, aniztasun hori badagoela esango nuke; ez bakarrik estilo aldetik; genero eta hizkuntza aldetik ere badago. Beste kontu bat litzateke ea bizi gintezkeen gelditzen zaizkigun urteak euskal literatura bakarrik irakurtzen, baina nik uste dut badaukagula panorama polita, eta badaukagula zer irakurria denbora pixka baterako.
Uxue Apaolazak esandakoa da euskal literaturaren aniztasun tematikoa «klase ertain zuri-zuriarenera» mugatzen dela.
Bai, hala da, baina ez nuke esango klase ertainera bakarrik mugatzen denik; zurira, dudarik gabe, baina esango nuke klase ertain-altuxera eta klase ertain-baxuxera ere lerratzen dela, edo badagoela hor ere materiala, gai aldetik. Anitza esanda, ahots ezberdin dezente badaudela esan nahi nuen, betiere kontuan hartuta zein den gure komunitatea, eta nork osatzen duen. Nik uste dut, gaur egun, idazle-jendea eta euskal gizartea bera ere oso klasea ertainerantz dagoela mugatuta. Hortik behera eta hortik gora badago jende asko, baina literaturan geroz eta espazio gutxiago daukate. Gaur egun, klase ertainaz hitz egitea oso nahasgarria egiten zait; burgesia, klase ertaina, kontzeptu horiek oso lausoak egiten zaizkit, eta geroz eta gauza gutxiago esan nahi dute. Klase ertainaren barruan badaude hainbeste bizi direnak sekulako oporraldiak egiten, eta, era berean, badaude hainbeste ere langabezian daudenak, eta klase ertaintzat hartuak direnak. Klase ertaina oso anitza da, eta aniztasun hori uste dut badagoela gutxi-asko islatuta.
Interesgarria da jakitea zeri deitzen diogun angustia burges koskor. Batentzat «angustia burges koskorra» dena beste batentzat oinarrizko eta biziraupenerako gainditu beharreko angustia da. Irakurketa edo irakurzaletasuna bera bada nahiko gauza burgesa. Niri beti ematen dit atentzioa nola askotan entzun dudan «langile-jendea agertu behar da». Jakina agertu behar dela, niri ere gustatzen zait agertzea. Gure begietara burgesak ez diren errealitate horiek erretratatu nahi ditugu. Baina, gero, liburu horiek irakurtzen dituztenak burges koskorrak gara. Alde batetik, hizkuntzak dauzkan berezitasunengatik. Hau da, ez da bakarrik euskaraz alfabetatuta egon behar dela, baizik eta euskal literatura irakurtzeko, zoritxarrez eta bizi dugun normalizazio faltagatik, behar dela plus bat sartzeko hainbat eremu literariotan. Beste hizkuntzetan ere bai, baina euskal literaturan esango nuke are gehiago behar dela plus bat, entrenamendu bat, itzulpenak, hainbat estilotako irakurgaiak, hainbat idazle irakurri ahal izateko. Nik uste dut best seller-ak ere euskaraz irakurri ahal izateko formakuntza berezi bat behar dela, eta formakuntza hori lortzen dutenak, formakuntza hori lortzeko astia eta plazerra, edo plazerra hartzeko gogoa daukatenak, normalean, ez dira langile xumeak izaten. Kontraesan bat da, itsusia da esaten ari naizena, baina nik neure ibilbide labur honetan hori ikusi izan dut. Beraz, gauza bat da zer nahiko genukeen, eta beste bat zer den. Nire ustez, interesgarria da ahalik eta zubirik ederrena topatzea, baina ez zubirik luze eta ibilezinena egitea.
Niri beti ematen dit atentzioa nola askotan entzun dudan «langile-jendea agertu behar da». Jakina agertu behar dela, niri ere gustatzen zait agertzea. Gure begietara burgesak ez diren errealitate horiek erretratatu nahi ditugu. Baina, gero, liburu horiek irakurtzen dituztenak burges koskorrak gara.
Xabier Mendiguren Elizegiren iritziz, inguruko literaturekiko erabateko parekatzea lortzeko euskal literaturak gaur egun duen hutsunerik handiena literatur itzulpengintzan dago. Hain zuzen, apenas argitaratzen da euskarara itzulitako literatura, liburuaren salmentak itzulpena ordaintzeko ere emango ez duelakoan. Hori dela-eta, itzultzaileak musu-truk egindako itzulpenak edo editoreak, berariaz eta salbuespen moduan, ondo salduko direla garbi ikusten dituen liburuenak bakarrik argitaratzen dira.
