Xabier Montoia

2015-09-30 Elkarrizketak

 
 
Xabier Montoia (Gasteiz, 1955) musikari, olerkari eta idazlea da. Historia da haren narraziogintza zeharkatzen duen motibo nagusietako bat, Hilen bizimoldea trilogia lekuko, Hezur gabeko hilak (Susa, 1999), Blackout (Susa, 2004) eta Elektrika (Susa, 2004) eleberriek osatua, XX. mendeko Frantziako Errepublikako historia belikoaren metafora hunkigarria, Ipar Euskal Herritik begiratua, edota Golgota (Elkar, 2008) nobela. Gaur egungo Euskal Herriko gatazka politiko-sozialei ere ez die izkin egiten Montoiak, Denboraren izerdia (Elkar, 2003), Azken afaria (Susa, 2013) eleberriek, edota Baina bihotzak dio (Elkar, 2002) eta Euskal Hiria sutan (Elkar, 2006) kontakizun-bildumek argiro erakusten dutenez. Maisuek duten erritmoaren senaren jabe, gaurko euskal letren narratzaile handienetako bat dugu Montoia. Hondamendia kontakizun-bilduma da labean duen azken lana. Martxoaren hasieran harekin solastatzeko parada izan genuen, Donostiako kaiko taberna batean.

 

Zer idazten ari zara orain?
Orain bukatzen ari naiz liburu bat, Hondamendia deituko dena, ez dakit zer den ere: ipuinak-edo dira, kontakizunak; baina, beno, ni pixka bat neure buruarekin harrituta nago, orain arte ez dudalako inoiz horrelako tonuan idatzi. Liburu oso harrigarria da, hasi zen oso-oso gutxitik, eta, idatzi ahala, handitu egin da.
 
Zer nolako ipuinak dira?
Ni, orain arte, eremu nahiko errealistan mugitu naiz, eta, oraingo honetan, lehen aldiz –inoiz ez nuen pentsatuko–, zera fantastikoak ere dosi txikitan (batzuk, ez denak), neure betiko bidetik irten naiz. Beno, interesgarria da neure burua harritzea, orain, hainbeste urtez idatzi eta gero.
 
Esperimentalista kutsuko ipuinak?
Ez dakit, hori irakurleak esango du. Nik uste dut istorio bakoitzak aurkitu behar duela, idealki, behintzat, bere adierazpide propioa, eta ez gauza guztiak edo antzeko gauzak behin eta berriz errepikatu. Istorio bakoitzak badu bere forma, eta idazlearen lana da forma hori aurkitzea. Gehienetan ez da aurkitzen, baina aurkitzen denean… Hori da sortzen duen edonoren ahalegina, buruan zer daukan, eta, gero, egin ahala, zer sortzen den hartatik.
Ni, orain arte, eremu nahiko errealistan mugitu naiz, eta, oraingo honetan, lehen aldiz –inoiz ez nuen pentsatuko–, zera fantastikoak ere dosi txikitan (batzuk, ez denak), neure betiko bidetik irten naiz.
Zer nolako gaiak agertzen dira liburuan?
Izenburutik garbi esaten da zertan datzan liburua: hasten da lehen ipuina, Hasiera deitzen dena, eta da hasiera, Biblian bezala. Eta hortik aurrera banoa… Liburuak bi zati dauzka, gehi epilogo moduko bat. Lehendabiziko zatian XXI. mendearen arteko kontuak, gutxi gorabehera historikoak batzuk, beste batzuk ez hainbeste. Jolas horretan. Eta bigarren zatia da gaur egun, eta, batez ere, gaur egunetik aurrerako ipuinak, beste garai batean…
 
Futuristak-edo?
Baina ez imajinatu martetarrik, plater hegalaririk, edo horrelakorik, ez dago objektu hegalari ezezagunik. Hori da, gutxi gorabehera, baina etorkizun nahiko hurbilean, ez beste planeta batzuetan, ez dago astronautarik, ez dago espazio-ontzirik.
 
Nola ikusten duzu euskal literaturaren gaur egungo egoera?
Oro har –gero, ñabardurak egin beharko genituzke–, inguruko literaturekin nahiko paretsu, gauza onetarako eta gauza txarretarako, normaltasun batean sartuta.
 
Gauza txarretarako, estandarizazio moduko bat egon dela?
Hori arriskua da beti, zaila da errail nagusitik ateratzea, sozialki, esan nahi dut. Sistema literario bat dago, lehen ez zegoena, baina sistema bat da, sistema guztiek bezala, bere alde onuragarriak eta bere alde, nire ustez, kaltegarriak dituena.
 