Batetik, niri, homologazioarena, gaur egun, ez zait hain lazgarria iruditzen, ez eta hain interesgarria ere. Niretzat, ez da hori hainbesteko erronka, eta egongo da hortik, baina ez dut uste hori denik euskal literaturaren arazorik handiena. Nik uste dut euskal literaturaren arazorik handiena dela –ez dakit arazorik handiena den, baina esan duzuna baino handiagoa– hizkuntzaren egoera bera. Nire ikasleen artean, hainbatek eta hainbatek ezin dituzte itzulpenak irakurri; ez daukate gaitasunik, eta pasa dute bizitza osoa murgiltze-eredu batean, eta asko dira guraso euskaldunak dituztenak, eta udalerri euskaldunetan bizi direnak; beste asko, ez, baina berdin zait, azken batean askok jotzen dute ez jatorrizko bertsiora, baizik eta gaztelerazko bertsiora. Beraz, nik uste dut hor dagoela zulo ikaragarri handi bat. Batetik, hizkuntzaren arazoa badago, ez dago behar beste zabalduta eta txertatuta, eta, bestetik, ez dela nahikoa lantzen aurreko urteetan. Zuk badaukazu Célineren Gauaren muturrerainoko bidaia, adibidez, eta emaiozu, euskaraz, hogei urteko gazte erdi pareko bati (ez bereziki irakurtzen duenari). Emaiozu Raymond Carverren liburu bat, Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean, adibidez, Koro Navarrok itzulitakoa; hizkuntza aldetik, jatorrizkoa nahiko liburu soila da, ez dauka sintaxi bihurririk, ez dauka erregistro arrarorik, nahiko laua da, esaldi gehienak laburrak dira. Bada liburu hori irakurtzeko zailtasun asko dauzkate hogei urteko irakurleek. Eta okerragoa dena: baita berrogei urtetik gorakoek ere, noski. Beraz, itzulpengintzaren homologazioa? Homologazioa ez zaigula iristen ez dagoelako itzulpengintzarik? Beno, hori da, niretzat, icebergaren puntaren erpintxo bat. Horren azpian daude arazo are sakonagoak, benetan larriak direnak, eta, esango nuke, ez daudenak konponbidean, eta, gainera, eskatuko luketenak ez dirua bakarrik, baizik eta, benetan, konpromiso handia instituzio guzti-guztien aldetik. Eta, une honetan, ez dut ikusten asmoa, borondatea edo gogoa horrelako ezer egiteko. Uste dut Martxelo Otamendik aipatzen zuela lortu nahi zela tailerretako langileek ogitartekoa jaten zuten unean edukitzea Berria, eta irakurtzea. Nik uste dut hortik nahiko urruti gaudela, eta ez Berria-k gauzak gaizki egiten dituelako, baizik eta egoeragatik beragatik; ez Berria-k ez euskaraz idatzita dagoen prentsak ez du hori lortzen, gaur egun, ez Argia-k, ez The Balde-k. Papereko komunikabideek ez dute hori lortu, ez gai aldetik, ez hizkuntza aldetik. Hizkuntza aldetik irakurlego potentzial hori urruti dago, eta gai aldetik esango nuke prentsa bera dagoela urruti, ez dagoela mainstream-ean den komunikabiderik euskaraz. Agian horrela behar du, baina esan nahi dut horrekin urrun ikusten dudala hamaiketakoaren ordua iritsi, eta tailerreko jendeak, edo tailerrik gabe –beti aipatzen da mundu maskulino hori–, Zarako langile-jendeak, Berria edo euskarazko liburua zabalduko duen unea.
Euskal hedabideen mugak eta eragileek hartu beharreko konpromisoa aipatuta, ez du ematen euskara hutsezko prentsa sustatzea Jaurlaritzaren lehentasuna denik.
Nik uste dut are sakonagoa dela arazoa. Nik uste dut hizkuntza politika, baina ez bakarrik Eusko Jaurlaritzarena, euskararen egoera hobetzeko egiten diren egitasmoak, ez direla serioak, ez dela nahikoa egiten. Oso egoera kaskarra bizi dugu. Nik Donostian irakasten dut, ikasle gehienak gipuzkoarrak dira, asko eta asko herri euskaldunetakoak, eta, oro har, zailtasun izugarriak dituzte euskaraz idatzi, irakurri eta baita hitz egiteko ere. Horri heltzen ez diogun bitartean, itzulpengintzarena, bai, euskal prentsarena, bai, baina zer gertatzen da, zergatik iristen dira hogei urterekin ikasle horiek –ez denak– hain maila kaskarrarekin? Hobe dezakegu euskal prentsa? Bai, eta hobetzea nahi dut, zeren eta nik irakurtzen dut, baina hori da adar bat, baina ez da enborra.
«Konpromiso handiagoa» esaten duzunean, zer dabilkizu buruan?
Buruan daukadana da nire lagun-taldea, adibidez: zortzi gara, hemezortzi urtera bitarte ikastolan ikasi dugu, eta pare bat ez dira gai 8-9 urteko seme-alabekin euskarazko elkarrizketa bat mantentzeko. 8-9 urtera bitarte gai izan dira, sintaxia, hiztegia, argudiatzeko behar diren tresnak infantilak izan direlako, baina aurrerantzean euskara eta gaztelania nahastuko dute, eta denborarekin akaso euskara nongotasun lanbrotsu bat adierazteko makulu gisa erabiliko dute, gainerako guztia gaztelaniaz egingo dutelako. Niretzat hori sintoma oso larria da, ez da nire bailaran gaitz berezi bat dagoenik, genetikoa dena, eta ez duena ahalbidetzen euskararen erabilera areagotzea, baizik eta iruditzen zait badagoela hor zerbait oso serioa dena, eta hori konpontzen ez dugun bitartean alferrik ari garela petatxuak jartzen beste toki guztietan. Alferrik ez, baina ez dugu konponduko beste arazo hori.
Errenteriakoak izanda, familia erdaldunetakoak izango dira gehienak.
Denetarik dago. Badira guraso biak euskaldun zaharrak direnak; beste baten kasuan bata euskaldun zaharra, eta bestea ez. Beste baten kasuan, biak erdaldunak, beste batean, euskaldun berria. Aipatu dizkizudan bi kasu horietariko baten guraso biak euskaldun zaharrak dira, adibidez.
Bikoteak euskaldun zaharrak izanda ere erdarara jotzen dute haurrekin?
Familia erdaldunean sortu eta ikastolan ikasitako norbait euskaldun zaharra al da? Agian, terminologia zabaldu behar genuke. Gurean oso arrunta da haurrak izan aurretik ere gai ez izatea lagunarteko elkarrizketak mantentzeko. Haurra izateko garaian, transmisioa utziko dute eskolaren eskuetan, baina transmisio hori ez da erabatekoa izango. Izan ere, badakigu hemezortzi urterekin bukatzen dutenek oso maila kaskarra dutela, herri askotan. Eta Gipuzkoaz ari naiz, baina Gipuzkoatik kanpo are ilunagoa da panorama. Nik haur- eta gazte-literatura ematen ditut, eta haur-literatura oso ondo ulertzen dute nire ikasleek, sintaxi eta hizkuntza oso laua delako, eta irudiz lagunduta dagoelako. Ikasle helduak dira, irakasle izateko bidean daudenak. Baina lehen hezkuntzako azken zikloko irakurgaiak ulertzeko ere zailtasunak edukitzen hasten dira. Zer esanik ez heldu-literatura irakurtzeko. Adibide hori oso grafikoa egiten zait niri. Oso irakurgaitasun infantila izaten dute. Iruditzen zait sintoma bat dela, ez beraiek bereziki daukaten zerbait.
Euskal literaturara bueltatuz, Euskal Herriko gatazka politikoak nolako trataera jaso duen literaturan ikergai nagusi bilakatu bide da, Euskal Herriko unibertsitateetan eta, zer esanik ez, atzerrikoetan (non itzulitako idazleen obrak baizik ez ohi dituzten landu). Koldo Izagirrek ohartarazi du kostunbrismo berri bat eta gai bakarreko literaturaren irudia ekar diezazkiokeela horrek euskal literaturari. Euskal literaturaren beste alor batzuetako mugarriak, aldiz, ez dira ikertu, batez ere gutxi edo batere itzuli ez dituztenen egileenak.
Batzuetan, deigarri egiten zait nobela bat hartzea, eta, bat-batean, gatazka. Ez bakarrik euskal literaturan, baita Espainiako literaturan eta zinemagintzan ere erabili da, pixka bat, gai hori thriller itxurako gaizto eta onen arteko liburu eta pelikula txarrak egiteko. Normalean, segituan erortzen dira eskuetatik liburu horiek. Kontakizunean benekotasun minimo bat ez dagoenean, irenstezinak egiten zaizkigu pelikula eta liburu horiek euskal gatazka gertutik bizi izan dugunoi. Nik uste dut badagoela euskal literaturan gailentzeko modu bat, gatazkari buruz idatzita, gatazkaren alde batean lerratuta baldin bazaude (ez beti, baina badira kasu batzuk), eta, agian, hortik kanpo gelditu diren hainbat idazlek, edo horri buruz idatzi ez duten hainbat idazlek, ez dute hainbesteko sona, nolabait esatearren (euskal idazleek ez dute sona inoiz), gelditu dira pixka bat bazterrerago, ez dira ikergai izan, kasu askotan. Nire liburu guztietan badago gatazkari loturiko ipuinen bat. Segituan: «honek gatazkari buruz idazten du». Baditut hainbat gai bestelakoak direnak, baina agian bai jarri dela hor fokua. Adibidez, antologietan, nire ipuinen bat jarri dutenean, uste dut gehienetan izan dela gatazkari loturikoa. Eta badira gaininterpretazio ugari, oso barregarriak egiten zaizkidanak. Orain dela gutxi, elkarrizketa-liburu baterako idatzi zidan emakume batek esanez Politika albisteak ipuinean «argi eta garbi» ari nintzela «terrorismoa kondenatzen». Intepretazio barregarri bat. Lehenengo egiten zuen bere tesia, eta, gero, galdetzen zizun tesi horri buruz, eta denak ziren halako zentzugabekeriak. Eta irakurketa ugari dira zilegi, baina guztiak, ez. Niri ere iruditzen zait nolabaiteko gaindosia egon dela, eta oraindik ere badagoela; baina, agian, gaur egun ertz gehiagotatik ari da ematen, eta iruditzen zait gaiztoen eta onen arteko eszenifikatze hori apurtu egin dela, gutxika-gutxika, zorionez, eta badagoela zintzoagoa den ikuspegi bat euskal gatazkaren inguruan, ez hain muturrekoa, manikeoa, zuri eta beltz, gudari-etsai, baizik eta gatazkaren inguruan sorturiko albo-min gehiago ari dira ikusten, euskal narratiban. Neuri, pertsonalki, oso zaila egiten zait gatazkaren inguruan idaztea, egin nahiko nuke baina ez dut asmatzen nola.