Zerk definituko luke errail nagusi hori?
Gainerako literaturetan, zer gertatzen da, gutxi gorabehera? Bada badagoela literatura-mota bat, bai kritikak, bai erakundeek, bai irakurleek ere onesten dutena, eta beste batzuk, ordea, ez hainbeste, dauzkaten mota askotako zailtasunengatik, ez doazelako arrasto nagusi horretatik.
 
Uxue Apaolazak esana da euskal literaturan gaiak eta kezkak klase ertainarenak izaten direla.
Egia da hori gertatzen dela, baina baita hori gertatzen dela –nik dakidala, behintzat– ia mundu osoan ere. Langileei buruz idazten duten idazleak bakanak bururatzen zaizkit, oso-oso gutxi. Gauza bera gertatzen da zineman: langileak-eta noren filmetan agertzen dira? Ken Loachenetan, Dardenne anaienetan, Guédiguianenetan, eta beste bakan batzuenetan.
 
Badago motibo bat zure obra zeharkatzen duena: traizioa.
Bai, hori esaten didate beti. Hala izango da, noski, baina nik ez dut modu kontziente batean egiten. Ni ez naiz hasten idazten pentsatuz: orain traizioari buruzko nobela bat, edo ipuin bat, idatziko dut; istorioa bururatzen zait.
 
Azken afaria nobelan amaieran agertzen da, nolabait, gai hori, finale con brio moduko bat balitz bezala: bere lagunak salatu zituelako egin zuen bere buruaz beste Enekok…
Benetan gertatu zen, istorio hori benetakoa da goitik behera. Nik ezingo nuke horrelako istorio bat asmatu. Niretzat, liburu horretan zailena izan da errealitatea nobelatik kanpo mantentzea, errealitatean benetan gertatzen zena paperean ez baitzen sinesgarria.
 
Hilen bizimoldea-n edota Denboraren izerdia-n konbertsioa edo eraldaketa agertzen da. Hezur gabeko hiletan anarkista zena, Blackout-en kolaboa da.
Nik esango nuke nire gaia gehiago dela hori traizioa baino, bilakaera hori, nola pasa gaitezkeen –edonor– mutur batetik bestera, erraz. Horrek beti harritu eta erakarri nau, pertsonalki.
 
Eleberri batetik bestera elipsi moduko bat dago, eta ez dakigu zer dela-eta eraldaketa hori. Etxegoienek zauritua dagoen bere lagun errusiarra abandonatzea izan liteke trantsiziogunea.
Arazo bat eduki nuen bukaera horrekin. Buka nezakeen protagonistak hiltzen, baina errazkeria iruditzen zitzaidan. Hiltzen duzu heroia, eta, noski, bukatu behar da nobela, filma edo dena delakoa. Baina ez nuen bukaera moralizante bat eman nahi. Orduan, hori iruditu zitzaidan, dramatikoki, bukaerarik indartsuena, eta nahiko irekia. Tipoa badoa. Zergatik? Irakurleak ere idazten du nobela. Beraz, irakurleari espazio bat, toki bat, utzi behar zaio nobela osatzeko.
 
Hezur gabeko hiletan interesgarria iruditu zitzaidan gerraren absurdoa irudikatzeko protagonistak nobela guztia, berrehun orrialde, ia amaieraraino lubaki berean pasatzea.
Bai, noski. Ez nuen beharrik ikusten handik ateratzeko.
 
Nobela horretan badago kontraste bat: Etxegoien, anarkista baina euskofoboa dena, eta artzai euskaldun elebakar hori, agindu bat gaizki ulertu zuelako traidoretzat fusilatzen dutena. Kritikariren batek arreta handia jarri zuen hizkuntza-zapalketa erakusle horretan, baina niri ez zitzaidan iruditu horixe zenik eleberriaren muina.
Hain zuzen ere, irakurle bakoitzak nobela osatzen duelako, idazten duelako, bere erara. Eta irakurle bakoitzak nabarmentzen du bera gehien hunkitu duena, edo gehien erakarri duena, edo gehien pentsarazi diona.
 