Batzuetan, deigarri egiten zait nobela bat hartzea, eta, bat-batean, gatazka. Ez bakarrik euskal literaturan, baita Espainiako literaturan eta zinemagintzan ere erabili da, pixka bat, gai hori thriller itxurako gaizto eta onen arteko liburu eta pelikula txarrak egiteko. Normalean, segituan erortzen dira eskuetatik liburu horiek.
Politika albisteak kontakizun horretan, zer eta gatazka politikoaren metafora ikusi nahi izan du kritikariren batek, Idoiaren zilborraren lizunaren irudia aitzakia hartuta (errealitatearen eta paranoiaren muga nola lausotzen den besterik ez du ikusi irakurle arruntak). Gatazka politikoarekin dena estekatzeko hiperinterpretazioak gai egiteko diren kritikariek, ordea, ez bide dute harrapatu narrazio horretan bertan interpretazio-ardatz horrekin lotuta dagoen hari nabarmen bat: Idoiaren ama pertsonaiak 1936ko errepresioa sinbolizatzen duela, eta amaren zein alabaren istorioak 1936an hasi zen biolentzia politikoko ziklo bereko continuum-ean txertatzen direla.
Bai, hala da. Ni bi urte eta erdiz bizi izan nintzen Tafallan, eta orduan asko busti ninduen gerra zibilaren kontuak, istorio asko entzun nituen. Garai hartan Txalaparta argitaletxean egiten nuen lan, eta Altaffaylla Kultur Elkarteak egina zeukan gerra zibilaren inguruan testigantza jasotze-lan ikaragarri handia. Orduan ezagutu nituen hainbat eta hainbat kasu, eta beste modu batera ikusi nuen euskal gatazka deitua izan den hori, nola datorren aspalditik haustura, eta hor badago continuum hori erakusteko edo agertzeko nahi bat.
Liburu bereko Bellevue kontakizunean, Marguerite Durasen estiloaren oihartzuna antzematen da, tonuaren urratuan eta zintzoan.
Asko gustatzen zaidan idazlea da, oso gazte irakurri nuena lehenengo aldiz, eta ordutik beti akonpainatu nau, bai bere nobeletan, baita bere elkarrizketa-liburuetan ere. Berak egindako elkarrizketak zoragarriak dira, baina, batez ere, haren prosa dentso hori oso-oso erakargarria egiten zait. Ez dakit horren antza eduki dezakeen edo ez, nire lehenengo liburuan dagoen ipuin bat da hori. Berak fikziorantz ez du hainbeste, hain nabarmen, jotzen, eta nik bai. Beraz, hor aldea egon daiteke, tonuan, irakurleak pentsatzen duenez Durasen testuaren eta haren pertsonaiaren artean oso tarte gutxi dagoela, are urratuagoa ematen du. Baina asko interesatzen zait haren sintaxia, haren prosa hautsi hori.
Bellevue-n, irudi poetikoak eta egunerokotasunaren deskribapenak uztartzen dira.
Gogoratzen dut ipuin hori idatzi nuenean, gustura gelditu nintzela, seguraski lehenengo aldia izan zela sentitu nuena nik idatzitako zerbait argitaragarria izan zitekeela. Gogoan dut bai idaztean oso ongi pasa izanaren sentsazioa, baita emaitza finalarekin ere. Une horretan pentsatu nuen «hemen lortu dut nahi nuena», betetasun-sentsazio hori, ez dena beti gertatzen ipuin batekin. Ez dakit nori irakurri nion batzuetan gertatzen zaigula zerbaitek funtzionatzen duela, baina ez dakizula zergatik. Baina beste batzuetan ez dakizu zergatik ez duen funtzionatzen ipuinak. Uste dut, batzuetan, dela buruan gertatzen diren meandroetatik hartu duzula bide bat, eta oso zaila dela atzera egitea. Istorioak beste bide bat jarraitu du, eta, azkenean, ez da zuk kontatu nahi zenuen hura, eta uste nuen ipuin hori idatzi nuenean zortea aldeko nuela. Gero, inoiz ez gaude konforme idatzitakoarekin. Seguraski, gaur egun ez nuke ezta zoratuta ere ipuin hori horrela idatziko. Geroz eta gutxiago interesatzen zait lirismoa, neure testuetan, batez ere, eta geroz eta lerratuago nago soiltasunerantz. Izan ere, esango nuke euskal literaturaren gaitzetako bat dela soberazko hitz-kopuruarena. Seguraski badu zerikusia hizkuntza ez normalizatu bat izatearekin. Niri horrek, gaur egun, kalte egiten dit begietara, idazten dudanean.