Hilen bizimoldea-k XX. mendeko Frantziako historia belikoa du kontagai, baina Ipar Euskal Herritik ikusita. Alde horretatik, historia beti leku konkretu batetik abiatzen dela nabarmentzeko egokia iruditzen zait hizkuntza-zapalketa ere agertzea, baina ez dut uste hori denik trilogiaren Leitmotiv-a.
Nire ustez, ez. Baina, aukeran, nahiago dut hori laino batean utzi. Bidea hor nonbait dago, bila ezazu. Edo, bat baino gehiago egonez gero, aukeratu zure gustukoena.
 
Interesgarria da ez duzula –edo ez oso modu nabarian– konbertsoa epaitzen.
Ez, epaitzeko autoritate handia izan beharko nuke, inoiz izan ez dudana eta izango ez dudana. Eta, batez ere, nire ustez, idazlearen lana ez da hori. Areago: nik uste dut idazlea ez badago bere pertsonaien alde –idazten ari den bitartean, behintzat–, ez dagoela literaturaz hitz egiterik. Nahiz eta izan Hitler edo torturatzaile bat, idazterakoan, harekin egon behar duzu.
 
Azken afaria-ren lehen atalari antzerki-kutsua dario.
Bai, antzerkiaren ezaugarri guztiak dauzka: badago toki bakarra, barne horretan hartuta solasean. Beraz, antzerki-funtzio bat.
Nik uste dut idazlea ez badago bere pertsonaien alde –idazten ari den bitartean, behintzat–, ez dagoela literaturaz hitz egiterik. Nahiz eta izan Hitler edo torturatzaile bat, idazterakoan, harekin egon behar duzu.
Nik dakidanez, inoiz ez duzu antzezlanik idatzi.
Behin ere ez, baina beste nobela batzuetan, Blackout-en-eta, saiatu nintzen elkarrizketaren bitartez garatzen nobela, informazioa ematen. Han ere bazegoen antzeko zerbait –ez hainbeste–, hura ere solas moduan emandako nobela da.
 
Azken urteotan idatzi duzun obrarik laudatuenetariko batek, Euskal Hiria sutan kontakizun-bildumak, eduki filosofiko-politiko handia dakar.
Uste dut edozein obrak eduki politiko handia daukala, baita Mickey Mouse-k ere, batez ere Mickey Mouse-k.
 
Nola bururatu zitzaizun Euskal Hiria-ren kontzeptua literaturara eramatea?
Hori, niretzat, bai dela kontu politiko bat. Hasteko, Euskal Hiria kontzeptua ez da Atxagarena. Nik, behintzat, Atxagak aipatu baino askoz lehenago irakurri nion soziologo bati, Justo de la Cuevari. Haren ustez, Euskal Herri osoa hiri handi bat zen, ez izan beharko lukeela, izan, bazela. Berak kontatzen zuen, bere ustez, zer zen gaur egun Euskal Herria. Gero, Atxagaren kontzeptua beste batzuei oso ondo etorri zitzaien, nire ustez, politika erreakzionarioak eta beren interesen aldekoak bultzatzeko eta zuritzeko, modu teorikoan. Nirea hortik doa. Horregatik da Euskal Hiria sutan.
 
Atxagak, kontzeptu hori erabiltzean, hiri eta herri kontzeptuen arteko kontrajartzearekin jolastu zuen, euskal liberalen eta karlisten arteko gatazka irudikatzeko. Zuk, aldiz, seriotan hartu zenuen zer den hiria gizarte kapitalistan, eta garatu zenuen literarioki. Brechten hasierako aipuak («Von diesen Städten wird bleiben: der durch sie hindurchging, der Wind!»)1 egoki iragartzen du zer etorriko den…
Nire ustez, hor dago koska. Aipu horretan dago liburu osoa1. Liburua hasten da benetan gertatu zen kontu batekin.
 
Benetan gertatu zen Amiotu narrazioan kontatzen dena?
Gertatu zena da lehendabiziko lerrokadarena: tipo batzuk pankarta batekin [«Euskal Hiria: kapitalismoaren taula joko berria. Txikizioa gelditu. AHTrik ez» dioena]. Argazki hori ikusi nuen, eta jada lehendabiziko gaia: abiadura handiko trena; egitasmo desarrollistei eztenkada bat, hiperkapitalismoaren aroa, xahutzea. Beno, daukaguna.
 
Istorio horretan kontatzen diren gainerako gorabeherak, baina, ez dira errealitatean jazotako gertaeretan oinarritutakoak izango, ezta?
Gainerakoa fikzioa da, baina horiek eta okerragoak gertatu izan dira. Hemen. Istorioa ez da guztiz benetakoa, baina izan zitekeen, eta okerragoa ere izan zitekeen, eta izan, izan da. Fikzioa orekatzailea da.
 
Eraikitzaileen eta politikarien arteko loturak nabarmenak dira oso, errealitatean, azken boladan ezin ageriago geratu denez. Baina eraikitzaileek hiltzaileak kontratatzea jendea akabatzeko, beren negozioek aurrera egin dezaten…
Jakina egiten dutela hori.
 
Euskal Herrian ere bai?
Egin dute, noizbait. Garai batean, entzun eta irakurri ziren zenbait tokitan hau eta beste gertatu zirela… Gauza horiek idaztea niri ez zait bururatzen. Nik irudimen urria daukat. Beharbada gauza batzuk entzun zenituen duela hogei urte, eta garuneko biltegi horretan zeuden, jakin gabe hori zegoenik, eta, bat-batean, agertu egiten dira. Baina hor egon dira, beratzen, saltsa horretan, urtetan. Eta, bat-batean, behar denean, prest zegoenean, agertu egiten dira. Horrelako zerbait.
 
Euskal Hiria sutan bilduman, Atxagari emandako erantzuna edukian zein forman gauzatua da.
Ez da Atxagari emandako erantzuna, bereziki. Atxaga elementu sinboliko bat da. Ez da Atxagaren kontrako liburu bat, inolaz ere. Izatekotan, gure ergelkeriari buruzkoa da, eta gure miseriari buruzkoa, guztionari buruzkoa.
 
Liburuaren antolaketaren egitura Obabakoen ‘Azken hitzaren bila’ atalari jarraitu eta areagotutakoa da, narrazio bana alfabetoko letra bakoitzerako, eta hurrenkera alfabetikoaren arabera kokatuta…
Hala bada, ez nuen gogoan, eta, oraintxe bertan, ez dut gogoan.
 
Bestalde, Atxagak aldarrikatzen duen Euskal Hiri miragarri hura, alde batetik, eta, bestetik, Obabakoak bilduman herriaz ematen duen ikuspegia ezkorra da oso; herriko jendea ezjakilea da, itxia, sineskerietara emana…
Karlistak, alegia.
Euskal Hiria sutan ez da Atxagari emandako erantzuna, bereziki. Atxaga elementu sinboliko bat da. Ez da Atxagaren kontrako liburu bat, inolaz ere. Izatekotan, gure ergelkeriari buruzkoa da, eta gure miseriari buruzkoa, guztionari buruzkoa.
Euskal Hiria sutan bildumaren kasuan ondokoa iruditu zitzaidan interesgarria: sasidikotomia horretatik ihes egin, eta hiriaren kontzeptua bera problematizatu, tradizio marxista lagun.
Hori izan da nire asmoa, nahiz eta orduan horrela teorizatua ez eduki, baina, a posteriori, horrela iruditzen zait. Teoriarako oso txarra naiz, inoiz ezin izan dut modu koherente batean diskurtso bat antolatu. Horregatik egin dut fikzioa, ez naizelako gauza burutik pasatzen zaidana sistematizatzeko.
 
Ikuspegi soziolinguistikotik, Euskal Hiria sutan eta Azken afaria alderatuta, badago gauza bat deigarri egin zaidana: Euskal Hiria sutan euskara hutsezko liburua da, eta bertan polizia torturatzaileek ere euskaraz egiten dute; Azken afaria-n, aldiz, Felix Goñik ertzainekin-eta aritzean, gaztelerara jotzen du. Zer dela-eta bi liburuen arteko hizkuntza-irizpide aldaketa hori?
Nobelaren une horretan, bera artean pertsona ‘normal’ bat da. Alegia, inork esan gabe badaki poliziari erdaraz egiten zaiola, medikuari erdaraz egiten zaiola, nahiz eta bera euskalduna izan, eta bere lagunekin euskaraz egin, baina badaki autoritatearekin erdaraz egiten dela.
 
Baina Yin kontakizunean…
Esan dizut lehen: nire ustez, istorio bakoitzak aurkitu behar du bere forma. Batzuetan aurkitzen da; beste batzuetan, ez. Orduan, tarte hartan, distantzia hartan, liburu hartan, nire ustez, horrela egin behar zen, euskaraz, eta hika. Baina honetan, ez. Helburuak beste batzuk ziren. Beraz, bideek, estrategiek, beste batzuk izan behar zuten. Yin-en kasuan, hizlaria ertzaina da. Ez da esaten, baina ertzaina izan da beti nire buruan, ez txapelokerra.
 