Geroz eta gutxiago interesatzen zait lirismoa, neure testuetan, batez ere, eta geroz eta lerratuago nago soiltasunerantz. Izan ere, esango nuke euskal literaturaren gaitzetako bat dela soberazko hitz-kopuruarena. Seguraski badu zerikusia hizkuntza ez normalizatu bat izatearekin. Niri horrek, gaur egun, kalte egiten dit begietara, idazten dudanean.
Egunerokotasuna eta haren problematizazioa dituzu zeure ipuinen agertoki nagusia, kamera geldi baten antzera. Istorioa baino gehiago noiznahi hasi eta eten litezkeen errealitate-zatiak dirudite zure kontakizunek. Ildo horretatik, afinitateren bat ikusten dut zure ipuinen eta Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik bildumaren artean. Adierazgarriro, zera esan du Apaolazak: «drama handienak egunero bizi ditugun gauza txiki horiek dira».
Bai, bakarrik egunerokotasuna esaten denean, badirudi denon egunerokotasuna berdina dela, edo egunerokotasuna gauza geldi eta homologatu bat balitz bezala, eta, hain zuzen ere, jendearen egunerokotasunak oso-oso diferenteak dira. Nahiko ados nago Uxue Apaolazak dioenarekin, azkenean, drama handiak aurki daitezkeela egunerokotasun horien barruan. Edonola ere, ni ez naiz batere idazle razionala edo estetikoa idazterakoan, oso inpultsuka idazten dut. Beraz, batzuetan gertatzen zaizkit gauzak, edo ikusten edo sentitzen ditut gauzak, edo kontatzen dizkidate gauzak, eta idatzi egiten ditut. Askotan ez dut neuk aukeratzen, hau da, neuk aukeratzen dut, baina ez da nik razionalki aukeratutako zerbait; da badakidala hori kontatu egin behar dudala, istorio bat dagoela. Gutxitan egiten dut: «honi buruz idatzi behar da, idatzi nahiko nuke honi buruz». Gehiago da nik jasota ditudala hainbat gertakizun, gertatu direnak nire barnean, edo sortzen didatenak zirrara berezi bat, eta saiatzen naizela zirrara hori, nahiz eta ulertezina, inkontzientea izan, paperean biziarazten, eta irakurleari biziarazten, edo sentiarazten. Izan daiteke egunerokotasuna, baina nirea eta zurea ez dira igualak, Uxue Apaolazarena eta nirea ez dira igualak, nahiz eta, seguraski, gauza asko komunean eduki hirurok. Nire emaitza izan daiteke politikoa, soziala edo intimista, baina nire idazteko kontzeptua ez doa hortik, askoz organikoagoa, emozionalagoa da.
Politika albisteak eta T’es très belle-n batera irakurrita, kontrajartze moduko bat ikusi dut. Politika albisteak kontakizunean ekintzailearen bikotekidea nolako egoeratan geratzen den da arretagune. T’es très belle-n, aldiz, kalean dagoen ‘aktibismo’ arina eta kontsumista da kritikagai. Haragia-ren ardatza azken hori delakoan nago. Alegia, euskal gizartearen abangoardiako zati bat kontsumoaren gizartean integratu egin dela nabarmentzea.
Egongo da horretatik, T’es très belle hori idatzi nuenean, aktibismoaren bi alde horiek kontrajarri nahi nituen, baina ez nuke esango, inolaz ere, hor badagoenik kritika bat kanpotik egiten den aktibismoari. Nire helburua ez zen hori, eta Politika albisteak-en protagonista ez da aktibista baten emaztea, edo neska-laguna. Niretzat da andre bat, haren errealitatea osatzen dena hainbat puskaz, eta puska horietako bat bada haren bikotekide izandakoa-edo erbestean egotea, edo aktiboan egotea, baina ez bakarrik, zeren eta haren errealitate puska bat ere baden haren ama, eta amaren iragana, eta haren errealitatearen puska inportante bat ere baden amatasun nahi gaixotiar hori. Horrekin esan nahi dizut ez dela bakarrik aktibista baten emaztea, nik ez nuen horrela formulatu, inolaz ere, baina bai gatazka politikoaren barruan badaudela aktore ugari, asko ikusezinak direnak, eta hori litzateke horietako bat. Eta T’es très belle-n, abokatua beste bat litzateke. Kasu horretan ez da onik ateratzen bere karakterizazioan, baina hor ari nintzen adierazten nork bere arazoak dituela, eta norberaren miseriak eta dramak oso diferenteak direla, bizi dugun egoeraren eta koiunturaren arabera. Eta, justu, kontrajarri nituen bikotea osatzen duten preso-abokatu bikotea, baina ez dago manikeo izateko gogorik kontakizun horretan. Hain justu, adierazi nahi nuena zen nork bere arazoak dituela, eta arazo horiekin egiten duela bakoitzak ahal duena.