Dena den, nahiz eta pertsonaia erdalduna izan, bada erdaraz bizitakoa euskaraz emateko baliabiderik.
Bai, noski.
 
Horretarako, Yin narrazioan hizlaria hika aritzea baliabide oso trebea begitandu zitzaidan, lagunen arteko hizkera irudikatzeko, pertsonaien hizkuntza zeinahi dela ere.
Noski. Orain, adibidez, idazten ari naizen horretan berriz antzeko zerbait egin dut, baita hika ere. Baina, esaten dizut, egiten ari zaren horren arabera aukeratzen duzu bide bat edo beste bat, estrategia bat edo beste bat. Idazterakoan, hori da zailena. Seguru asko, pintore batek pintatzen duenean koadro bat, eta, gero, beste bat, eta, gero, beste bat, eskua egiten du, eta teknika egiten du. Edo musikari batek. Baina idazle batek ezin du: istorio bakoitzak jarriko dizkio oztopo ezberdinak, eta ikasitakoak ezer gutxi lagunduko dio. Hori da niretzat gogorrena: ahalegin hori aldi bakoitzean egin beharra, hutsetik hastea. Zure asmoa beharbada halakoa da, bada aurrekoan ondo idatzi nuen horrela, eta funtzionatu egin zuen, bada orain ere funtzionatuko du. Bada seguru ezetz. Ez da horrela, ez da automatikoa, ez dago determinismorik, oso aleatorioa da.
 
Yin kontakizunaren kasuan, zein da izenburuaren zentzua?
Nire eskarmentuak irakatsi didana izan da gauza guztiak, mundu honetan, batera doazela, onak eta txarrak, onuragarriak eta gaitzesgarriak, bizia eta minbizia, bizia eta heriotza. Eta ezin duzu esan «bakarrik erdia nahi dut». Ona nahi baduzu, txarra ere nahi duzu. Guztiok izan gaitezke munstroak. Kasu horretan, tipo hori izan daiteke –eta, gainera, izango zen, seguru– aita eredugarria, baina, gero, pizti bat.
 
Zure obra irakurrita, beste kontu bat begi-bistakoa dena euskalkien erabilera joria da, batez ere nafarrerarako eta nafar-lapurterarako joera.
Nik batuaz idazten dut, baina, niretzat, batua ez da gipuzkera. Beraz, hiztegian erabiltzen badut Nafarroakoa edo Lapurdikoa, neure ustez, batuaz ari naiz. Zergatik esan behar dut beste, eta ez bertze? Niretzat, biak dira nire hizkuntzakoak. Zergatik aukeratu behar dut hau? Aukeratuko dut kontatu nahi dudanaren arabera, edo pertsonaien arabera; beratarrak baldin badira, ez dute hitz egingo bermeotarrek bezala. Niretzat, ez lirateke sinesgarriak izango. Orduan, nik ez badut sinisten, irakurleak nola sinistu behar ditu? Eta, horretaz gain, euskal literaturan dagoen tradizioa, ia osoa, molde horretan idatzita dago, eta, gainera, niri, pertsonalki, molde zoragarria iruditzen zait, estetikoki ederra, bete egiten nauena. Miretsi egiten dut tradizio hori, gure klasikoak dira.
Nire eskarmentuak irakatsi didana izan da gauza guztiak, mundu honetan, batera doazela, onak eta txarrak, onuragarriak eta gaitzesgarriak, bizia eta minbizia, bizia eta heriotza. Eta ezin duzu esan «bakarrik erdia nahi dut». Ona nahi baduzu, txarra ere nahi duzu. Guztiok izan gaitezke munstroak.
Euskal Hiria sutan bilduma zela-eta, Euskadi Saria eman zizuten. Zer iritzi duzu Euskadi Sariez?
Dirua, zoragarria. Nik ere ordaintzen dut sari hori; ematen didatenean, eta ematen ez didatenean.
 
Eta sariak esleitzeko irizpideez?
Sariez, oro har –ez bakarrik Euskadi Sariaz–, pentsatzen dudanean, saria ematen duenak, benetan, bere buruari ematen dio saria, idazle baten bitartez, edo pintore baten edo ez dakit noren bitartez. Publizitate-mota bat da, merkea, gainera: «begiratu, nik kultura bultzatzen dut, ni mezenas naiz». Eta Euskadi Saria, sainete bat, asuntu osoa, epaimahaikidekoak, zein egoten den, nola beti izaten diren berdintsuak. Hemen, beti baimena eman dutenak: «hau, bai, hau, ez; hau gutarra da, hau, ez». Eta, batez ere, neure burua ikustea lehendakariarekin batera… «Eskerrik asko», kamerak, jatorrismo hori, «zer ondo gauden hemen, denok batera…».
 