Baina presoa gose-greban ari den bitartean abokatua festibalean mozkortuta…
Biek daukate arazo bera: neska-lagunarekin daude biak nahastuta, bakoitza berearekin, baina bai, badago bat mozkortuta hor Korsikan, eta bestea, ziegan erratza pasatzen…
Badago une bat bi narrazio-planoak uztartzen dituena esaldi berean.
Niri gose-grebek beti sorrarazi izan didate halako ezinegon mingotsa. Hor badago esan dizudan hori: batzuetan, edo gehienetan, kontatzen ditudala gauzak emozionalki zerbait eragiten didatenak, eta gose-grebek hori eragiten didate. Hor badago zerbait, zirrara berezi bat, ezin dudana ulertu edo jasan, asko mugiarazten nauena. Eta hortik sortu zen kontakizun hori. Ez da hainbeste plano orokorra hartzen dudala, eta hau eta bestea eszenifikatu nahi dudala; emozio batetik abiatutako kontakizuna da, gehienbat.
Zer hauskorrak diren edertasuna eta hari bide dagokion munduan egoteko era, hagin-pusketa soilak txiki ditzakeena.
Lehen aipatzen genuena: angustia burges koskor horiek zer diren bakoitzarentzat oso gauza erlatiboa da. Adibidez, edertasuna eta haren galera izan daiteke oso zera burgesa, nondik begiratzen diozun, baina gorputzaren higadurak edo aldaketak, eta gorputzaren ‘hondamendiak’ ez dute zertan izan gai burgesak, nola jorratzen dituzun. Eta baditut ipuin batzuk horri buruz aritzen direnak, eta, nire ustez, behintzat, ez dira ipuin «burgesak», nolabait esateko, baizik eta arduratzen dira jendarte honetan hain presente dauden, eta hainbat diru mugitzen duten industriez. Azkenean, diru gehien mugitzen duten industriak, gure munduan, dira armagintza, kosmetika, eta farmazia. Nola izan daiteke kosmetika industria garrantzitsuenetako bat gure munduan? Hori ezin da burgesa izan. Nire ipuin horiek badute nahi bat agertzeko kosmetikaren eta edertasunaren diskurtso hori, emakumeengan, eta geroz eta gehiago gizonengan, eragin suntsigarria duena. Farmaziara joan orkatila bihurtu zaizulako esprai baten bila, eta ematen dizutenean opari zimurrak leuntzeko lagintxo bat.
Edertasunaren inguruko kezka hizpide, hona Uxue Apaolazak zer esan duen: «Gure kurrikulumean asko pisatzen duen zerbait da, presentziagatik, edo absentziagatik».
Nik uste dut aho biko arma dela edertasuna, eta esango nuke, askotan, arazoa dela konponbidea baino gehiago emakume askorentzat, batez ere edertasun-mota kanoniko horrek oso denbora gutxi irauten duelako, horren ondorengoa, askotan, delako drama; bost, sei, hamar urtez iraun dezake edertasun jakin horrek. Niretzat, hor inportanteena da edertasuna esanguratsua dela emakumeentzat, onerako zein txarrerako, eta, askotan, txarrerako. Ikusi besterik ez dago telebistan ez dakit zer programa aurkezten duten bikoteak, eta gizonezkoa izan daiteke orko bat, baina emakumezkoak beti eder izan behar du, eta erakusgai egon behar du; edo, bestela, oso termostato ezberdina dute gizon eta emakumeek, gizonak mahuka luzez eta alkondara lotuta eta emakumezkoak tiradunetan agertzen baitira. Baina tiradun emakume horrek ere bere urteak zenbatuak ditu; gizkonezkoak, ez. Esanguratsua da; horregatik interesatzen zait. Emakumea gorputza da, gizona ez.
Nik uste dut aho biko arma dela edertasuna, eta esango nuke, askotan, arazoa dela konponbidea baino gehiago emakume askorentzat, batez ere edertasun-mota kanoniko horrek oso denbora gutxi irauten duelako, horren ondorengoa, askotan, delako drama; bost, sei, hamar urtez iraun dezake edertasun jakin horrek.
Hagina kontakizunean, zerari erreparatu diot gehienbat: ‘edertasuna’ ezaugarri fisikoa baino gehiago munduan egoteko era izateari. Estatus bat ematen du.
Bai, ematen zaizu, gainera. Estatus hori higatuz joaten denean, edo edertasun hori eraldatuz, edo gastatuz, edo desagertuz joaten denean, jende asko galduta dago munduan, baina ez bera bakarrik galduta dagoelako, baizik eta haren inguruak ere hura eraiki, onartu edo ez onartu duelako edertasun horri erreparatuta. Beraz, ez da bakarrik aldatzen pertsona horrekiko, baizik eta baita munduarekiko harremanean ere. Hori interesgarria iruditzen zait, asko gertatzen dena adin jakin batean; adin ertainaren tarte batean maiz gertatzen den zerbait da, eta oso modu gogorrean, askotan.
Bortizkeria handiz idatzi zenuen Haragia. Haragia-tik Katu jendea-ra nabarmen aldatu zen tonua.