Zer demokratak garen…
Hori da.
 
«Disidentzia toleratu, eta saritu ere egiten dugu».
Badakit Ibarretxe haserretu zela, eta esan zuen zerbait diskurtsoan nire kontra, nire izena aipatu gabe, zeharka, ez agertzeagatik; ez liburuarengatik (seguru asko, liburua ez zuen irakurri ere egin). «Sari nazionala da, nola egin muzin horri?».
 
Jon Alonsok idatzi zuen artikulu sonatu bat Euskadi Sarien inguruan.
Ados nengoen %100ean.
 
Saria zuri eman baino hilabete batzuk lehenago Utikan Euskadi Sariak manifestua plazaratu zuten hainbat idazlek. Zuk izenpetu ez bazenuen ere, interpretazio maltzurra eginez, esan liteke, agian, saria zuri ematea excusatio moduko bat izan zela…
Hori epaimahaiari galdetu behar.
 
Garai batean, rock radical vasco delakoaz zera esan zenuen: «niretzat, rock erradikala zaharra zen sortu zenean ere, eta ez zen batere erradikala, ez zen ia-ia rocka ere; bakarrik zen vasco, eta ez euskalduna».
Oraintxe bertan esango nuke berriz. Hori da pentsatzen dudana. Punkaren bigarren belaunaldiari jarraitu zion, nire ustez, hasierako, benetako punka zapuztu zuen belaunaldiari: Antipasti, Exploited, Sham 69, Cockney Rejects, eta halako taldeei. Musikalki, estetikoki, ez zen batere erradikala, nahiko oinarrizko rocka. Oso kaskarrak ginen guztiok. Gero, bai, jendeak ikasi zuen jotzen, baina, hasieran… Eta azkena, nabaria da: euskaraz, nork egiten zuen, hasieran? Kortatuk erdaraz egiten zuen, Barricadak erdaraz egiten zuen, RIPek erdaraz egiten zuen, Eskorbutok erdaraz egiten zuen. Euskaraz egiten zutenak Zarama ziren, eta, gero, Hertzainak. Eta gero jende gehiagok, baina hasieran horrela izan zen. Horregatik esan nuen hori.
Hertzainak taldearen historia ez dut oso neure sentitu inoiz. Hasiera batean, oso inplikatuta egon nintzen, baina, gero, joan nintzen urruntzen, eta orain iruditzen zait oso gauza urruna.
Esaldiak harritu egin ninduen, askok Hertzainak rock radical vasco-tzat jo izan baitute…
Eta seguru hori izan zirela, baina ni ez nintzen oso luze egon. Hertzainen historia ez dut oso neure sentitu inoiz. Hasiera batean, oso inplikatuta egon nintzen, baina, gero, joan nintzen urruntzen, eta orain iruditzen zait oso gauza urruna.
 
Zuek rock radical vasco-tzat hartzen zenuten zeuen burua?
Ez, hori etiketa bat zen. Inork ez zuen inoiz bere burua horrela definitu, eta, gainera, talde gehienei ez zitzaien gustatzen etiketa hori. Garai hartako elkarrizketak hartzen badituzu, ikusiko duzu talde gehienek esaten dutela: «gu, ez». Inork ez zuen rock radical vasco izan nahi. Orduan; orain, beharbada, bai, baina orduan, ez. Iruñeko tipo bati bururatu zitzaion etiketa bat behar zela, eta funtzionatu egin zuen.
Oharrak
1.    «Hiri horietatik zera geratuko da: beroriek zeharkatzen duena, haizea!» (Vom armen B. B., 1922ko apirilaren 26an idatzitako olerkia, 1927an argitaratua in Bertolt Brechts Hauspostille. Propyläen, Berlin).

Egin zaitez Jakinkide

Hemen duzu Jakinen ondare guztia. Eta gehiago. Euskal kultura elikatzen eta biziberritzen jarraitzeko berritu dugu Jakin. Eta, orain arte bezala, Jakinen hartzaileok izango zarete gure sostengua.

Egin Jakinkide
igoEdukieraren hasierara joan