Nik uste dut geroz eta gutxiago epaitzen ditudala neure pertsonaiak. Esango nuke Katu jendea-n oso gutxi, edo gutxiago, epaitzen nituela neure aurreko liburuetan baino, eta uste dut geroz eta gutxiago epaituko ditudala, nire asmoa delako zirrara, ezinegona, bortizkeria edo halako aldarte berezi bat sortzen didaten errealitate-puska horiek ahalik eta modurik gordinenean ematea, anker jokatu gabe, tematu gabe pertsonaien eta pertsonen akatsekin, baizik eta korapilo diren kontraesan horiek azaleratuz. Azken batean, meategi bat egoten da kontraesanetan; epaileek baino askoz ere bazka handiago ematen diote irakurleari, hainbat eta hainbat bide zabaltzeko bere pentsamenduan, irudimenean eta literatura gozatzeko eran. Beraz, kontraesan horiek ahalik eta modurik aberatsenean erakustea lortzen baldin badut, iruditzen zait hor badagoela lotura bat, edo amu bat baduela irakurleak heltzeko ipuinari, eta jarraitzeko bukaeraraino. Agian, tonu-aldaketa hortik dator.
Tonu malenkoniatsua dario Katu jendea kontakizunari, ihes egiten utzitako aukerarengatik, bi bizilagunen arteko harremana euren katuenaz ironikoki metaforizatua. Itzulpen guztietan, baina, desagertu egin da azken esaldia («Desioaren usaina zen, hiltzen uzten denean»).
Bai, kendu egin nuen itzulpenetan. Euskarazko bertsioan ere zalantza handiak nituen, ipuin hori idatzi nuenean, idazten hasi aurretik azken esaldia neukan, baina, gero, ipuina idatzi nuenean iruditzen zitzaidan soberan zegoela. Aukera eduki nuenez gaztelerara itzultzeko, eta ni ez naizenez batere ortodoxoa itzulpenekin –seguraski, asko ikaratuz–, aukeratu nuen batean ematea esaldiarekin, eta bestean esaldirik gabe. Gaur egun ez dakit zer egingo nukeen, berriro idatziko banu. Iruditzen zait berriz ere egongo nintzatekeela erdibidean. Batak uzten du besteak baino irekiagoa, eta badirudi gaur egun moda dagoela ipuinak irekita utzi behar izateko. Baina ez nago batere ados literatur moda kontuekin; gustatzen zaizkit ipuin irekiak, gustatzen zaizkit ipuin itxiak, ez zait iruditzen batzuk besteak baino hobeak direnik. Gauza bat da murtxikatuta ematea dena irakurleari, hori ez zait gustatzen, baina zuk uzten dituzunean hariak solte, ateak irekita, irakurleak parte har dezan lerro artean dagoen hori interpretatuz, bukaerak ez dio zertan eman edo kendu, ez dizkizu zertan ondorioak atera esaldi bakar batean.
Hizkera literarioa da zenbait euskal idazleri sekulako kezkak sortzen dizkieten gaia. Koldo Izagirrek esana du «idazlea idazteko problemak dituen pertsona dela», eta «hizkera pedagogikoan jausi nahi ezik iritsi naiz estilo esan litekeen horretara». Uxue Apaolazak dio «ez dut nahi irakurleak esaldiaren bukaera jakin dezan hasi orduko», eta «diskurtso eginak, bukatuak, ziurtasuna ematen dizutenak» puskatzea duela helburu haren literatur programak. Antzeko helburua antzeman da zure obran. Hala ere, esana duzu hizkera literarioaren kontua ez zaizula bereziki interesatzen. Ez al duzu edukiaren eta formaren arteko loturaren arazorik sentitzen?
Zintzoki esandako zerbait da, nire lagun idazle edo literaturzale batzuk kezkatuta hasten dira hori esaten dudanean. Nik liburu asko irakurri ditut oso ongi idatzita daudenak, baina ez zaizkidanak piperrik interesatu, eta oso txarrak iruditu zaizkidanak. Beraz, nik bataren edo bestearen artean aukeratu behar dudanean, ez dut hizkuntzaren aldeko hautua egiten, inolaz ere. Biak uztartuta baldin badatoz, bikain, baina, hain justu, gure hizkuntzaren arazoetako bat hori dela jakinda (erregistro-faltarena), ni saiatzen naiz hori konpontzen ez hizkuntzaren bidetik, baizik eta literaturarenetik. Trakeskeria daukan, baina ona den liburua, istorioa ongi kontatuta baldin badago, hunkitzen, haserretzen, mugiarazten banau nagoen tokitik, chapeau. Oso ongi idatzita, baina ezer kontatzen ez duten edo, niretzat, literatura ez diren liburu horiek hor egongo dira euskal terminologia edo euskal lexikoaren corpuserako, oso ondo, baina niri ez zait interesatzen hori egitea. Irakurri hori irakur dezaket, batzuetan gustatu egiten zait hizkuntza-festa bat, besterik gabe, nahiz eta beste ezer ez egon. Maila gorena da biak uztartzen direnean, baina oso gutxitan gertatzen da herri honetan.
Nik liburu asko irakurri ditut oso ongi idatzita daudenak, baina ez zaizkidanak piperrik interesatu, eta oso txarrak iruditu zaizkidanak. Beraz, nik bataren edo bestearen artean aukeratu behar dudanean, ez dut hizkuntzaren aldeko hautua egiten, inolaz ere.
Hizkera literarioaz gain, Euskal Herriko hizkuntza-gatazkak ere berebiziko arazoak sortu ditu euskal idazlegoan. Ugalderengandik eta Saizarbitoriarengandik hasita, erdal errealitatea euskal literaturara ekartzean erdaraz, zuzenean, ematera jo izan duzue hainbat idazlek. Egiantzekotasunaren printzipioa mekanikoki aplikatzetzat jo daiteke hori. Izan ere, egongo dira literatur baliabideak hizlaria erdalduna dela adierazteko, haren hitzak erdaraz zuzenean eman gabe.
Nik bietara egin dut. Hasieran, Eta handik gutxira gaur-en, gazteleraz ematen nituen, baina, adibidez, Katu jendea ipuinean euskaraz ari dira. Katu jendea-n, haien arteko jarduna nire buruan frantsesez gertatzen da, nahiz eta gizonezkoa Ipar Euskal Herrikoa izan, eta emakumezkoa, jatorriz, Hego euskal herritarra, baina dialogo guztia euskaraz dago. Eta handik gutxira gaur-en dialogo batzuk frantsesez, eta beste dialogo batzuk espainolez daude. Nik uste dut kontakizunak eskatzen duela bata edo bestea egin. Batzuetan arazoa da niretzat, baina beste askotan ez da arazo; ez daukat irizpide markatu, zurrun eta finko bat, sistematikoki hori aplikatzeko. Izatez, esango nuke askotan gertatzen dela irakurtzen duzula testua, eta on egiten dio frantsesez zerbait irakurtzeak irakurleari, edo espainolez, edo ingelesez, eta, beste batzuetan, kalte. Nik uste dut istorioak berak, kontakizunaren erritmoak berak markatu behar duela hori, ez hainbeste arau batek, non denak jarriko ditugun euskaraz, nahiz eta polizia espainola izan, Andaluziatik etorria, edo guardia zibila. Askotan da testuaren araberako zerbait, ez dago errezetarik. Edo agian badago; nik ez dut aurkitu. Dena da posible nire mundu horretan. Emaitza ikusi behar da.
2007an Utikan Euskadi Sariak manifestua izenpetu zenuen. Agiria bere horretan irakurrita lauso geratzen zen zer salatu nahi zenuten. Zure iritziz, aldatu egin da euskal sistema literarioaren egoera, ordutik hona?
2007an bazegoen girotxo bat manifestu hori sinatzeko, bazegoen saretxo bat, eta esango nuke gaur egun ez dagoela. Bazeuden zumitz batzuk sari hori izan zedin emana euskal literaturak duen aniztasuna kontuan izan gabe. Nik uste dut garai hartan polita izan zela tenkatze bat sortzeko; jakin ere ez dakit horregatik izan zen, kasualitate izan zen, edo astroak ongi lerrokatu zirelako izan zen, baina gauza batzuk aldatu ziren Euskadi Sarien inguruan, eta, niretzat, hori ongi etorria da; sari bat izaten jarraitzen du, eta hori onartu dutenak oso ondo iruditzen zait onartu izana, zeren eta, azken batean, diru puska bat den hori, eta idazlea izatea oso zaila da, batez ere idazgintzatik bizi baldin bazara. Gaur egun, uste dut zumitz horietako batzuk aldatu direla, eta, nolabait, zabaldu egin dela euskal literaturaren espektroa aintzat hartzeko bidea. Topiko handi bat esango dizut, baina ez zaizkit bereziki interesatzen sariak, eta, askotan, kalte ere egiten diote mesede baino gehiago, ez idazlearen poltsikoari, baizik eta idazlearen idazgintzari. Areago, esango nizuke orain 2007an baino gutxiago interesatzen zaizkidala sariak. Nik uste dut idazleak eduki behar duela arroztasun puntu bat hizkuntzarekiko, baina baita munduarekiko ere, eta baita parafernalia horrekiko guztiarekiko ere. Eduki behar du halako autismo puntu bat, eta, aldi berean, sentiberatasun muturreko bat, eta geroz eta konbentzituago nago, azkenean, borroka nork bere buruarekin duela, idazten duenean; ematen diren borroka handiak, literaturan ere, norberaren barruan ematen dira. Horri heldu behar zaio, eta ez hainbeste kanpoko eragileei, zeinek askotan balio baituten gure barruko borroka horiek estaltzeko, eta, agian, ez emateko daukaten garrantzia. Eta, batzuetan, oso kontra agertzea da, hain justu, oso inplikatua egoteko modu bat, aparte ez mantentzeko modu bat ere. Horrek ere ez du laguntzen idazten. Erdibide bat aurkitzea interesgarria iruditzen zait, eta oso zaila.

Erlazionatuak

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan